Plentziako Naroa Azuaga Fuentes (azkenean ezin izan zuen joan), Gorlizko Dida Marin Astobieta eta Algortako Sira Antolin Labanda uribekostarrak dabiltza Solidarias en Acción taldean; eurakaz batera, Leire Jimenez Gonzalez (Castejon), Lorena Barroso Gonzalez-Arriluzea (Gasteiz), Monica Díaz Rodriguez (Vigo), Susana, Jorje...
info+: solidariasenaccion; facebook, twitter eta youtuben.
Zelan abiatu eta prestatu duzue ekimena?
Naroak joateko gogoa zuen, ez zekien zelan baina gurago zuen bidaia bakarrik ez egin. Sare sozialen bitartez bere asmoa zabaldu eta hala batu ginen taldetxo bat; gero, hainbatek ezin izan zuen joan, data kontuengatik. Gure artean antolatzeko milaka mezu bidali genizkion batak besteari! Eta orrialde bat zabaldu genuen, bizitakoaren berri jasotzeko, eta gaur egun gertatzen dabilena ere bai.
Laguntza batzeko Naroak masaje-ikastaro batzuk eskaini asmo zituen, baina Plentziako Udalari ekimen ona iruditu eta egun bateko elkartasun-ekimena antolatu genuen maiatz hasieran, eta diru asko batu genuen. Gomendioari jarraituz, hemen batutako diruagaz han erostea erabaki genuen; horrela, hango benetako beharrei erantzuteko gauzak erosi ahal dituzulako, eta ez mila gauza batu eta eroan, han behar ez dituztenak, esaterako: orain, mantarik ez dute behar, bero handia egiten duelako; beharrezkoagoak dira txankletak, txapelak edo buruko zapiak eta eguzkirako krema; komuneko papera, konpresak, barruko arropa… Eta salatzekoa da askotan bidaltzen den arropa, guk ez genukeena ipiniko! Botatzekoa dena haiei bidaltzen diete… Pireon, behintzat, gobernuaren janaria eta komunen garbiketa izan ezik, gainontzekoa dohaintzak ziren, eta heldu heltzen dira; eskerrak askorentzat ez direla zenbaki hutsak! Halere, denentzat ez dagoenez, tamalgarria da askotan aukeratu behar izaten dutelako: komuneko papera ala txankletak… Facebooken ipini ditugu guk erositakoaren fakturak eta zerrenda osoa: umeek jolasteko materiala, janaria prestatzeko palankanak, inarrak edo erratzak, zabor-poltsak, guanteak (janaria prestatzeko, lekua garbitu beharra zegoen)… Esan barik doa, gure bidaia eta gastuak gure kontura egin ditugula.
Hasieran, gure mendebaldar pentsamenduagaz, egonezina eta frustrazioa handiak ziren, hamaika GKE eta lekutara idatzi eta inork ez zigulako ezer zehazten: “Behar zaituztegu, etorri!” esan bai, baina ez zuten argi esaten ez nora, ez noiz ere; “heltzean, egingo dugu berba!”, eta geuk ez genuen ezer ulertzen, guk zerbait ziurragoa gura genuen... Azkenean, Norvegiako Drapen i Havet GKEak erantzun zigun, Pireon behar gintuztela, Atenaseko portu bat da, bertatik irteten dira ferryak irletara… Hango kanpamenduan egon gara, Idomenikoaren antzera, legala ez dena: han geldiarazi dituzte 3.000 bat lagun, ez atzera ez aurrera, horren ondorioz sortu behar izan dute kanpamendua. Idomenira joateko asmoa genuen, baina Pireon beharra bazegoela esan ziguten; izan ere, badira hemen hainbeste entzun ez diren halako batzuk, eta horietara ez da hainbeste boluntario heltzen, beharra egon badago ere…
Bazkaria prestatzen eta banatzen lagundu dugu, GKEak egiten zuen; estatuak ematen dien jatekoa eskasa zen (kopuru zein kalitate aldetik), Egin kontu, egunotan jakin dugu Pireon intoxikazio-egoera bat bizi izan dutela, gobernuaren catering-bazkaria egoera txarrean egoteagatik! Batzuetan ez zegoen denentzat: kanpamendutik irteten zirenak zenbatzen zituztelako, baina sartzen zirenak ez… Egoera aldakorra zen egunetik egunera, hori ez dute kontuan hartzen! Gaur 700 lagunentzat prestatzen duzu bazkaria, bihar 1.500 lagunentzat… Gu ere bertan egonda konturatu gara aldakortasun horretaz, eta, bide batez, ulertu dugu zergatik ezin dituzten eman hasieran guk eskatutako erantzun zehatz haiek…
Heltzean, zer sentitu zenuten?
Lotsa! Pena bezain lotsa handia! Hein batean bada ere, geu ere bagarelako han gertatzen dabilenaren arduradun. Denden albotik ibiltzean euren intimitatea ere lapurtzen diezula sentitzen duzu; egoera salatzeko argazkiak egin gura dituzunean ere, konturatzen zara euren bizitzan barruraino sartzen zarela, hori ere kentzeko?! Eurek baimena eman arren, oso gogorra da; argazkiak hedatzea gura dute euren egoera ikusarazteko eta salatzeko, ahatz ez ditzagun! Baina… Orain eta hemen konturatzen gara, han emandako laguntza ale txiki bat baino ez dela izan, aurrerantzean eta berton dagoela gure laguntzeko modu onena: egoera ezagutaraztea, salatzea, presioa egitea… Zu eta biok bezalako pertsonak dira, zoritxarrez egoera hori bizitzea egokitu zaie; inork esan dezake guri ezin lekigukeela halakorik gerta?! Dirua eduki bazeukaten, kontatu zigutelako 1.000 eta piku euro ordaintzen dutela Turkiatik irletarainoko itsas bidaiaren txartela, Turkiarainokoak eta irletatik aurrerako kontu denak zenbatu barik… Eta ezin ahaztu tarte horiek oinez edo gainezka, bete-beteta, doazen autobusetan egin behar dituztela, batzuetan pistolaz behartuta igotzera, hainbaten diru-nahi ase ezinak abere edo ganadu bihurtzen dituela… Eta presoak bezala tratatzen dituzte kanpamendu askotan, «bigarren mailako pertsonatzat», animaliak balira legez, zenbaki hutsak! Argi esaten zuten, euren herritik ihes egin zutela daborduko han ez zegoelako etxerik zutunik, bat ere ez! Denek bidaiatu zuten pateraz, irletatik zetozen. Pertsona bakoitzak bere historia dauka…
"Zu eta biok bezalako pertsonak dira!
inork esan dezake
guri ezin lekigukeela halakorik gerta?!"
Galdutako belaunaldi asko! Eskolatu bako zenbat ume! Siriarrek ziotenez, 5 urtean eskolara joan barik; eta afganiarrek gehiago! Sirian bonbardaketak hasi zirenetik; esaten zuten bonbak edozeren kontra jaurtitzen zituztela, zela etxe, zela meskita, zela eskola… Kanpamentuetan ez dago eskolarik; batez ere boluntarioek hizkuntza ikastaroren bat ematen diete, helburu-herrian erraztasunen bat izan dezaten, baina bestelakorik ez dago. Zortea alde badute, eta hori espero dugu, ume horiek europar herrietara iristean jendea kexatu egingo da gainera, ezagutzarik izango ez dutelako!
Gehienak emakumeak eta umeak dira, eta gehienek badute Europako herriren batean bizi den hurbileko senideren bat: aita, semea, neba-anaia, osaba… Pireoko gehienek, Alemanian. Horiek, lehenago, pasatzea lortu zuten, lanean dabiltza, eta haiei jarraika hauek abiatzean, danba! geldiarazi dituzte! Umedun heldutakoen egoera ere deigarria da, Grezian erditu arren, umea Grezian jaio bada ere, ez da greziarra, ez du lege-babesik; beraz, familiak berriz elkartzea are zailagoa… Bestalde, siriarrez gainera, badira kurduak, irakiarrak, irandarrak… Siriarrez asko entzuten da, baina, apurka, siriarrek irteteko aukera gehiago dituzte, asilo-eskubidea onartzen dietelako; afganiarrei, ez. Eta etsita daude! Afganistanen gerrarik ez dagoela esaten diete, talibanengandik ihesi dabiltza ordea! Harrapatu eta deportatuz gero, «ondoetorri» itzela egingo dietelako beldur ere badira.
Batzuk ezin dira kanpamendutik irten, horretarako zigilu bat behar dutelako; zigilua dutenak herrira joan daitezke, eta han abokaturen bategaz harremanetan hasteko aukera izan, paperen kontua arintzeko; kanpamentutik oso zaila delako hori tramitatzea. Ostera, zigilua lortzea ez da erraza: hitzordua skype bidez eskatu behar duzu, kanpamentuan ez dago wi-fi-rik, askok ez daukate telefonorik… beraz, gurpil zoroa! Etsipen hutsa! Etsipenak, eta desberdintasuna sustatzeak, zoritzarrez, euren artean talkak eta ezin ikusia sortzen ditu, arrazismoa… Bihotzean ziztada da ume batek esatea: aukera egizu siriar bat ala afganiar bat? Sentitzen eta uste dugu han utzi genituela egunero gauza eta ahalegin bera egiten, zalantzaz beteriko biharamunari zain, guztizko ziurgabetasunagaz… Abokatuak behar dituzte, dei egiten diegu abokatuei boluntario jardutera, behar handia dute alde horretatik.
