Elkarrizketak

Countrybasque musika-taldea: "Elkarregaz jotzen ibili arren, beste ezer baino lehen, lagunak gara"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ira. 12a, 10:00
Zazpi lagunek osatzen dute Countrybasque; hiru uribekostarrak dira, bi sestaoarrak, bat santurtziarra eta azkena bilbotarra. © LUIS ALONSO

Countrybasque taldeak "Made in Basque Country" diskoa kalean dauka; zazpi kideetatik hiru dira Uribe Kostako bizilagunak.

Maiatzean argitaratu zuen Countrybasque taldeak bere lehenengo diskoa; saltokietan eta plataforma digitaletan ez ezik, taldearen webgunearen (www.countrybasque.com) bitartez ere eskura daiteke. Horrez gainera, bertan topa daitezke taldearen historia, abestien bideoak zein letrak eta taldekide bakoitzaren antzinako argazkiak zein gaur egungoak. Horretaz guztiaz berba egin dugu Xabi Salinazarmendarizegaz, taldeko bozeramailea da areetarra.

Zer nabarmenduko zenuke Countrybasque taldearen lehenengo diskoaz, abestiez?

Aipatu beharra dago hasiera batean ez zela gure asmoa talde berri bat sortzea; gurago dugu proiektuaz edo musika-korporazioaz berba egitea. Denbora luzez elkar ikusi barik egon ostean hasi ginen batzen, abesti zaharrak jotzeko asmoz. Gutariko gehienok Crimen y Castigo taldean elkar ezagutu genuen; 80ko hamarkadako folk-rock amerikarra gurean jotzen aitzindaria izan zen aipatutako taldea. Horrez gainera, Itoiz taldean edo orkestra sinfonikoetan ibili diren taldekideak dauzkagu.

Batzen hasi eta denbora gutxira, kantak konposatzen hastea pentsatu genuen; lehendabizi bat, gero bi... 13 abesti genituenean erabaki genuen garaia zela grabatutako guzti horiekaz disko bat egin zitekeela. Guk egindako kantak dira denak. Ez genuen bertsiorik sartu gura izan, diskoa osatzeko kanta nahikoa genuelako.

Zelako harrera jaso du diskoak?

Ezusteko ederra hartu dute entzule askok; gure musika Amerikako Estatu Batuetan eginda zegoela uste baitzuten. Abestiak 70ko eta 80ko hamarkadetako erritmoetan daude oinarrituta; James Taylor edo Gram Parsons bezalako country kaliforniarreko aitzindarien isla senti daiteke kantetan.

Zenbait euskal abeslarien laguntza eduki duzue.

Zorionez, lagun handiak dauzkagu musikaren munduan; berbarako, Iñaki Urangak (El Consorcio eta Mocedades), Marta Artetak, Alberto Barañanok (Los Asociados) eta Goyo Garaik (Crimen y Castigo) lagundu gaituzte. Denak dira musikari handiak; nire alaba Maitanek ere pianoa jo du abestietako batean.

Zein estilo jotzen duzue?

Country-rock klasikoa deitzen diot nik; izan ere, musika-estilo horretako urrezko urteetan oinarritzen gara. Hala ere, ingelesez kantatzen dugun arren, euskal musikagaz ere nahastu ohi dugu. Letrei dagokienez, garrantzia eman gura izan diegu; berbarako, Friends dauka izena diskoko lehenengo kantak. Elkarregaz jotzen ibili arren, lagunak gara beste ezer baino lehen.

Inguruotan zuzeneko emanaldirik eskainiko duzue laster?

Horrelakorik ez daukagu buruan. Lagunarteko egitasmoa da gurea; musika egiten ondo pasatzeko batu ginen berriro. Hala ere, horrek ez du esan gura serio hartzen ez dugunik; ondo egiten ahalegintzen gara. Gure musika grabatu eta ezagutzera ematen dugu, baina gaur egun ez daukagu zuzenekorik eskaintzeko asmorik.

Badaukazue proiektu berririk?

Lehenengo diskoa promozionatzen jarraitzeaz gainera, daborduko bigarren bat grabatzea pentsatzen hasi gara.

"Best Friends" abestia


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun