Gaur helarazitako prentsa-oharrean aipatzen denez, Sopelako Udalak Urdulizko ospitaleko "sarbideen irisgarritasuna bermatu" gura du; eta, modu berean, "sopeloztarrakaz hartutako konpromisoari" erantzun, garraio publikoa berrindartuz eta horren zerbitzu zein sopeloztar denen bizi kalitatea hobetuz. "Sopelako Udalak, orain arte egin duen moduan, Sopelako auzotar denen interesak babesteko eta sustatzeko lan eta erantzukizunari irmo eutsiko dio", jeltzaleek diotenez.
Uribe Ospitalea Plataformaren ustez, ostera, bestelako neurriak ere hartu beharko lirateke: besteak beste, aurreko Udal Gobernuak prestatutako txosten teknikoan oinarriturik, sarbide posibleen gaineko prozesu parte-hartzailea; herriari galdetzeko konpromisoa; eta erakundeen arteko lankidetza arazoari konponbidea ahalik eta lasterren emateko.