Mende erdi baino gehiago daramate Urdulizen rabu-kazola dastagarrienak prestatzen eta hoberena zein den erabakitzen. Hala ere, Javi Otegi herritarrak azaldu duenez, lehiaketa hori ospakizunaren bigarren plano batean gelditzen da Rabu Egun berezian: benetan garrantzitsuena herrikoek Urdulizen bertan egun-pasa atsegina igarotzea da: "Bizitza osoko jai horrek balio handia du urduliztarrentzako".
Alabaina, aurten, hainbat berritasun izango ditu Rabu Egunak: uztailaren 11n, barikuan, Onintzerentzako omenaldi berezia egingo dute, Beti Lagunak Urduliz abesbatzaren eskutik, arrastiko 20:00etan. Bestalde, urtero-urtero, Rabu Txapelketaren norgehiagoka Urdulizko landan izan da. Ordea, urte honetan, jaia Antsonekoa plazan izango da, landa obretan dagoelako. Otegik azaldu du Udalagaz koordinatuko direla eguna ondo kudeatzeko eta jendea era egokian enparantzan sartzeko. Hala ere, onartu du aurten guztia berria izango dela eta ez dakitela zenbat jende etorriko den festara.
Rabua prestatzen esperientzia luzea du, horregatik, kazolarik onena egiteko sekretua zein den galdetu diogu: "Saltsa eta produktu ona eukite. Saltsa trankil ein, saltsa ondo egiteko denpora emon bizulako. Baina onena-onena da produktu ona erabiltze". Hala, berarentzako egun honen gauzarik garrantzitsuena herriko jendeagaz elkartzea da, horrek egiten duelako eguna berezi: "Urte pila bat daru bueltaka, eta egun horretan jente herrikoa alkartze gare hor".
Halaber, Rabu Txapelketaz gain, musikak eta dantzak ere leku berezia izango du uztailaren 12an: goizeko 09:00etatik aurrera, txistulariak Urdulizko leku ezberdinetatik ibiliko dira festa girotzen. Era berean, 12:30ean, Iratxo Gorriaren dantza ekitaldi handia egingo dute. Jai egun bereziari amaiera emateko, 17:30eko sari-banaketaren ostean, Eingo taldeak urduliztar guztiak dantzan jarriko ditu Rabu Eguna hurrengo urtera arte agurtzeko.
Egitaraua
Uztailak 11, barikua
- 20:00 Onintzerentzako omenaldia, Beti Lagunak Urduliz abesbatzaren eskutik.
Uztailak 12, zapatua
- 07:30 Txupina eta jaiaren hasiera.
- 09:00 Txistulariak herriko toki ezberdinetatik, izen-emate irekia.
- 12:30 Iratxo Gorria dantza taldearen ekitaldia.
- 12:45 Izena emateko epearen amaiera.
- 13:30 Kazolen aurkezpena eta epai-mahaiaren xede-hartzea.
- 17:30 Sari-banaketa. Jai bukaera Eingoren eskutik.