Urdulizko euskara elkartea berpizten ari zarete. Zergatik erabaki duzue proiektu hau orain berreskuratzea?
Kontua da Urdulizen, 90eko hamarkadan Urdulizko Euskara Taldea zegoela. Proiektu horren atzean Iñaki Igartua edo Karmen Azurmendi bezalako kideak egon ziren. Aurten, garai hartako kide batzuk eta herriko lagun talde bat bildu gara, eta taldea berriro martxan jartzea erabaki dugu, gaur egungo errealitatera egokituta.
Izen berria ere aukeratu duzue: Orbizta. Zer esan gura du?
Bai, izen berria da. Urdulizen eta inguru honetan erabiltzen den hitza da "orbizta", eta euskara suspertzea, berriro indar berritan jartzea esan nahi du.
Nola ikusten duzue euskararen egoera herrian?
Urduliz asko hazi da azken urteotan, jende asko etorri da bizitzera. Datuen arabera, herritarren erdia baino gehiago euskalduna da, baina kalean euskarak ez du presentzia handirik. Hori ikusita, hausnartzen hasi ginen: euskaldunentzako elkarguneak sortu behar dira. Euskaldunen sarea eratzea da gure helburu nagusia.
Daborduko martxan zaudete eta hainbat ekintza antolatu dituzue, ezta?
Bai, badoaz gauzak mamitzen. Berbalagun taldeak martxan daude eta horrek asko lagundu digu komunitatea saretzen. Horrez gain, irakurle taldea ere dugu; ni hor nabil hor dinamizatzaile lanetan. Berbatxangoak ere antolatzen ditugu eta Iñaki Igartuarekin morfologia eta etxeko euskara lantzeko ikastaroak ere egiten ari gara.
Gazteei begira ere zerbait antolatuko duzue?
Gure asmoa aisialdirako jarduerak antolatzea da, ez bakarrik helduentzat, baita gazteei begira ere. Berriki Topagunea mugimenduak antolatutako gogoeta saioetan parte hartu dugu, herriko euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egiteko. Horrek asko lagunduko digu etorkizuneko proiektuak zehazteko.
Martxoaren 13an aurkezpen ofiziala egin zenuten. Nolakoa izan zen?
Oso ekitaldi berezia izan zen, eta ezin hobeto atera zen, jendetza hurbildu baitzen Urdulizko kultur etxeko aretora. Horretan, iragana eta etorkizuna uztartu genituen: lehengo euskara taldeko kideak eta kanpotik etorritako "etorkin" euskaldunak elkarrekin egon ziren.Horrez gain, antzerkia, musika, bertsolariak eta bideoak ere egon ziren. Herriko jendeak eta abesbatzak ere parte hartu zuen. Horrez geroztik jaso genuen feedbacka oso positiboa izan zen.
Bukatzeko, nola jarraitu dezakegu zuen berri?
Badaukagu webgunea martxan eta gure ekimenen berri ematen joango gara horretan eta sare sozialetan. Garrantzitsua da jendeak gure aurpegiak ezagutzea eta sarean parte hartzea. Talde eragilea gogotsu dago eta pixkanaka proiektu berriak aurkeztuko ditugu.
