Herritarren ekarpenak jasoz abiatuko dute Urdulizko HAPOren bigarren fasea

Ander Zarraga 2025ko urr. 13a, 13:32

Urdulizek gaur egun ez du HAPOrik, 2000.urteko arau subsidiarioa baizik.

Urdulizko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) bigarren fasea abiatu du, udalerriaren etorkizun urbanistikoa, soziala eta ingurumenekoa definitzeko asmoz. Urriaren 15ean, 18:00etatik 20:00etara, parte-hartze saio ireki bat egingo dute Urdulizko kultur etxean udalerriaren etorkizun-ereduari ekarpenak egiteko.

Lehen faseko diagnostikoaren eta herritarren ekarpenen ondoren, orain Aurrerakinaren irizpide eta helburu nagusiak zehaztuko dira. Hori gauzatzeko, herritarrakaz parte-hartze saio ireki bat egingo dute urriaren 15ean, eguaztenean, 18:00etatik 20:00etara, Urdulizko Kultur Etxean. Saio horretan, 3 eta 11 urte bitarteko umeentzako haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da saioan zehar; zerbitzua urriaren 13ra arte eska daiteke honako estekan:

Udal-iturriek gogoratu dutenez, Urdulizen indarrean dauden Arau Subsidiarioak 2000. urtekoak dira, 25 urte geroago, eta, gaur-gaurkoz, arau horiek berrikusten ari dira egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako HAPO bat sortzeko. Era berean, azpimarratu dute HAPO udal-tresna nagusia dela Urdulizko biztanleek gura duten etorkizuneko udalerri eredurantz aurrera egin ahal izateko.

Era berean, gaineratu dute prozesu osoan zehar herritarren parte-hartzea "oso garrantzitsua" dela, batez ere diagnostikoaren lehen faseetan eta Aurrerakin-fase honetan.  Hala. eguaztenean egingo duten topaketa horretan herritar guztiek izango dute aukera proposamenak egiteko eta etorkizuneko udalerri-ereduaren inguruan eztabaidatzeko: "Zer herri nahi dugu bizi, lan eta gozatzeko?"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun