Kuadrilla irabazlea izatearen ohorea jaso zuen joan den urteko jaietan Gozokitos taldeak, eta aurten, jaien hasierako protagonista izango dira. Txupina botatzeko arduraren aurrean "lasai" daudela diote, oraindino ez dutelako horretan asko pentsatu. Hala ere, sumatzen dute unea heltzerakoan urduritasuna ere ailegatuko dela. Irabaztea polita den arren, "kuadrillen artean sortzen hasi diren harremanei eta laguntasunari" garrantzia handiagoa ematen diote.
Nabarmendu dutenez, Urduliz iraganean ez zen gazte kuadrilla asko zituen herria: "Pandemiaz geroztik, eta herriak azken urteotan izan duen hazkundea dela eta, lagun talde gehiago daude: kanpotik etorritakoek sortuak, herriko gazte talde desberdinak, familiak, seme-alabak… Herria eta jaiak haztearekin batera, gure partaidetza ere handituz joan da, hasiera batean, gutxi batzuk ginen arren". Halaber, Urduliz gero eta biziago sentitzen dutela adierazi dute, baita nabarmendu ere hori antolatzaile, jai-batzorde eta egiten diren ekintzetan parte hartzen duten herritar guztiei esker dela.
Jaietatik gehien gustuko dutena sortzen den giro herrikoa dela baieztatu dute eta, hala, haiekaz ondo pasatzera datorren edonor beti ongi etorria izango dela iragarri dute. "Ekintza bat aipatu behar badugu? Playback-a, agian. Herritarrak oholtza gainetik gure dantza, antzerki eta txorakeriekin gozatzen ikustea mundiala da".
Bukatzeko, mezu bat bota gura izan dute Urdulizko jaiak oraindino ezagutzen ez dituzten lagunentzako: "Giroaz gozatzera eta jaiak hobeak egitera datorren jendea beti izango da ongi etorria gure herrian. Aurten ere gurekin disfrutatzera animatzen zaituztegu. Gora zuek! Gora Urduliz! Eta Gora Gozokitos!"