Kukutzarekin Elkartasun Taldetik ere gogora ekarri dute orain arteko epaiketek ere 2011ko irailean polizia, epaile eta politikariek Errekaldera eramandako "kaosaz" adierazi dutena: "poliziaren bortizkeria frogatuta gelditu da, bai eta polizien deklarazioen arteko kontraesanak ere". Egun haietako "sarraskiak" estaltzen saiatu direla ere salatu dute.
Epaiketa horregaz, duela lau urte elkartasuna adieraztera Errekaldera bertaratu zirenak kriminalizatu dituztela diote, "izan ere, epaileak landutako argumentuekin, egun hartan Errekaldeko kaleetan zegoen orok 9 hilabeteko kartzela zigorra merezi baitu".
Gazte Komunistakeko kideek ere sententziaren inguruko balorazioa plazaratu dute.
Gazte komunisten oharra:
Berriz ere, sistemak ezarritako errepresioa, gizarte mugimenduen aurka jarriz, bertan lan egiten dutenak erasotzen saiatu da, eta oraingoan ere lortu du. Eraso hau, Kukutza gaztetxearen alde borrokatu eta eutsi zutenen aurka bideratua izan da. 2011. urtean Bilboko Errekalde auzoan zegoen Kukutza izeneko gaztetxea eraisteko mehatxuak plazaratu ziren Udal Gobernuaren izenean. Testuinguru horretan, pertsona asko izan ziren gaztetxearen alde kokatu zirenak.
Kukutza, auzo mailako gaztetxea izanik, balore alternatiboak aldarrikatzen zituen, esate baterako elkartasuna, kreatibitatea, kultura, aldaketa soziala… Horregatik, bai Errekalden bizi ziren auzotarrek, baita Bilbo osoan bizi ziren biztanle askok oso begi onez ikusten zuten gazteek bultzatutako proiektu hori. Zoritxarrez, Udal Gobernuak ez zuen honenganako ikuspuntu berdina eta gaztetxea utzarazi eta bertako lurzoruan proiektu higiezina eta diruzale bat aurrera eramateko pausoak ematen hasi zen. Hori lorturik, argi zuen ordurako eta elkartasunaren bidez, gaztetxean lortutako garapen aurrerakoi eta alternatiboak auzotik ezabatuko zituela, kapitalismoarentzat garaipen bikoitza izanik. Intentzio hauek aurrera eramanik, Udalak Kukutza errausteko agindua eman zuen. Modu berean, herritarrek Kukutza defendatzeko erresistentziaz baliatu ziren, atxilotuak asko izanik.
Gaur, epaiketa prozesu interesatu baten testuinguruan, bertan atxilotu zituzten 19 gazteei ezarritako 9 hilabeteetako zigorrak argitaratu ditu epaimahaiak. Horretaz gain, 84.000 euroko isuna erantsi dietelarik.
Demokrazia, gaztedia eta gizarte mugimenduen aurka bideratua izan den eraso honen aurrean, Gazte Komunistaken izenean gure gaitzespenik sakonena adierazi nahi dugu, bai epaiketa prozedurari eta baita gazteei ezarri dizkieten zigorrei ere. Modu berean, gizarte mugimendu alternatibo eta herri ehunaren aldeko aldarrikapenean berresten dugu geure burua, topaketa eremu eta gazteen arteko bilguneak sortzeko bultzatzaileak diren gaztetxeen alde argi eta garbi agertuz.