Urdulizko Kakalardoa lotsati samar aurkeztu da elkarrizketako lehenengo uneetan, baina bost minutu igaro ostean, hegoak erlaxatu ditu. Irribarre zabal bategaz, eta landaretxo bat jaten duen bitartean, jaietan agertu zen lehenengo aldia gogoratu du gugaz. "Oso urduri nengoen eta, aldi berean, oso hunkituta. Txupinazoaren eguna oso berezia izan zen guztiontzat, inork ez baitzuen espero ni bertan egotea. Herritarren aurpegietan harridura eta zoriontasuna ikusi nituenean, jakin nuen ordutik aurrera beti nire herriaren eta jaien parte berezi bat izango nintzela!". 1997an egin zuen lehenengo agerpen ahaztezina eta, harrezkero, udalerriko izar nagusia da. Jaietan zehar, ume, kuadrilla eta familia guztiak hurbiltzen zaizkio beragaz argazkiak egitera, eta baieztatu duenez, ilusio handia egiten dio. "Oso gustura egiten dut. Asko gustatzen zait kalejira herritarrakaz batera egitea eta urtero jende berria ezagutzea!".
Festetan guztiaz gozatzen du: "Uste dut egun bakoitzak bere une berezia duela: txupinazoa, playback-ak, herri-bazkaria, paellak... Jendea uneoro gozatzen ikustea da harrotasun eta poz gehien ematen didana". Jai-giroan ez dagoenean Santa Mariñeko haitzetan ezkutatzen dela konfesatu digu, barrezka. Antza, berak ere hainbeste osperen artean deskantsu bat behar izaten du.
Jairik jai, eta hainbeste urteren ostean, Kakalardoak Urduliz aldatzen ere ikusi du. "Hasi nintzenean, oso gutxi ginen jaietan parte hartzen genuenok, denak ezagunak ginen. Baina, orain, herrira jende berri asko etorri da. Urdulizek asko irabazi du, giro berria arnasten da herrian eta jarduera eta ekitaldi gehiago daude".
Hala, Kakalardoak berriro ere dena emango du Andra Mariko jai hauetan: txapela garbitu, antenak tentetu eta bere hegoak udalerri osotik astinduko ditu