Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatutako Zortzi Puntutan ekimenagaz bat egingo du ALBE Algortako Bertsolari Eskolak antolatutako sariketak. Kanporaketa biak eta finalaurrekoa bertso-poteoaren formatuan egingo dituzte; lau bertsolariz osatutako hiru saio jokatuko dira. Finalari dagokionez, sei bertsolarik osatutako saioa izango da.
Hala, Leioako kanporaketan, hamabi bertsolari lehiatu ziren hiru tabernatan. Egin beharreko lana: hasierako agur puntuagarria, ofizioan hiruna bertso zortziko nagusian, beste hiruna zortziko txikian, eta bertso bat berba bat gaitzat emanda.
Lehenengo saioan, Ganeko tabernan, Arrate Illaro nagusitu zen, eta horretara, martxoaren 19an Plentzian jokatuko den finalaurrekorako txartela zuzenean lortu zuen. Bere atzetik, hurrenez hurren, Unai Mendiburu, Peru de Pedro eta Xabier Albizu "Txuri" geratu ziren. Saio txukuna izan zen eta partida bat entzule egin ziren.
Bigarren saioan, Kurkudi tabernan, Inazio Vidal nabarmendu zen. Atzetik Peru Vidal, Galder Bilbao "Txapi" eta Iñigo Kortazar geratu ziren. Erritmo handiko saioa jendez lepo egon zen.
Hirugarren saioan, Kazu pubean, Aitzol de Kastrok lortu zuen lehenengo postua. Atzetik Beñat Vidal, Paule Loizaga eta Xabier Sainz de la Maza joan ziren. Hau ere saio txukuna izan zen, jendez mukuru eta kontrastean erabateko isiltasuna bertsoak entzutean.
Hala ere, martxoaren 19ko finalaurrekora, zuzenean, Arrate Illaro, Inazio Vidal eta Aitzol de Kastro pasa ziren. Gainerakoek puntuazioari begira lotu behar.
Bigarren kanporaketa, Algortan
Hurrengo kanporaketa zapatu honetan, hilak 12, jokatuko da Algortan:
19:00 Josu Landeta, Arkaitz Gomez, Joanes Igeregi eta Daniel de Miguel, Villamonte tabernan.
20:00 Jone Uria, Unai Larrazabal, Pello Etxebarria eta Peio Arondo, Ekin tabernan.
21:00 Imanol Uria, Ekaitz Larrazabal "Katxo", Miren Loizaga eta Itxaso Paia, Azebarrin.
Finalaurrekoa eta finala, Plentzian
12:30 Poteoa.
13:00 Lehenengo finalaurrekoa.
14:30 Bazkaria, Danontzat gaztetxean. Helduak 12 euro eta adin txikikoak edo langabetuak 10 euro. Izen-ematea martxoaren 16a baino lehen (605 704 385). Begetarianoek aurretiaz abisatzea eskatzen da.
17:00 Bigarren finalaurrekoa.
18:00 Hirugarren finalaurrekoa.
21:30 Finala.