Elkarrizketak

"Esperientzia itzela izan da hainbeste taldetako umeak batzea eta beste herrialde batean lehiatu ahal izatea"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 18a, 17:08

Helsinkira bidaiatu zuen taldeko jokalariak Urdulizko futbol zelaian denboraldi honetan lortutako garaipena ospatzen.

Joan den astean, uztailaren 7tik 13ra, + Que Futbol Acamyko eskualdeko talde batzuetako jokalari gazteak Helsinkin (Finlandia) izan dira futbol-txapelketa bat jokatzeko. Kategoria bitan lehiatu dira: 2013 Elite eta 2012ko normala. Lehenengoan irabaztea lortu zuten eta bigarrenean final-laurdenetan Brasileko talde baten aurka galdu zuten. 

Imanol Gallego eta Alain Arroyo getxoztarrak eta Jonas Ramalho barakaldarra dira + Que Futbol Academy proiektuaren bultzatzaileak zein entrenatzaileak, eta Helsinki Cup jokatzera joateko bidaia antolatu dutenak. Azpimarratu dutenez, "esperientzia izugarria izan da, irabaztea lortu dugulako, baina baita umeek bidaiatzeko izan duten aukeragatik ere: turismoa egin dugu, futbolera beste herrialde batzuetako taldeen aurka jokatu dugu eta ume askok gurasoak gabe lehen aldiz bidaiatzeko aukera izan dute, hori guztia oso aberasgarria da".

Gainera, horren aurretik, ekainaren 21ean, Urdulizen Uribe Kosta Cup ere antolatu zuten lehengoz, eta inguruko sei talderen parte-hartzea izan zuten. Hurrengo urtean txapelketa hori handiagoa izateko prestatzen ari direla aurreratu dute.

Aurreko denboraldian ekin zioten euren proiektuari eta eskolan 6 eta 14 urte arteko umeak hartzen dituzte. "60 neska-mutil ditugu, eta hurrengo urtera begira gure asmoa hazten jarraitzea da, batez ere, neska gehiago erakartzea”, adierazi du Gallegok. Eskolako jokalariak inguruko hainbat taldetakoak dira: Astrabudua, Arenas... eta Urdulizko taldean entrenatu arren, azpimarratu dute ez daukatela lotura zuzenik talde horiekakaz. Arroyok azaldu duen moduan, beraien akademian aukera ematen dute umeakaz indibidualki eta modu zehatzean, teknikoki eta fisikoki entrenatzeko, talde handiagoetan bete ezin dituzten alderdiak osatzeko. 

Bidaiatzeko aukera gehiago

"Egia esan, Helsinkin lortu duguna izugarria da, bai emaitzen aldetik, guk ez dugulako talde bat entrenatzen, guk jokalariak indibidualki prestatzen ditugulako, eta gure lehen urtean hara joateko aukera izan dugulako ere. Joan aurretik, entrenamendu batzuk egin genituen, baina ez da guk bilatzen genuena; beraz, esan bezala, emaitza itzela izan da: batean garaipena eta bestean final-laurdenetara heltzea", goraipatu du Gallegok. 

Entrenatzaileek aurreratu dutenez, lehen aukera horrek ateak ireki dizkie aurrerago ere beste txapelketa batzuetara joan ahal izateko, eta Brasileko edo Europako beste lehiaketa batzuetara joateko proposamenak ere jaso dituzte. "Oraindik zuhurrak izan gura dugu, gutxika-gutxika joango gara, familientzat gastu handia baita; hala ere, seguru laster esperientzia errepikatuko dugula”, iragarri du entrenatzaile getxoztarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun