Tantak Fest jaialdiak 1.500 lagun bildu ditu Bilboko Itsasmuseumen

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 20a

Tantak Elkarteak antolatutako jaialdia itsasoaren eta ingurumenaren arloa lantzen duten jaialdien egutegian finkatu da. © TANTAK

Maiatzaren 17an, Museoen Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Itsasmuseum Bilbao itsasoaren, zientziaren dibulgazioaren eta iraunkortasunaren inguruko topagune bihurtu Tantak Fest jaialdian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jaialdia “Euskadiko itsas hitzordu berrien artean” bere lekua sendotzen ari da, doako egitarau parte-hartzaileari esker.

Jardunaldian zehar, argazki-erakusketek eta Anxo Caoren Vida marina Atlantica hitzaldiak auditoriuma bete zuten; errealitate birtualeko esperientziek, berriz, ehun lagun "urperatzea" lortu zuten Maremasmaren urpeko irudien bidez. Umeentzako tailerrek Bizkaiko Golkoko itsas bizitza eta uraren garrantzia landu zituzten, eta arrakasta handia bereganatu zuen Plentziako Itsas Estazioko (PiE-EHU) ikertzaileek gidatutako hondartzako mundu mikroskopikoaren erakustaldiak, une batzuetan ilarak sortzeraino.

Jaialdia antolatzen duen Tantak Elkarteko antolatzaileek azpimarratu dute jaialdia posible izan dela Maremasma, Bigune, Itsas Garapena eta Rural Kutxa entitateen babes ekonomikoari esker, eta horrek programazioa doakoa eta publiko guztientzat irekia izatea ahalbidetu duela. Tantak Festek programazioagaz jarraituko du maiatzaren 27tik 31ra, Mater Ontzi Museoagaz eta Itsasmuseum Bilbaoagaz antolatutako tailer konbinatu baten bidez; eta datorren azaroaren 22an itzuliko dela ere iragarri dute, ozeanoari eta itsas iraunkortasunari lotutako jarduera gehiagogaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun