Elkarrizketak

Unai Barrenetxea: "Afizio moduan hasi nintzen, baina hori baino gehiago bilakatu da"

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 10a

Unai Barrenetxea irakaslea da lanbidez, eta ardi-moztaileak zaletasuna du.

Barrenetxea interesak erakarrita murgildu zen mundu honetan, eta irakaslea izateaz gain, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko idazkaria ere bada.

Urduliztarrak kontatu duenez, ardi-larrua mozteko zaletasuna pandemia garaian etorri zitzaion: "Irakurri nuen hemen ardi-moztaile gutxi zeudela, Uruguaitik eta etortzen zirela, eta gutxika-gutxika lagun batek mundu honetan murgildu ninduen; kuriositatea eta txikitatik nuen frustrazioren bat edo izango zen, kar-kar". Lanbidez irakaslea bada ere, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kidea da, eta kirol bilakatu den ogibide honen berri emateko erakustaldietan ere parte hartzen du. Azaldu duenez, ardi-moztaileen arteko txapelketak beti egon diren arren, "orain, indar berezia hartu du kirolaren ikuspegiak, eta, duela gutxi, euskal moztaile batzuk Zeelanda Berrian ere egon ziren lehiaketa batean".

Lehiaketetan abiadura eta mozketaren kalitatea neurtzen direla kontatu du: "Azkarren ibiltzea garrantzitsua da, baina baita ardiaren azala zaintzea eta artilea ondo kentzea ere". Era berean, arrazaren arabera mozketa asko aldatzen dela ere gaineratu du, "batzuk lasaiagoak dira, beste batzuk biziagoak eta asko mugitzen dira...". Hala ere, azpimarratu du ardiek ez dutela sufritzen eta beraien biziraupenerako ezinbestekoa dela artilea moztea, ez zaielako berez erortzen eta luze uzteak osasun arazo larriak eragin diezazkioke.

Elkartearen lanari dagokionez, besteak beste, belaunaldi berriak erakartzea da beraien helburuetako bat. Horretarako, txapelketak, erakustaldiak eta hasiberrientzako ikastaroak ere egiten dituzte Arantzazun. "Bada oso indartsu datorren gazteren bat, Mikel Galbezek adibidez hiru hilabete eman ditu Zeelanda Berrian formatzen". Horrez gain, iazko irailean, Euskal Herriko eta Nazioarteko Ardi Moztaileen Txapelketaren lehen edizioa ere antolatu zuten, 24 euskal moztaile eta 42 nazioarteko moztaileren parte hartzeagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun