Zer asmogaz sortu duzue plataforma?
Labur esateko, ospitaleak ekarriko dituen ondorio txarrak gutxitzeko eta onak indartzeko asmoarekin sortu dugu Uribe Ospitalea Plataforma. Era berean, Urdulizko ospitale berriaren irekierarekin kezkatuta dauden biztanleen bilgune izan nahi dugu.
Urdulizen bazebilen aspalditik Urduliz Rurala elkartea ospitalearen irekierarekin kezkatuta. Besteak beste, garraio publikoak, trafikoa eta aparkalekuaren udal kudeaketak edota irisgarritasunak kezkatzen zitzaien talde horretako partaideei. Urdulizko Udalera informazio eske joan arren, ez zuten inolako erantzunik jaso, nahiz eta kontsultarako ildo ofizialak jarraitu. Alkatetzatik erantzunik jasotzen ez zutenez, Udalean zeuden alderdi politikoengana jo zuten informazio eske.
Bestalde, Urduliz Rurala ezagutu barik, hainbat lagun elkartuta geunden Sopelan, SUSAN elkartearen izenpean. Ospitalaren irekierak Sopelan ekarriko zuen trafikoaren handitzearen ondorio kaltegarriak, segurtasunaren gutxitzea, zaratak, kutsadura edota udal egituren kaltetzearekin genbiltzan kezkatuta. Sopelako Udaleko alderdi politikoengana jo genuen gure kezkak zabaltzeko, baina ez genuen esperotako erantzunik jaso. Hain zuzen ere, alderdi hauetako bat, DB-TU, izan zen Urduliz Rurala gurekin harremanetan jarri zuena.
Hortaz, nortzuek osatzen duzue taldea zehazki?
Esan bezala, Urduliz Rurala eta Sopelako SUSAN elkarteek sortu genuen plataforma. Sopelako eta Urdulizko udaletako alderdi politikoek erantzun desberdinak eman zizkiguten: batzuek ez ziguten hitza eman, eta beste batzuek gure proiektuan sinistu zuten, EH Bilduk eta DB-TUk, batez ere. Eurak laguntza eskaintzen ari dira gaur egun, bileretan ekarpen baliotsuak egiten edo koordinazio-lanak egiten. Hala ere, argi utzi behar dugu gure izaera apolitikoa dela; bestelako alderdiak ez daude gurekin eurek ez dutelako nahi izan.
Era berean, udalerri bi hauetatik aparte, Mungialdea, Plentzia, Gorliz eta beste hainbat udalerritako jendearen laguntza jasotzen ari gara gaur egun.
Hainbat galdera mahaigaineratu dituzue ospitale horren inguruan...
Bai; galderak dagozkien erakundeei zuzendu dizkiegu. Gu guztiz seguru gaude erakunde horiek, Osakidetza zein Eusko Jaurlaritza barne, planifikazio koordinatu bat eduki beharko zuketen, baina ez dugu koordinazioa hori inondik ikusten.
Zein izan da erakunde guzti horien erantzuna?
Udalen erantzunak oso eskasak izan dira; Plentzia, Bakio eta Lemoizko udaletako erantzunak baikorrak eta lagungarriak izan ziren. Bestalde, Metro Bilbaok eta Bizkaibusek esan zuten ez zutela aurreikusi maiztasunak areagotzea. Halaber, Arartekoari bitartekotza-lanak egitea eskatu diogu, baina ez dugu erantzunik jaso. Batzar Nagusietan ere entzunaldi bat eskatu nahi dugu; eta horretarako, zer nolako baldintzak eta pausuak eman behar diren jakiteko informazioa biltzen ari gara orain.
Zein da plataformaren helburua?
Orokorrean, ospitalearen ondorio kaltegarriak txikiagotzea eta onuragarriak bultzatzea. Halaber, gaia gizarteratzea, eta auzokideen kezkak eta proposamenak batu nahi ditugu. Horregatik, otsailaren 20an batzar irekia eta parte-hartzailea egin genuen Sopelan. Arrakastatsua izan zen eta erabaki batzuk hartu genituen han; besteak beste, lantaldeak herrika sortzearena. Lantalde horien lehenengo lana mozio bat lantzearena izan da, udaletan aurkezteko. Era berean, jendea animatu nahi dugu gure bileretan parte hartzeko eta gurekin harremanetan jartzeko informazioa helarazi ahal izateko.
Eskualdean mota horretako ospitalearen beharra ikusten duzue?
Guk ez dugu bestelako aukerarik aurkezten; ez da gure lana. Argi ikusten dugu gauza asko ez direla ondo egin, eta txarto egindakoak zuzentzea eskatzen dugu, ongizatearen eta segurtasunaren izenean.
Plataforma gisa, udaletan egindako lehenengo eskaeran, ospitalearen ondorioak modu global batean aztertzea eskatzen genuen, zenbait txosten edo azterlan egin baitira, baina ez direlako horiek kontutan hartu ospitaleak ondoko herrietan izango duen eragina aurreikusteko. Adibide moduan ikusten dugu Sopelako auzoetan egoera jasangaitza bihurtuko dela, kotxe, autobus eta anbulantzia artean egun bakoitzeko 3.700 ibilgailu berri jasoko baitituzte herri honen auzoetako errepideek. Honek sortuko dituen eragozpena eta arriskuei gehituta, errepideen mantenuaren kostuak ere kezkatzen gaitu, Udalak errepideak konpontzen gastatuko duen dirua ez baitu edukiko beste behar sozial batzuei aurre egiteko.
Halaber, SUSAN elkarteak sinadura bilketa abiatu du Change.org plataforman. Nola doa bilketa eta zer lortu gura dute horregaz?
Egia esateko, bestelako erantzun bat espero genuen. Uste dut oraindik ez garela 600 sinaduretara heldu ere egin. Kalean kezka nabaritzen dugun arren, badirudi jendeari kostatzen zaiola bere aldetik laguntza eskaintzea.
Sinadura bilketa Bizkaiko Foru Aldundira eramateko asmoarekin ireki genuen eurengandik erantzun bat jaso nahian, baina 1.000 sinadura baino gehiago lortu nahi dugu horretarako.
Bilketa hau indartzeko bidean gaude orain, eta eskertuko genizueke arazo honekin kezkatuta zaudeten guztiei eskaera sinatzea eta zuen auzokideen artean zabaltzea, arazo hau guztiona baita.