Getxoko Adierazpena eta ekainaren 5erako deia, erabakitzeko eskubidearen alde

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 23a, 14:36

Gure Esku Dago herritarren ekimenak bultzatutako Getxoko Adierazpenagaz bat egin dute udalerriko ia 30 hautetsik; jardunean dabiltzanak zein zinegotzi izandakoak, horien artean lau alkate ohi ere badira. Getxoko lehengo udaletxearen aurrean, iragan zapatuan egin zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko agerraldia; Erabakiaren Adierazpenaren alde daudela adierazteko, eta horixe aurkezteko ekainaren 5ean egingo den ekitaldian parte hartzera dei egiteko.

Agerraldiren lekua ez zuten zoriz aukeratu; izan ere, lehengo udaletxearen agerlekua baliatu zuten akordura ekartzeko, behinola, Jose Antonio Agirre Getxoko alkate zela, Getxoko Udalak euskal errepublika aldarrikatzeko adierazitako arrazoia: "herriek, libre determinazioaren bidez, beren burua gobernatzeko duten ezin kenduzko eskubide naturala" dutela. Getxoko Gure Esku Dagok azaldu duenez, 85 urteren ostean, "zenbait alderdiren izenean zinegotzi izan diren eta gaur egun diren gizon eta emakumeok berretsi dute herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela, erabaki librea da-eta herri solidarioago eta itxaropentsuago bat lortzeko bidea".

Bertaratutakoen izenean, nagusienak eta gazteenak egin zuten berba, Francisco Urretxua Getxoko alkate ohiak eta Maite Arraiza jarduneko zinegotziak:

"Getxoko Hautetsi eta hautetsi ohien adierazpena eta deia 1931ko apirilaren 17an, Bizkaiko udalekin batera, Getxoko udalbatza hautatu berriak, Jose Antonio de Agirre alkate zela, euskal errepublika aldarrikatu zuen, "herriek, libre determinazioaren bidez, beren burua gobernatzeko duten ezin kenduzko eskubide naturala baliatuta". Erabaki libre eta demokratikoa izan zen, orduko eta etorkizuneko herritar guztiei ongizatea eta askatasunaren onurak ziurtatzeko.

Gaur, 2016ko maiatzaren 21ean, 85 urte geroago, hemen bildu garen gizon-emakumeok, 1979tik hona Getxoko zinegotzi eta alkate izan garenok eta egun ere garenok, berretsi eta aldarrikatu gura dugu herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan, erabakitzeko eskubidea dutela.

Gaur, elkarrekin agertzen gara gure udaletxe zaharraren aurrean, bereizi egiten gaituzten ideologia, proiektu, amets eta sentimendu ezberdinak ahaztu barik, eta aldarrikatzen dugu Getxoko herritarrek ere, euskal herritarrek bezala, libre erabakitzeko eskubidea dutela, erabaki librea da-eta herri solidarioago eta itxaropentsuago bat lortzeko bidea.

Horregatik, Demokrazian sinesten dugulako, herri bat garela, herritarren garaia dela eta erabakitzeko eskubidea dugula partekatzen dugulako, geuk be aulkia hartuko dugu ekainaren 5ean Biotz Alai plazan, eguerdiko 12:00etan, Gure Esku Dago ekimenak bultzaturiko ekitaldian. Hitza hartuko dugu.

Eta dei egiten diegu Getxoko herritarrei aulkia hartzera, hitza hartzera, erabakitzeko eskubidea herritarron esku dagoela indarrez adieraztera. Gure esku dago".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun