Aldundiari Bizkaibuseko linea batzuk moldatzea eskatu diote eskualdeko hainbat alkate jeltzalek

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 21a, 17:40

Alkate eta zinegotzi jeltzaleak Aldundiaren atarian. © EAJ.

Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierriko EAJren hainbat alkate batzartu dira gaur Vicente Reyes, Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Herrialdearen Orekarako sailburuagaz. Elkartze horretan, alkateek eskualde horietan Bizkaibusek dituen lineak moldatzea eskatu diote Reyesi, herritarrek Urdulizko ospitaleagaz lotura izan dezaten.

Gaurko bileran, Erandio, Barrika, Mungia, Gorliz eta Gamiz-Fikako zinegotzi eta alkateek foru arduradunari adierazi diote Bizkaibus linea batzuk aldarazteko beharra ikusten dutela, Urdulizko ospitalea irekitzen den unetik aurrera hiru eskualde horietako herritarrek ospitaleagaz lotura izan dezaten.

Udal arduradun horien berbetan, "ospitalea irekitzeagaz batera Bizkaibusek eskualdeetan dituen lineak moldatu beharko dira inguru horretako erabiltzaileei ahal den zerbitzurik onena emateko. Ezinbesteko jotzen dugu ospitalea garraio publikoagaz konektatzea". Halaber, udal ordezkariek gaurko bilera baliatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak Urdulizko ospitalearen erabiltzaileei ahal denik eta zerbitzurik onena emateko erakutsi duen jarrera adierazteko, zalantzarik gabe "gure herritarren bizitza kalitatea hobetuko duelakoan".

Arrizen Monasterio Erandioko zinegotziaren arabera, bere udalerriaren kasuan "funtsezkoa da metroaren eta ospitalearen arteko konexioa egitea", azpiegitura bien arteko distantzia "pertsona nagusientzat gaindiezin egiten delako". Horregatik planteatu du ospitaleagaz lotzeko egongo diren autobusak metroko irteera ondoan gelditzea.

Zentzu berean hitz egin dute bileran izan diren Uribe Kostako alkateek. Roberto Muñoz Barrikako alkateak esan du Urdulizekiko lotura egokiak udalerriak metroagaz duen garraioa hobetu dezakeela. Zalantzarik gabe "hau ez da bakarrik Barrika ospitaleagaz lotzeko aukera, baizik eta baita herriko garraioa eta mugikortasuna hobetzeko ere". Arantza Etxebarria Gorlizko alkateak esan duenez "Gorlizetik pasatzen diren eta Urdulizegaz lotzen duten lineak hobetu beharko lirateke maiztasunak hobetuz".

Proposatu dituzten aldaketak

A3529 Mungia – Gamiz-Fika: (Mungia – Gamiz-Fika). Geltoki aldaketa egitea proposatu dute.

A3531 Sopela – Mungia – Gatika: (Sopela – Urduliz – Laukiz – Gatika – Mungia – Maruri-Jatabe - Gatika). Geltokiak aldatu beharko lirateke autobusa ospitaleraino sar dadin. Horrez gain, maiztasunak areagotzea proposatu dute.

A3526 Mungia – Gernika-Lumo: (Mungia – Gamiz-Fika – Fruiz – Arrieta – Morga – Muxika – Gernika-Lumo). Linea hau da Fruiz herria ospitaleagaz lotuko lukeen linea. Erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, maiztasunak areagotzea eta zapatu eta jaiegunetan konexioa berreskuratzea proposatu dute.

A3537 Plentzia – Gorliz – Mungia: (Plentzia – Gorliz – Lemoiz – Maruri-Jatabe – Mungia – Gatika). Geltoki aldaketa egin beharko litzateke linea horrek geltokia izan dezan Mungiako anbulatorioaren aurrean, herriko osasun-zentroaren eta Urdulizko ospitalearen arteko lotura egiteko.

A2166 Uribe Kosta – EHU: (Gorliz – Urduliz – Sopela – Berango – Leioa). Gaur egun, Uribe Kostako udalerriak EHUgaz lotzeko baino ez da erabiltzen. Goizean baino ez dago eta ordutegia arrastira zabaltzea planteatu dute udalerri hauek ospitaleagaz konektatzeko. Plentziari dagokionez, Isuskiza auzoa ospitaleagaz lotzea proposatu dute eta komenigarria da inguru horretan autobus geltokia jartzea.

A3451 Areeta – Armintza: (Leioa – Getxo – Berango – Sopela – Barrika – Plentzia – Gorliz – Lemoiz). Proposamena da maiztasunak areagotzea eta Urdulizko ospitalean geltokia jartzea.

A3499 Plentzia – Gorliz: Linea hau Barrikaraino iristea planteatu dute, Plentziako metroan itxaron behar den denbora berean Barrika-Plentzia-Gorliz Bizkaibus linea ezarri ahal izan dadin. Era berean, Barrika metroagaz lotuko litzateke.

A3471 edo A3472: Getxo – Leioa – Rontegi – Gurutzeta: Linea hau berrantolatzea aztertu beharko litzateke linea horren hasiera Urdulizen jarrita. Horrela eginez, linea honela geratuko litzateke: Urduliz – Sopela – Getxo – Leioa – Arrontegi – Gurutzeta eta Erandiogoikoatik pasatuko litzateke, Txorierri Urdulizko ospitaleagaz eta metroagaz lotuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun