Zuzendaritzan PSE-EEko, PPko eta hautagaitza independenteetako ordezkariak egongo dira. Hala, EAJk 10 ordezkari, PSE-EEk hiru, PPk bat eta talde independenteek beste bat izatea adostu zuten. Sozialistena izango da lehenengo presidenteordea, eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak eutsiko dio postu horri. EH Bilduk, EAJren ostean udal ordezkari gehien dituenak, ez du erakundean parte hartuko, aurreko legegintzaldian bezalaxe.
Imanol Landak nabarmendu duenez, "elkarrizketa eta adostasuna zaindu eta lantzea" da bere helburu nagusia, baita "euskal udalentzat proiektu integratzailea garatzea" ere. EH Bilduri zuzendutako adierazpenetan, honakoa azpimarratu du jeltzaleak: "Ateak zabalik mantenduko ditugu udalen eta herritarren zerbitzura dagoen erakunde honetan parte hartu nahi duen ororentzat".
Natxo Urkixo Laudioko alkateak adierazi duenez, "elkarrekin normaltasunez aritzeko eta estatutuei buruz akordioa lortzeko" hitz egiteko jarraitzeko prest daude koalizio abertzaleko alkateak. Era berean, Urkitxoren arabera, "oraindik goiz da akordioez hitz egiteko"; hala ere, "EH Bilduk argi utzi nahi du, bilkura honetan egonda, Eudelen eta EAEko udalen alde lan egiteko prest gaudela".