Elkarrizketak

Imanol Agirre: "Udaberrian ere, euskal kulturaren itsasargia piztu nahi dugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko api. 8a, 12:00

Loraldiak hiru aste-akabu hartuko ditu aurten; apirilaren 9tik 24ra izango da, Bilbon. Imanol Agirre Etxebarria kultur jaialdiko zuzendari artistikoak aurreratu duenez, besteak beste, Biotz Alai abesbatzak Anne Etchegoyen abeslari lapurtarragaz batera kantatuko du. Bestalde, "Shane Macgowanen gibela" ikuskizuna eskainiko dute Unai Elorriaga idazleak eta Gibelurdiñek musika-taldeak. Azkenik, Natalia Monje buru duen Organik dantza-taldearen "Irrintzi" ikuskizuna egongo da ikusgai.

Bigarren urtez egingo duzue Loraldia?

Loraldia aspaldiko amets bat da; gure ametsen artean egon da urte askotan. Orain dela hiru bat urte pentsatu genuen bazela garaia egia bilakatzeko eta lehenengo urratsak ematen hasi ginen. Hasiera ederra izan zen: amets hori paperera pasatzen eta hainbat kultur eragileekin berba egiten hasi ginen. Sekulako onespena jaso genuen; ilusio handiz erantzun ziguten. Berehala ikusi genuen egiteko aukera zegoela. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak baliabideak ziurtatu zizkigun, 2015ean. Horri esker, iaz egin genuen lehenengo jaialdia.

Iazko Loraldia egin nahi genuen jaialdiaren zertzelada baino ez zen izan; denbora gutxian prestatu genuen eta aurrekontuak bazituen muga batzuk. Hala ere, asteburu bakar batean eskainitako emanaldi eta proposamenen bidez argi geratu zen zer egin nahi genuen: udaberriko festibal bat, berritzailea, estreinaldiak eta produkzio propioak hartuko zituena; aldi berean, euskal kultura gaur zer den erakutsiko zuen jaialdia nahi genuen.

Oso ondo atera zen. Gauzak horrela, jarraitu genuen kultur eragileekin biltzen; erantzun onak alde guztietatik jasotzen jarraitu dugu. Horregatik, bigarren Loraldia askoz ere indartsuago dator; aurrerapauso sendo bat da, asteburu batetik hiru asteburutara eman dugu jauzia. Geure buruei mugak jarri edo holako konparazioak egiten hasten garenean, beti esaten dugu Durangoko Liburu eta Disko Azoka udazkenean dela eta, ondorioz, Loraldiak udaberrian izan behar duela. Mundura begira jartzen garenean, berriz, Eskozian egiten den Celtic Connections festibala etortzen zaigu burura. Horrelako jaialdiak erreferentzialak izaten dira; jendeak badaki zerbait berria, desberdina eta ikusgarria gertatuko dela. Guk euskaraz egiten den kultura plazaratuz osatzen dugu jaialdia.

Zein da helburua?

Helburua da euskal kulturaren itsasargia piztea, udaberrian; euskal kultura ikusgarri jartzea, horren transmisioa bermatzea eta gaur egun ze ezaugarri dituen islatzea.

Aurtengo Loraldiak askotariko egitaraua edukiko du, ezta?

Kultur eremu guztiak islatuko ditugu: arte plastikoak, arte bisualak, bertsolaritza, zinema, musika, antzerkia, arte eszenikoak... Arlo guztietara jotzen dugu; sorta handiko jaialdia da gurea. Baina, jakina, badira nabarmentzeko emanaldiak. Bi dira nagusienak: batetik, "Joxemiel Bidador" pastoralarekin zabalduko dugu aurtengo Loraldia. Ikusgarria, benetan! Iruñean estreinatu zen aurreko udazkenean eta Euskal Herrian hiru emanaldi baino ez dira egongo; Bilbokoa izango da azkena. Aipatu behar da holako ikuskizunek erakusten dutela nola egiten dugun lana; atzera begiratzen dugu, aurrera jotzeko. Izan ere, Zuberoan gordetako obren ezaugarri guztiak ditu "Joxemiel Bidador" pastorala, baina gaur egindakoa da.

Akabera ere bikaina izango da, ezta?

Apirilaren 23an, "Maite.K" ikuskizuna eskainiko dugu. Ipar Euskal Herrian egiten ari diren produkzioaren estreinaldi mundiala hartuko du Bilbok; Pier Paul Berzaitzen ideia bat zen. Arte-adierazpen asko biltzen ditu: antzerkilariak, kantariak eta zuzeneko musika egongo dira. Hori gutxi izango balitz bezala, Kukai Dantza Taldeak ere parte hartuko du eta ikus-entzunezko arte-bisualak egongo dira. Hori dena ikuskizun bakar batean eta, gainera, emakumeak protagonista. Espektakulu horrek oso ondo islatzen du zein den Loraldiak egin nahi duen bidearen ezaugarriak.

Formatu ertaineko eta txikiko ikuskizunak ere egongo dira.

Besteak beste, Aukeran dantza-taldeak "Maurizia" koreografia berria estreinatuko du; guk enkargatutako "Laboa Jazz" kontzertuan, Mikel Laboa zenaren kantak entzungo ditugu, jazz mundura ekarriak, bi emakumezkoen ahotsen bitartez; "Garden" ikuskizunarekin gozatzeko aukera egongo da Bilbon... Azken hori, Tolosan eta Donostian baino ez da egon ikusgai; Ados Quartet soka-laukoteak, Eñaut Elorrietak, Aukeran dantza-taldeak eta Oreka TX-eko txalapartariek parte hartuko dute.

Formatu txikiko emanaldiei dagokienez, harribitxi ederrak daude. Literaturarekin zerikusia daukan bat aipatzearren, Anjel Lertxundik idatzitako "Etorkizuna perfektua balitz" testuari musika eta bertsoak jarriko dizkiogu; Anduk egingo du hausnarketa literarioa eta Miren Amurizak zein Maialen Lujanbiok inprobisatuko dute haien hausnarketa, etorkizunari buruz. Hori guztia Igelaren bandaren musikaz. Horixe bera da Loraldia!

Ze beste berrikuntza dauka aurtengo Loraldiak?

Loraldiak erabat horizontala izan nahi du; kultur eragileei ateak zabaltzen dizkiegu, parte hartzeko. Ibilbide horretan hainbat gauza topatu dugu: esaterako, Elkarrek hiru literatur ekitaldi eskainiko ditu eta beste bat musikala. Horretaz gain, Liburuaren Egunean stand berezi bat jarriko du Bilbo erdialdean, euskarazko produkzioarekin.

Athleticengana, berriz, ideia zehatz batekin joan ginen eta beste bat hobeagoarekin atera ginen: film-laburren lehiaketa egingo du talde txuri-gorriak "Thinking football" goiburupean.

Hainbat akordio lortu dugu eragile askorekin eta horrela aberazten da udaberriko erreferente izan nahi duen itsasargi hori.

Zer da Loraldia Eskola?

Askotan aipatzen dugu transmisioa; euskal kultura hurrengo belaunaldiei transmititzea gura dugu. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gazteekin lan egitea; Loraldia Eskola hor kokatzen da. Gero eta handiago egin gura dugu, institutuak, ikastetxeak eta ikastolak inplikatuz. Iaz emanaldi bakarra egon zen; aurten, berriz, eskola-jazarpenari buruzko "Muxuak" antzezlana izango dugu, Tanttaka Teatroaren bitartez; eta gero, pastoral eta maskaradei buruzko hitzaldi musikatuak, Mixel Etxekoparen bitartez.

Uribe Kostak ere edukiko du ordezkaritza Loraldian.

Horrela da. Batetik, Biotz Alai abesbatza algortarrak Anne Etchegoyen abeslari lapurtarrarekin batera kantatuko du apirilaren 21ean, Arriaga Antzokian. Bestalde, hilaren 22an, "Shane Macgowanen gibela" ikuskizuna eskainiko dute Unai Elorriaga idazle algortarrak eta Gibelurdiñek musika-taldeak. Jakin genuenean The Pogues talde mitikoaren kantariari buruzko saioa prestatzen ari zirela izugarria iruditu zitzaigun; izan ere, munduari buruz berba egin nahi du Loraldiak. Ikuskizunean, Macgowanen historia fikzio bilakatu eta musika-talde ingeles-irlandarraren abestien bertsioak egingo dituzte. Sopelako Kurtzio kultur etxean entseatzen ari dira eta Kafe Antzokian estreinatuko dute; ondoren, apirilaren 29an, Kurtzion egongo dira. Azkenik, dantza garaikideak badu bere lekua Loraldian. Ildo horretan, Natalia Monje algortarra buru duen Organik dantza-taldearen "Irrintzi" ikuskizuna egongo da ikusgai hilaren 18an, Campos antzokian.

Horrek adierazten du Uribe Kostan badagoela sortzaile-talde bizi bat, munduari begira dagoena eta oso aktiboa dena. Guzti horiek lekua izango dute Loraldian aurten eta hurrengo edizioetan, jakina!

Egitarau osoa ikusi

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun