Elkarrizketak

Garazi Arruti: "Plazetara itzultzeko asmoa dut; gogotsu nago berriro ere lehiatzeko"

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 21a

Lesio baten ondorioz aizkora utzi eta herri kiroletatik erretiratu bazen ere, Garazi Arrutik erreferente izaten jarraitzen du, bai plazan zein bere lanbidean ere.

Duela bi urte lesio baten ondorioz aizkora utzi eta Euskal Pentatloia alde batera utzi behar izan zituen Arrutik. Hala ere, oraindik, "maila lasaiagoan", Getxo Herri Kirol Taldean entrenatzen jarraitzen du. Talde horretan hasi zuen bere ibilbidea 2009 inguruan. "Urdulizen bizi arren, ni bilbotarra naiz, baina lagun batek probatzeko esan zidan, eta hasieratik oso gustura egon nintzen, eta ordutik daramat beraiekin; niretzat familia baten modukoa da", azaldu du Arrutik.

Dioenez, bera hasi zenetik emakumeek herri kiroletan duten presentzia izugarri aldatu da, eta hori bera baino lehen egon ziren emakumeek irekitako bideari esker ere izan zela aitortu du: "Gu hasi ginenean lauzpabost neska ginen, eta erakustaldietan eta txapelketetan beti egoten ginen berdinak. Bidea luzea izan da, baina, zorionez, neska asko animatu dira, eta plazetan parekotasun nahiko handia lortu dugula esango nuke".

Zaletasunean bezala, ogibidean ere indarra eta gaitasun fisikoa behar-beharrezkoak ditu; izan ere, bera suhiltzailea da Artazako parkean. "Emakume suhiltzaile izatea oso garrantzitsua iruditzen zait. Gaztetan ez nuen horrelako erreferenterik izan eta gaur egun eskoletara joaten garenean hitzaldiak ematera, neska gazteek ni suhiltzaile lanetan ikustea oso inportantea dela iruditzen zait; ikus dezaten emakume bat ere gai dela lan hori egiteko".

Dioenez, eguneroko lanean, pertsona nagusiei laguntza, erreskateak, auto istripuak eta horrelakoak izaten dituzte gehienbat. "Suak ere izaten ditugu, baina lehen baino gutxiago izaten dira, eta baso-suteak denboraldia denean izaten dira", zehaztu du.

"Txingekin eta pisu handiekin ezin naiz lehen bezala ibili, baina jarraitzeko asmoa dut, mikrofonoa hartuta bada ere, kar-kar. Izena eman dut aurten ere eta ikusiko dugu zer egin dezakegun", adierazi du gogotsu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun