Zein da jazoeren bertsio ofiziala?
Daborduko 11 urte pasa dira nire anaiaren ustezko gorpua aurkitu zutenetik, eta oraindik ere ez diote DNA probarik egin. Bertsio ofizialaren arabera, nire anaia ur gainean agertu zen, eta hasiera batean, esan zuten ez zekitela ekintza kriminal baten aurrean zeuden edo ez. Bilboko Polizia Espainolak abisua eman zidanean, eurek esan zidaten anaia hil zutela. Halere, Suediatik fax bat bidali zidatenean ikusi nuen anaia atxilotu zutela abuztuaren 1ean; orduan pentsatu nuen: ez zuten hauek hilko, ezta? Nire susmoak helarazi nizkion enbaxadara, eta hurrengo egunean esan zidaten bere buruaz beste egin zuela.
Horren ondoren, Suediara joan ginen, eta ikerketaren ardura zuen poliziak ere ez zekien zehazki non agertu zen gorpua, krokis bat zuen soilik. Toki batetik bestera eraman gintuen, eta halako batean esan zuen: "hemen izan behar zuen, hor zubi bat dago, eta hortik bota zen". Halere, autopsia egin eta urte eta erdira, esan zidaten nire anaia Finlandiatik zetorren itsasontzi batetik bota zela, nahiz eta txartelik ezta lekukorik ez izan.
Zuk ez duzu uste horrela izan zenik...
Euren arabera “baliteke” bere buruaz beste egin izana. Nire anaia Londresen lurperatu genuen, bere bikotekidea izan zenaren horma-hilobian. Halere, hasiera batean bertako agintariek ez ziguten utzi nahi bertan lurperatzea, eurek ez zekitelako nola hil zen nire anaia. Nik esan nien bere buruaz beste egin zuela eta ito egin zela; horren aurrean, eurek post mortem ikerketa egin zioten eta esaten zuten ezinezkoa zela, birikiak ondo zituelako eta hezur guztiak osorik zituelako. Izan ere, ontzi batetik salto egin izan balu, euren arabera, hezur guztiak apurtuko lituzke. Hala, esan zidaten Suediatik kontatu zidaten guztia gezurra zela. Ondoren, bost urteren ostean, Rubalcaba garaiko Espainiako Barne Ministroak esan zidan nire anaiarena “istripu samingarria” izan zela. Baina, zer esan nahi du horrek?
Hortaz, ez zuten hilketaren zergatia argitu, eta ahalegindu...
Ez, bertako ikerlariek 6 hilabeteko ikerketa egin zuten. Informazioa eskatu zieten Suediako poliziei, baina eurek ez zieten ezeri erantzun. Hala, denbora agortu zenean, ondorioztatu zuten hilketaren zergatia zehaztugabea zela, gorpuari bihotza falta zitzaiolako. Baina ez hori bakarrik, ikerketaren deskribapenean azaltzen da beste hainbat organo falta zitzaizkiola.
Horrek interes ezkutu bat egon dela pentsarazi dizu?
Bai, hala uste dut. Dena den, 10 urteko borroka honetan ez dut hori salatu gura bakarrik. Esan gura dudana da babesik gabe gaudela guztiz. Une oro esaten digute seme-alabak atzerrira eramateko, lanera zein Erasmusera. Hala ere, delitu biolentoren bat izanez gero argi duzu, enbaxadak ez du ezer egingo, Kanpo Harremanetarako Ministerioak ez du ezer egingo, ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez. Europako Parlamentuak dio organoen trafikoa delitu larria dela, baina gure kasuan inork ere ez du ezer ikertu, soilik gure familiak.
Gertakari horiek guztiek zer pentsarazten dizute?
Stockholmera joan ginenean esan ziguten ezinezkoa zela jakitea nola eta zergatik hil zen, baina gorpuaren poltsikoan nire anaiaren NAN-aren fotokopia aurkitu zutela. Halere, Ertzaintzak zein Espainiako Poliziak esaten zuten fotokopia hori inoiz ez zela egon uretan. Hortaz, nire ustez den-dena gezurra dela, ez dago lekukorik, ez dago ezer. Ni ez nago ziur agertu zen hilotza nire anaiarena zela, edota eurek esaten duten tokian agertu zen ere ez, ez dagoelako frogarik. Esan didaten guztia kontraesankorra da. Hala, nik uste dut nire anaia hil dutela, argi eta garbi.
Espainiako Auzitegi Nazionalak kasu horretan parte hartu duten bi aldeen dokumentazioa eskatu du. Berrikuntzarik aurkitu duzue horrela?
Juan Calparsoro EAEko Fiskal Nagusiarengana jo nuen, eta horrek eginbide guztiak hasi zituen. Hala, Kanpo Harremanen Ministerioak, Enbaxadak eta Suediako Poliziak dokumentazio guztia entregatu zieten, baina oraindik hilotza hobitik atera eta DNA proba egin behar dute. Ordutik urte bi igaro dira, eta oraindik zain gaude...
Zure anaiak arazoak izan zituen hainbat dokumentugaz, hala nola NAN-a eta banku txartela. Horren ondorioz hainbat orduz atxikita egon zen polizia-etxean. Zer uste duzu gertatu zela bertan?
Nire anaiak Algortako BBK-ren txartela zuen. Etxetik apirilean joan zen eta denbora horretan dirua atera ahal izan zuen normaltasunez. Bidaiatzen zebilen, dirua aurreztuta zuen eta pentsio bat kobratzen zuen. Baina, oraindik ez dakidan zerbaitengatik, txartelak funtzionatzeari utzi zion. Orduan hasi ziren arazoak. Enbaxadara joan zen arazoa konpondu nahian; bertan dirua eskaini zioten, baina horri uko egin zion, dirua bazuelako, baina ezin zuela atera. Nahi zuen bakarra hemengo bankuko zuzendariarekin konpontzea zen. Zuzendariak, ordea, gure familiarekin hitz egin behar zutela esan zuen. Baina, nire anaia kontu korronte horren jabe bakarra zen, eta ez zegoen familiarekin hitz egin beharrik. Bera bere diruaren jabea zen.
Horren ondorioz, anaia Suediako banketxe batera joan zen eta esan zuen ez zela bertatik joango bere kontu korrontetik transferentzia bat jaso arte. Antza denez, une horretarako nire anaiak ez zuen dirurik gainean, jatekorik ere ez. Arazoa zen, suediarren arabera, nire anaiak ez zuela gainean inolako identifikaziorik. Hala, polizia-etxera eraman zuten eta bertan izan zuten arratsaldeko 16:20ak arte. Polizien arabera 6 orduz atxikita izan zuten, baina Espainiako Poliziak NAN-aren fotokopia 19:00etan igorri zuten. Hortaz, teorian nire anaia 10:30ean atxiki eta 16:20ak arte polizia-etxean izan bazuten, nola da posible aske uztea hura identifikatu barik? Gainera, Madriletik igorritako fotokopia hori bera agertu zen uretan aurkitutako hilotzean.
Hodei Egiluzen hilotza aurkitu zutenean Anberesen, zer sentitu zenuen?
Oso txarto sentitu nintzen, Hodeiren familiari lagundu izan diodalako hasieratik. SOS Desagertuak Euskadi elkarteko koordinatzailea naiz, eta nire antzean dauden pertsonei laguntzen ahalegintzen naiz.
Hodeiren kasuak mobilizazio handia eragin du. Zuk laguntzarik jaso duzu 12 urtean?
Ni bakarrik egon naiz, negarrez hasiko nintzateke bakar batek lagundu izan balit. Hala ere, halako kasuetan ezin gara egon alkateen edo herri baten mobilizazioaren zain. Euren kolaborazioa eskatzen dugu, bai, baina nire ustez beharrezkoa da protokolo bat ezartzea desagertuen kasuan. Espainia mailan 14.000 pertsona desagertzen dira urtero, eta horietatik %8 ez da inoiz agertzen. Ez da arazo familiar bat, gizarteak duen arazoa da.
Orduan, desagertutako pertsonen aurrean protokolo zehatz bat egitea gura duzue, ezta?
Bai, noski! Esaten dutenez Europar Batasunan libreki bidaiatu daiteke, segurtasuna dago eta justizia erabatekoa da. Baina nire ustez, hemen ez dago segurtasunik, arazoren bat duzunean... zorigaiztokoa zu. Justiziari dagokionez ere... zuk esango didazu: niri ez didate uzten kasu hau salatzea. Suedian ezinezkoa da polizia salatzea, hortaz norbaitek azaldu diezadala... Nik ingelesez idazten nien zalantzak argitzeko, eta eurek suedieraz erantzuten zidaten... Hasiera batean, gainera, Stockholmeko Poliziaren arabera, nire anaia ez zen atxilotuta egon; gezurra zela esaten zidaten, espainolek asmatu zutela. Gainera, inoiz ez zidaten autopsia bidali; esan nienean gorpuak kolpeak zituela bizkarrean esan zidaten naturalak zirela, berak egin zituela. Argi ikusteko, eman zidaten txosten-poliziala orri batekoa zen, suedieraz, eta enbaxadak zioen ez zela garrantzitsua gaztelerara itzultzeko...
Guztira, 3 fotokopia, hilotz bat eta dokumentu original bakarra nire anaiaren heriotza-ziurtagiria izan zen. Gainera, galdetu nienean ea zertan oinarritu ziren nire anaia identifikatzeko, Kanpo Harremanetarako administrazioak erantzun zidan ez zutela inolako dokumenturik. Hortaz, norbaitek azaltzea non dagoen nire anaia! Azken urte hauetan bizi izandakoa sinesgaitza da...