Azken egunetan inguruetan polizia asko zebilela konturatu ginen, eta jende askok alde egiten zuela; horregatik, GKEkoei galdetu genien ea kanpamendua ixteko arriskurik zegoen… Denbora guztian zer gertatu zain geunden… Ezetz esaten ziguten, egoera horrek berdin zirauela denbora luzean, ez zela halakorik gertatuko… Idomenin ere hala usteko zuten, eta ixteko eguna heldu egin zen. Bueltan jakin dugu 1.500 lagun ei daudela geroztik mendian «galduta», ostenduta, Idomeni lako kanpamenduetara itzuli gura ez dutelako, batek daki zelako baldintza latzetan bizirauten… Gogorra da han egotea, barrua jotzen dizu han bizitakoak; orain hemen gaude, baina egunero han zer gertatu begira, informazio bila…
Zer mezu hedatu gura zenukete edo beharko genuke? Jendarteari, arduradunei…
D.M.: Penagarria eta deitoragarria dela! Konturatu gara garrantzitsuena dela hemen jardutea: jendea kontzientziatu, sentsibilizatu, gure gobernuei presioa egin, bultzarazi, mugitzera behartu… Ez utzi gertatzen dabilena ahaztarazten! Ahaztu ditzagun ahalegintzen ari direlako; kanpamenduetan sartzen dituzte eta han utzi, albistegietan ager ez daitezen, haien berri emateari utz diezaioten… Zerbait are latzagoa gertatzen ez bada, ez direlako «albiste izango»… Hiru egunean 900 errefuxiatu ito dira itsasoan! Bide hori itxiz gero, beste bat aurkitzen ahaleginduko dira, okerragoa, zailagoa; euren herrian ezin direlako bizi! Erreakzionatu, gertatzen dabilenaren aurka kalera atera behar dugu, erantzun, presioa egin! Ekainaren 20ko Ongi Etorri Errefuxiatuak manifestaziora joatera ere dei egiten dugu.
S.A.: Gertatzen ari dena hedatzeari jarraitu…Europa da arduradun handiena, eta gu europarrok. Armak ematen dizkiegu herrialde horiei, eta eragotzi edo traba egiten digutenean, ateak itxi! Ihesean datorrenari, ateak itxi?! Zu eta bion moduko jendeari, ateak ixten gabiltza! Gu legez, maila ertaineko herritarrak dira; ez dut pentsatu ere egin nahi dirurik ez dutenengan… Niri orain halako zerbait gertatuz gero, gerrate bat bizi eta ihes egin behar izatea, neuk ezingo nuke ordaindu mugaraino heltzeko txartela ere! Mafiak daude, askok etekina ateratzen dio egoerari… Eta honek denak Mendebaldearen abala eta bermea dauka!
D.M.: Eta bazter ditzagun zentzu bako aurreiritziak eta beldurrak: «ehun mila etorriko dira eta, gero, hemen zer?», Algortara bi baino ez lirateke helduko! Gorlizera, lau…
S.A.: Bere herrian ondo biziko baziren, ez zuketen hona etorri gura izango! Nork utzi nahi du bere etxea beharrik ez badu?! Itsasoan betiko galtzera arriskatzen badira, ondasun denak bazterrean uzteko gai badira, ez da izango bestelako aukerarik ez dutelako?! Gelditzeko arrazoi bat ere ez dutelako?! Baldintza horietan itsasoratzeko prest badaude, euren lurrean bizi ezin direlako da.
Edonork boluntario joan gura badu, prest zaudete aholkuak emateko, bidaia prestatzen laguntzeko, informazioa emateko…?
Noski!
S.A.: Nik itzultzeko gogoa eta asmoa dut, beste batzuek ere bai…
D.M.: Nire semea eta lagunak udan joatekoak dira, agian… Orain udan, oporraldian, ziurrenik boluntario asko joango dira, baina urrian eta…? Orduan, adi egoteko asmoa dut, beharra balego, joateko… Proiektu asko bertan behera lotzen dira datengatik… Baina, ikusiko dugu zer gertatuko den; Greziara baino, agian, Italiara joan beharko dugu
S.A.: Edo Serbiara, edo Mazedoniatik dabiltzanak…
Harremanetarako: solidariasenaccion2016@gmail.com