Goiza txikienen esku egongo da. 11:00etan hasiko dira umeentzako tailerrak Metro geltokiko eta Antsonekoa plazan, 13:00ak arte. Bertan mozorroak, maskarak eta bestelako apaingarriak sortu ahal izango dituzte, gero kalean harro erakusteko.
Eguerdian, kaleak doinuez beteko dira; izan ere, 12:00etatik 14:30era poteo musikatuak giroa piztuko du Urkiak tabernatik abiatuta, Marutze frontoiraino.

Arrastian, mozorroak erakusteko unea iritsiko da! 17:00etan zabalduko dute lehiaketan izena emateko epea, eta 17:30ean hasiko da mozorro lehiaketa, kolore, irudimen eta umorez betetako desfileagaz. 19:00etan, ordea, familientzako antzerkia izango da: Etxean goxo ikuskizuna, adin guztietako ikusleei zuzendua.
Gaua iristean, festak beste erritmo bat hartuko du. 21:00etatik 02:00etara DJ Bolok jarriko du musika, saioa nagusientzat izanik. Baina, adi! Bertaratzen direnek edalontzia etxetik ekarri beharko dute...baita mozorroa ere!