Jose Mari Bilbao erandioztarrak jantzi dio txapela Uribe Butroeko txapeldunari

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 8a, 12:10

Etxahun Lekue txapelduna, kantuan. © BERTSOZALE ELKARTEA

Etxahun Lekuek irabazi zuen pasa den zapatuan Uribe Butroeko bertsolari txapelketa, Mungian; Jose Mari Bilbao Beitia Erandioko Goierri auzoko herri-bertsolariak jantzi zion txapela.

Inauteri giroan, egun osoko jaia antolatu zuten zapatuan Larrabetzuko Itallen eta Mungiako Taket bertso-eskolek, Mungian. Eskualdeko bertso-giroa sustatzeko Zortzi Puntutan ekimena lagunartean burutu zuten: goizean, 11:30ean hasita, 3 kanporaketa jokatu zituzten herriko 3 tabernatan. Ondoren, bazkaria eta bazkalostean finala izan zituzten. Bazkaltzeko 50 bat lagun batu ziren, eta osteko saioa entzuteko 60 bertsozale inguru.

Honakoak izan ziren parte hartu zuten bertsolariak: Aitor Esteban Etxebarria itzubaltzetarra, Jon Etxebarria "Txontxe" algortarra, Ibon Larrazabal, Jon Larrabide, Sergio Peña, Asier Legarreta, Peru Berazategi, Ortzi Garitano, Jone Larrinaga, Malen Amenabar, Miren Ibarluzea eta Etxahun Lekue.

Buruz burukora Miren Ibarluzea mungiarra eta Etxahun Lekue larrabetzuarra iritsi ziren. Azkenean, txapelduna Etxahun Lekue suertatu zen. Etxahuni txapela Jose Mari Bilbaok jantzi zion. Goierriko bertsolariak 1972an izan zuen bere lehenengo plaza, Erandion, Jose Unbe eta Kastrejana lagun. Hurrengo hamarkadetan plazatan ibili zen. Txapelketetan ere jardun zuen: 1984an, Taket Sarian; 1985ean, Bizkaia eta Arabako txapelketan; eta 1986an, Euskal Herrikoan. Egun, Taket bertso-eskolako kide da.

Uribe Butroeko txapelketaren ostean, Zortzi Puntutan ekimena aurrera doa, eta martxoaren 5ean helduko da Uribe Kostara.

Talde-argazkia

Talde-argazkia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun