"Denbora asko neraman halako zerbait hemen egitearen atzetik", aitortu du Aritza Saiz antolatzaileetako batek. Beste leku batzuetan ikusitakoa ekarri gura zuten hona, Bizkaira, eta argi zuten hemen ere mugimendua eta interesa badagoela.
Hasierako ideia sinplea izan arren, mami handikoa zen; musika ardatz hartuta, herrian errotutako zerbait sortzea zen asmoa. Izan ere, euren hitzetan, helburua ez da soilik jaialdi bat antolatzea, "euskal kultura sustatzea eta herria egitea" baizik.
"Ez dugu nahi makrojaialdi eredura hurbiltzea; gurea beste zerbait da, hurbilagoa eta osasuntsuagoa"
Hain zuzen ere, horretan datza ekimenaren berezitasuna. Gaur egun nagusi diren makrojaialdien eredutik aldendu, eta beste bide bat hartu gura izan dute, hurbilagoa, apalagoa eta, batez ere, komunitateari lotuagoa. Endika Principe antolatzailearen hitzetan, "ez dugu nahi makrojaialdi eredura hurbiltzea; gurea beste zerbait da, hurbilagoa eta osasuntsuagoa".
Ikuspegi horrek eragina izan du erabaki guztietan. Prezioei dagokienez, antolatzaileek jendeak jaialdia bere sentitu behar duela sinesten dute; alegia, ekimena ez dela soilik negozio bat, baizik eta kulturarekiko konpromiso bat.
Filosofia hori kartelean bertan ere islatu gura izan dute. Ez dute izen handien zerrenda hutsa osatu gura izan, belaunaldi desberdinen arteko topagune bat baizik. Sarritan pentsatzen da gazteek aurreko belaunaldietako taldeak ezagutzen dituztela, baina, antolatzaileen ustez, ez da beti horrela. Horregatik, azpimarratu dute "talde gazteei lekua ematea eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea" funtsezkoa dela.
Gainera, estilo desberdinak uztartzeko ahalegina egin dute, rockaren bueltan betiere, eta kanpoko taldeei ere lekua egin diete. Hala ere, badago funtsezko irizpide bat: taldeek nolabaiteko lotura izan behar dute hemen sortu gura duten giroagaz. "Talde guztiek nolabaiteko harremana izan behar dute Euskal Herriarekin edo hemen sortu nahi dugunarekin", diote.
Emakumeen presentziari dagokionez, Saizek eta Principek autokritika egin dute. Badakite ez dela beti erraza: "Erronka da talde onak egotea, eta horien artean emakumeen talde indartsuak sartzea".
"Talde guztiek nolabaiteko harremana izan behar dute Euskal Herriarekin edo hemen sortu nahi dugunarekin"
Baina jaialdia ez da musikara mugatzen. Antolatzaileen arabera, "herria kontuan hartu behar da". Halako ekimen batek mugimendua sortzen du (jendea, zarata, egunerokoaren aldaketak) eta, horregatik, herriko bizitzan modu naturalean txertatzea da helburua. "Ez genuen nahi jendeak pentsatzea hau helduentzako bakarrik dela", diote.
Horren adibide dira prestatuko dituzten jarduerak: umeentzako jolasak, espazio lasaiagoak eta familientzako proposamenak, guztiek euren lekua aurkitu dezaten.
Logistikari dagokionez, erosotasuna izan dute ardatz. Jaialdia metro geltokitik gertu egingo da, eta asteburuan gaueko zerbitzua egongo dela azpimarratu dute. Horrez gain, kanpin gunea ere prestatuko dute, 250 eta 300 pertsona artean hartzeko modukoa. "Ondo lotuta dago dena", diote, jendeak erraz mugitzeko aukera izan dezan.
Lehen edizioa izan arren, begirada ez dute soilik orainaldian jarri. Etorkizuna ere buruan dute. Asmoa da jaialdiak jarraipena izatea, ahal bada bi urterik behin, eta pixkanaka erreferente bihurtzea. "Ideia nagusia da honek jarraipena izatea", diote, eta, ahal bada, kultur jarduerak urte osoan zehar ere sustatzen jarraitzea.
Azken batean, Urdulizen sortu den jaialdi honek badu zerbait berezia. Kontzertu batzuk baino gehiago da: jendea elkartzeko aitzakia, kultura partekatzeko espazio bat eta herri bati arnasa emateko saiakera bat.
Eta, tira, ondo ateratzen bada, "herriak berak esango du honek jarraitu behar duela".
Adi! HIRUKAk 4 bono zozkatuko ditu Eztanda Jaialdiaz gozatzeko, bi zozketen atalean hemen eta laster beste bi sare sozialetan! Eman izena eta zorte on!