“Topakanta” ekimenak Urdulizera eramango du kanturako giroa maiatzaren 7an

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 30a

Txiberri izango da hurrengo Topakanta ekimenaren oholtza.

Urdulizek musikaz eta giro parte-hartzaileaz betetako hitzordua izango du maiatzaren 7an; izan ere, "Topakanta" izeneko ekimenak herriko Txiberri tabernan egingo du geldialdia, 19:00etatik aurrera, eta kanturako zaletasuna duten herritarrak elkartzea du helburu.

Hilabeteko lehen eguenetan antolatzen den ekimen ibiltari honek Urdulizko taberna desberdinak hartzen ditu agertoki, eta oraingo honetan Txiberri izango da anfitrioia. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioak irekia eta parte-hartzailea izan gura du; hau da, edonork abestu dezake, giro informalean eta presiorik gabe.

Gainera, antolakuntzak parte hartzea errazteko tresnak jarri ditu martxan. Interesdunek kantutegira sarbidea dute QR kode bidez, eta Whatsappen bitartez abesti berrien proposamenak bidaltzeko aukera ere badago. Horrela, saio bakoitza dinamikoa eta askotarikoa izatea bilatzen da, parte-hartzaileen ekarpenakaz osatuta.

Ekimenaren atzean Orbizta Euskera Elkartea dago, eta helburu bikoitza azpimarratu dute: euskararen erabilera sustatzea eta herritarren arteko harremanak indartzea aisialdiaren bidez. Topakantak, beraz, kantua aitzakia hartuta, komunitatea ehuntzeko gune izan gura du.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun