Elkarrizketak

Araitz Hidalgo: "Aita hilean behin ikusteko aukera du Aiurrek"

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 16a, 12:30
Endika Lejarzegi Algortako euskal presoaren bikotekidea eta Aiurren ama da Araitz Hidalgo.

Etxerat elkarteak antolatuta, "Haurrak eta dispertsioa" hitzaldia egongo da gaur, eguenean, Algortako Villamonte kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Sakabanaketak umeei zelan eragiten dien jakiteko, Araitz Hidalgo algortarragaz egin dugu berba. Aita bisitatzeko 1.200 km-ko bidaia egin behar du Aiurrek. Izan ere, sakabanaketa-politikak eraginda, Endika Lejarzegi Monterroxon (Galizia) dago preso, etxetik 600 kilometrora.

Endika Lejarzegi, Aiurren aita, Monterroxoko (Galizia) espetxean dago, etxetik 600 kilometrora. Zenbatean behin bisitatzen duzue?
Hilean birritan joaten naiz ni, eta horietatik batean, Aiurrekin batera egiten dut bidaia. Hortaz, Aiurrek hilean behin bakarrik ikusten du aita. Egin beharreko bidea oso luzea da, eta esfortzu handia da hori ume txiki batentzat.

Badaude beste kasu batzuk: umeek hiru hilean behin bakarrik ikusten dute ama ala aita. Gure kasuan, 1.200 kilometro egin behar ditugu joan-etorrian, baina batzuek 1.100 kilometro joan eta beste horrenbeste bueltan egin behar dituzte.

Zelakoak izaten dira bidaiak?
Kontraesankorra bada ere, normalean umeekin egiteko aurrez aurreko bisitak aste barruan izan ohi dira. Gure kasuan, bisitak igandean izaten dira; hortaz, ez dugu eskolarik galdu behar. Hala ere, bi egun osorik eman behar ditugu joan eta etorrian, horrek dakarren arrisku guztiekin. Gure esku dagoen guztia egiten dugu arriskua ahalik eta txikiena izateko; baina, esaten den bezala, dabilenari gertatzen zaio, eta gu, halabeharrez, asko gabiltza atzera eta aurrera.

Zelan bizi du Aiurrek aitak jasaten duen dispertsioa?
Aiurrek lau urte bete ditu aurten; aitak 13 urte daramatza espetxean. Egoera nahiko naturala da berarentzat; ez du galdu, jaio zenetik aita ez baita egon. Hala ere, orain gero eta gehiago galdetzen du beraren inguruan. Espetxean dagoela azaldu diogu, eta badaki uzten ez diotelako ez dagoela aita etxean. Hori oso argi utzi nahi izan diogu.

Zure ustez, zer-zelako eragina du sakabanaketak umeengan?
Ume txikiek mugimendu handia behar dute, eta ordu luzez kotxean eman behar izatea, mugitu barik, esfortzu handia da eurentzat. Gainera, sendiak hurbilago egongo balira, aukera gehiago izango lituzkete haiek ikusteko, aurrez aurreko gehiago daudelako. Distantziak, azken finean, eurekin egoteko aukerak kentzen ditu.

Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Nagusitzen direnean, umeek arazo gehiago izaten dituzte bidaiak egiteko, eskolaz kanpokoak eta abar hasten dituztelako. Gure kasuan, baina, Aiurrek 6 urte betetzen dituenean askatuko dute Endika

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun