Zer alde dago 2014ko "Lainoak eta oskarbiak" diskoa eta berriaren artean?
Gure lehenengo diskoan mestizajerantz jo genuen; orain purutasuna bilatu dugu. Ska estilokoak dira abesti gehienak; funk eta soul abesti bana dago, baita rock estiloko bi ere. Nahasketa hori alde batera utzita, estilo bakoitzaren ezaugarriak bilatzen ahalegindu gara.
Euriria estudioetara zortzigaz sartu, eta 11 kantugaz atera zarete.
Ibon Larruzea ezin hobeto portatu da gurekin. Sartu bezain laster, maketa grabatzea proposatu zigun, kantak zelan zeuden ikusteko asmoz; proiektuari behin betiko forma eman zion Ibonek, diskoa biribilduz. Gainera, berak Italian konposatutako pieza bat oparitu zigun, "Live ilusion" izenburukoa. Guk abestia laburtu eta errepika aldatu genuen; diskoko "Hegan" kanta da Larruzeak oparitutakoa.
Diskoa grabatzeko kolaborazioak eduki dituzue, ezta?
Bai. Diskoaren grabazioan Ibon Larruzeak teklatuak eta koruak egin ditu; Aratz Akatzek tronboia jo du; eta Sergio Patxukok "Paradisu faltsuan" abestian kantatu du. Hori gutxi balitz bezala, Victor Ortega gure ekoizpen laguntzaileak koruak ere egin ditu. Ortega taldean sartuko dugu orain, teklatu-jole, eta koruak egiteko.
Lan berriak zati bi dauzka.
"Iragana" izenburuko abesti instrumentalak bereizten ditu zati biak; aurreko kantak dantzatzekoak dira, eta ondorengoek egunerokoan pairatzen ditugun egoerak islatzen dituzte.
Diskoaren izenburuak zerikusia dauka taldeak hartu duen bideagaz?
Horixe bera da adierazi nahi genuena: anbizio handiko diskoa dela, urtebetean konposatu dugula, estilo-aldaketa handia izan dela. Finean, arriskatu egin dugula, eta, hortaz, "labarren ertzean" gabiltzala.