Aurreko asteburuan hasi ziren arren, aratusteek zapatu honetan, otsailak 21, jarraituko dute Algortan. Egun horretan izango dute ospakizunen egun handia algortarrek. Ohi bezala, koadrilen mozorro txapelketa eta bazkari handia egongo dira. Aurtengo gaia filmak izango da. Horrez gainera, besteak beste, desfilea, ginkana eta erromeria egingo dituzte Telletxen. Bien Bitartean, San Nikolas Ibilbideko tabernek haurrentzako eta nagusientzako mozorro txapelketak prestatu dituzte. Domekan, ostera, umeentzako puzgarriak eta txistorra-jana egongo dira, Telletxen.
Berangori dagokionez, zapatuan, 18:00etan hasita, kalejira egingo dute Berangoeta kultur etxetik frontoira. Bertan, dantzaldia izango da. Domekan, ostera, Otxandategi Dantza Taldeko kideek maskarada eta zanpantzarra antzeztuko dute, 11:00etatik aurrera. Ikuskizuna herriko auzoetan barrena egingo dute.
Trabudu Dantzari Taldeak ere aratuste-ikuskizuna eskainiko du zapatuan Astrabuduan, 18:00etan, hasita. Dantzaldia ere egongo da.