Elkarrizketak

Laurita Siles: "Proiektu agroekologikoa landu gura dugu, praktika artistikotik abiatuta"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko urr. 3a, 18:54

Karrantzako bertoko ardia ezagututa sortu zitzaion artilearen prozesua ezagutzeko grina Laurita Silesi.

Algortako Portu Zaharra eta Karrantza artean bizi da eta lan egiten du gaur egun Laurita Siles Ceballos (Marbella, 1981) artistak. "Mutur beltz" egitasmoan buru-belarri murgilduta egoteaz gainera, doktoretza amaitzen dabil EHUren Arte Ederren Fakultatean. David Hornback (Los Angeles, 1962) eta Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) sortzaileakaz batera, Bosteko 2016 erakusketa ibiltarian dauzka ikusgai bere artelanak. Gaurtik urriaren 23ra arte, Kultur Leioan egongo dira ikusgai.

Ederra izan behar du Bosteko erakusketa ibiltarian parte hartzeak.
Zoragarria da! Askotan, Bilboraino joan behar izaten dute artezaleek horrelako erakusketez gozatu ahal izateko; Bostekoren bitartez, ordea, bost udalerritan (Basauri, Leioa, Arrigorriaga, Amorebieta-Etxano eta Getxo) egongo dira ikusgai David Hornback, Leire Urbeltz eta nire artelanak.

Horrez gainera, herritik mugitu barik joan ahal izango dira nire gertuko eta lagunak nire sorkuntza-lanak ikustera. Abenduan, Algortako Torrene aretoan izango baitu helmuga Bosteko 2016 erakusketak. Ederra da!

"Deserriratuen bidaia" da aurtengo erakusketaren goiburua.
Bilbao Arte Fundazioaren zuzendariari Juan Zapaterri bururatu zitzaion deserriratuen inguruan hitz egiteko ideia, seguruenik, Europako mugetan pilatutako milaka errefuxiatu jasotzen ari diren tratu lotsagarria ikusita.

Bosteko 2016 erakusketa ibiltarian artelanak aurkezteko aukeratuak izan garen lagunoi dagokigunez, hirurok gure sorterriagaz zer ikusirik ez daukaten gaien inguruan gabiltza lanean. Ni andaluziarra naiz eta Karrantzako mutur beltz ardia daukat aztergai. David, berriz, estatubatuarra da; Bilboko Alde Zaharrean dauka ikasgela. Inguruan ezagututako hainbat lagun erretratatu eta horiek ikasgelatik zenbat pausotara ezagutu zituen zenbatzen ibili da: "2 urratsetara ezagutu nuen Alessandro. Judith, ostera, 5 urratsetara...". Azkenik, Leire nafarrak Errumanian zegoela egin zituen bere lanak.

Zer ipini duzu ikusgai Bostekon?
"Mutur beltz" proiektuan egindako lanen lagin bat baino ez da. Nire mutila den Josebaren aitak, mutur beltz arrazako 50 ardi dauzka; Karrantzako ardi autoktonoa da. Horiek ikusita berehala piztu zitzaidan artilearen prozesua ezagutzeko grina.

Artilea lantzeko tresnak egin dituzue.
Hiru objektu-eskultura sortu genituen: BiziKarder bat (artilea kardatzeko bizikleta); BiziRueka bat (gorua duen bizikleta); eta BiziFeltro bat (feltroa egiteko gailua, bizikletara egokitua). Horrez gainera, Karrantzako mutur beltz ardien artileagaz 50 txapela eta txaleko bi egin genituen. Azken horiek dira egindako tresna horiekaz lan egiteko jantziak.

Eta ikus-entzunezko lanak ere ipini dituzu Bosteko erakusketan.
Bai. Udan, mutur beltz arrazako ardiak dituzten artzain batzuen baserrietan egon ginen, eta Karrantza bailarako irute-prozesu tradizionala ezagutzen duten emakumeakaz ere bai. Beraien zeregina ezagutu eta ikasi nahi genuen, eta lan horietako batzuk agiri bideografiko batean jasota utzi. Azkenean, 2015eko azaroan aurkeztu genituen filma eta proiektua, La Encartada txapel-fabrika ohian.

Zein da "Mutur beltz" egitasmoaren helburu orokorra?
Proiektu agroekologikoa landu gura dugu, artetik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun