Urdulizen hasi eta orain Gorlizera ere heldu den egitasmo honen atzean historia pertsonal bat eta herria euskaraz musikaren eta kantuaren bitartez saretzeko asmoa dago. Borja del Rio musikaria Algortatik Urdulizera bizitzera mugitu zenean, herria "teorikoki euskalduna" izan arren, kalean gaztelera nagusi zela sentitu zuela kontatu du. Harreman berriak ere gaztelaniaz egiten zituela ikusita, zerbait egitea erabaki zuen. "Behin, etxeko igogailuan bikote bat euskaraz entzun nuen eta hunkitu egin nintzen", aitortu du Borjak. Topaketa horretatik eta Berbalagun zein kantu-jira tradizionalen eredutik abiatuta, gerora Topakanta izango zena sortzea erabaki zuen. Azaldu duenez, ez da kontzertu bat, "topaketa bat da, kantatzeko aitzakiarekin, baina atzean dagoen egitasmoa euskaraz aritzea eta euskaraz saretzea da".
Musika, harremanak euskaratzeko tresna
Hala, 2024ko urrian, igogailuan ezagutu zuen bizilagun hari esker, Del Riok gitarra hartu eta Txosna tabernan bere lehen Topakanta egin zuen. Horretarako, beren beregi webgune bat ere sortu zuen kantutegi guztiagaz. "Kartelengatik edo ezagutzen genituelako edo, 30 pertsona agertu ziren, beraz, nahiko arrakastatsua izan zen; gainera, whatsapp talde bat ere sortu genuen, eta, ordutik, jende gehiago joan da batzen", azaldu du. Lehen saio hartan ere ezagutu zuen Ander Trabudua erandioztar trikitilaria eta euskaltzalea. Biak irakasleak eta musikariak dira, eta elkarregaz tabernaz taberna aritu dira musikaren bitartez euskararen sarea hedatzen. Diotenez, ez dute soilik taberna euskaldunetan jo gura; argi daukate euskara leku guztietara eraman behar dela: "Euskaldunak diren tabernetara bakarrik bagoaz, euskara ez da hedatuko. Edozein tabernatan egon nahi dugu, euskara muturretan izateko".
«Erlazio berriak egiten direnean, hasieran finkatzen da hizkuntza, eta konturatu nintzen Urdulizen ezagutzen ari nintzen jendearekin gaztelera ari zela gailentzen»
Horretarako, azaldu du betiko euskarazko kantutegitik abiatzen direla, eta publikoaren eskaeren arabera ere aldaketak egiten dituztela: "Familiak umeekin etortzen badira ETS edo Gatibuko abestiak ere sartzen ditugu; gu musikariak gara, baina hemen helburua ez da guk abestea, publikoak parte hartzea eta ondo pasatzea baizik". Era berean, beraien kantutegia etengabe berritzen eta eguneratzen dute eskarien arabera, eta webgune batean jartzen dituzte letra guztiak, jendeak ere erraz parte har dezan.
Arnasgune berriak sortzen. 2026ko otsailean lehen Topakanta egin zuten Gorlizen, planteamendu berdinagaz. Hala ere, etorkizunean egitasmoa zabaltzeko asmoa dute, bai kaleko formatuan, "poteo modukoan", bai Topakanta beste udalerri batzuetara eramanda ere.
Momentuz, Topakanta hilabeteko lehen eguenetan Urdulizen egiten dute eta Gorlizera bigarren eguenetan joan ohi dira. Hala ere, azaldu dute saioen berri whatsapp taldean, sare sozialetan edo kartelen bidez ematen dutela, "jaiegunak edo bestelako gorabeheren arabera aldaketak egon daitezkeelako".
"Ekimen honi esker, lehen ezagutzen ez genituen beste herritar batzuekin harremana dugu orain, eta gure arteko hizkuntza euskara da; euskara pizten gabiltza apurka-apurka", azpimarratu dute. "Eman diezaiegun euskarari arnasgune berri bat".