Daborduko Barrika Surf Klasikarako izena eman daiteke

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 27a, 13:46
Amarratz surf-taldeak argizaiola emango dio Sabas zenaren sendiari "Sabasi diogun errespetu eta maitasunaren seinale gisa".

Amarratz surf-taldeak antolatuta, datorren urriaren 8an egingo da Barrika Surf Klasika txapelketaren 29. edizioa, Barrikako hondartzan. Bosgarren urtez, galdutako lagunak oroituko dituzte. Aurten, Tomy, Mikro eta Julitoren omenez ez ezik Sabasen oroimenez ere izango da memoriala; aurtengo kartela eta elastikoa berari eskaini dizkiote, "beste inori protagonismoa kendu barik". Ohi legez "beste arrazoi batzuk direla-eta egun berezi horretan parte hartu gura baina ezin duten horiek" ere akorduan izango dituzte.

Azken urteotako emaitza ona ikusita, aurten ere surf-txapelketa, sari-emanaldia eta kontzertua egun bakarrean egingo dituzte, "ahalik eta jende gehien egoteko", Amarratzeko kideek azaldu dutenez.

Barrika Surf Klasikan parte hartzeko beharrezkoa da Amarratzeko bazkide izatea, gutxienez klubean urte bateko antzinakotasuna izatea eta federatuta egotea. Izan ere, aurten Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) ez du eskaintzen egun bateko asegurua. Hala, federatu barik dabiltzan bazkideek, lehiatu gura izatekotan, federatu beharko dute. Izena emateko nahikoa da amarratz@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaltzea, izena eta kategoria adierazita. Epemuga urriaren 6a da, eguena.

Egun osoko txapelketa

Urriaren 8an, zapatuan, Barrikako hondartzak hartuko du Klasika, baina itsasoa olatu erraldoiak ekarriko balitu, Gorliz eta Plentziako hondartzara aldatuko da. Edozein kasuan, goizeko 08:00-08:30ean orduan hasi gura dute,  kontuan hartuta itsasgora 09:30ean izango dela. Hala, atal lau izango dira, denera, jarraian, eten barik. Surfari dagokionez, Open sistema bateratuan jardungo dute denek: emakumezkoak, gizonezkoak, 20 urte azpiko gazteak edo 40 urtetik gorako aitite-amonak. Bertatik aterako dituzte kategoria bakoitzeko sailkapena. Bigarren atala "longboard" edo "olaundi" izango da. Ondoren, "Expression Session" izeneko saio berezia izango da honako lagunakaz: Jupa Soler, Kike Panera, Edorta "Legend" Gironi, Mikel Jauregi, Ramontxu Bilbao eta Iñigo Barbolla.

Txapelketa amaitu bezain laster, denon artean gauzak jaso eta Gorlizko Xurrut tabernara joango dira parte-hartzaileak, bertan sari-banaketa egiteko, 20:00ak aldera. Bertan, "jateko pizza goxoak edukiko ditugu eta azken platera legez Amarratz Rock Stars izango dugu gure bazkide batzuek osatuta", diote klubeko iturriek. Hala, kontzertua emateko honako surlari hauek izango dira: Andrés Letamendia, Jupa Soler, Alfredo Zamora, Aletxu Gironi, Asier de Artaza, Juan Uribe, Willy P. Larrauri, Borja San Emeterio... "eta bidetik animatuko diren beste batzuk".

Halere, luntxa amaitu eta kontzertua hasi aurretik "zozketa gozoa" egingo dute "bakarrik txapelketan parte hartu dutenentzat". Amarratzeko zuzendaritzak ohartarazi du saria jasotzeko bertan egon beharko dela. Honako produktuek osatzen dute saria:

  • Bidaia bat, Kanariar uharteetara.
  • 9 oinetako "olaundia" (longboard), Jupak jardunaldi berezi honetarako eginda.
  • Jupa Shapes surf-ohola neurrira, Jupak egiteko.
  • Styling surf-ohola neurrira, Kikek egiteko.
  • Goreneko 4/3 Rip Curl neoprenoa neurrira.
  • Kaian jatetxean bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • El Puerto jatetxean bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • Light House tabernan afaria, 2 pertsonentzat.
  • Bibi txokoan bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • "3Sesenta" aldikariaren urtebeteko harpidetza.
  • Ipar-hego arropa.

Era berean, beste zozketa batzuk izango dira. Tartean, bat berezia txapelketan parte hartu ez eta sari-banaketan egongo direnentzat.

Amarratz surf-taldeak eskerrak eman dizkiete ekimena lagundu duten erakunde eta eragile denei: Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Udalak, Barrikako Golfo Norte eta Milagros, Gorlizko Viviendas Canadienses, Xurrut, Noho, Ohiko Ogia, Lanbro fruta-denda, Light House, Gauzak denda eta Arai aseguruak, Plentziako Kaian hotel-jatetxea, La Kanal, El Puerto eta Bibi txokoa, Sopelako Prosurf saltokia, Ipar-hego, "3Sesenta" aldizkaria, Bizkaiko Surf Federazioa eta Euskal Herriko Surf Federazioa.

Egitaraua

08:00-08:30 txapelketaren hasiera, Barrikako hondartzan.

20:00 Sari-banaketa, luncha eta zozketak, Gorlizko Xurrut tabernan.

22:00 Amarratz Rock Stars-en kontzertua.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun