Elkarrizketak

Dani Fano: "Mirari bat da Xabiroik jarraitzea; eta mantendu izana"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko aza. 18a, 17:27

Dani Fano, Donostiako estudioan.

Dani Fano Ardanaz komikigile donostiarra ohiko erreferentea izaten da Areetako Xake plazara hurreratu eta Getxoko Komiki Azokara datozen zale euskaldunentzat. Bederatzigarren arteak euskaraz argitaratu dituen azken nobedadeez inguratuta egoten da, "Xabiroi"-ren salmenta-postuan. Fanok ederto ezagutzen du euskal komikigintzaren egoera, komikigile eta ilustratzaile izateaz gainera, parte hartzen duelako euskarazko aldizkari bakanetan: "Xabiroi"-n koordinatzailea da, eta "H28" hilabetekari "saretirikoan" kolaboratzailea.

Getxoko Komiki Azokak 15 urte beteko ditu aste-akabuan. Zein garrantzia dauka azokak zure ustez?

Hasteko, Euskal Herrian egiten den handiena da. Gainera, ez hasieratik baina "Xabiroi"-ren bigarren urtetik, 2007tik aurrera, beti egon gara presente hor, Komiki Azokan. Sekulako parada da jendearekin egoteko, baita Estatuko zein kanpoko egile eta argitaletxeekin ere. Erreferente bihurtu da guretzat.

Aurten, gainera, kolaboratu egin duzu.

Iaz Iñaki Elorriagak [Getxoko Komiki Azokaren arduradunak] proposatu zidan zerbait egitea, azokan egiten diren lau erakusketetako bat "Xabiroi"-ren inguruan egitea. Orduan, aurten gure albuma Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok atera behar dutenez, gurekin hasieratik dabilen egile-bikotea denez, eta hau denez publikatuko den haien hirugarren lana: "Museo bilduma", bada proposatu nion horien inguruan egitea erakusketa; hala izango da: "Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado: binetazko bikote". Neu ere han egongo naiz, baina gonbidatuak haiek dira. Ni beti nago, nire lanak sinatzen ere egongo naiz. Xabiroiren aldetik, partaidetza berezia haiek izango dute: Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok.

Hortaz, barikuan, sinatze-txanda izango duzu "Xabiroi"-ren salmentagunean.

Hori da: ostiralean badut txanda bat, larunbatean... egile izateaz gain, "Xabiroi"-ren koordinatzailea naizenez, saltokian egongo naiz, egunero eta orduero.

Denera, zenbat ordu emango dituzu saltokian?

Denak! Ostiralean hasita, igandean itxi arte; denak.

Sinatze-txandak eskertzen dira, salmentatik ihes egiteko, ala astunagoa da?

Azkenean, bietara nago. Nik sekulako ezberdintasuna nabaritzen dut Getxon ala Durangon. Getxon ni naiz saltokiaren arduraduna eta, orduan, baditut beste ezinegon eta ardura batzuk: ea saltzen dugun, egileak etorri diren, eta abarrenak. Aldiz, Durangora joan naizenean, egile bezala joan naiz, lasai-lasai, patxadaz: "a! orain daukat nire sinatze-txanda", eta ardurak besteren batek... Halere, oso ondo eramaten dut, Getxon oso ondo pasatzen dut. Ardura hori daukat eta bietara nago: saltzen, sinatzen, anfitrioiarena egiten egileekin... denetarik, baina oso gustura.

Lehenago esan legez, "Museo bilduma" album berria ekarriko duzue azokara. Zertan datza album hori?

Album oso berezia da. Zerbaitek definitzen badu, Harkaitz Canok definitzen du, bilatzaile mokofina bera. Aurrekoan, aurkezpena egin genuenean, konparatu nuen Japoniako emakume urpekariekin: hondoan perlak biltzen dituzten, birikiak bakarrik arnasbide. Hori da Harkaitz, nire ustez, bilatzaile fin bat, oso inteligentea eta oso gustu onekoa; eta aurkitzen dituen perlak guretzat dira. "Museo bilduma" hori da, perla-bilduma bat. Gero badago hausnarketa bat: zein bildumazaleak garen gizakiok; eta, azkenean, badago pertsonaia bat, museoz museo joan eta museoak biltzen dituena. Hasiera batean, ematen du espioi-lanak egiten balego bezala; baina, gero, historia aldatuz doa... Baina, ez dugu kontatuko. Orain arte egin dugun lanen artean, berezia eta ezberdina da. "Museo bilduma"-ri buruz galdetu didatenean, bidaia bat dela esan dut beti, museo batera joatea bezalakoa. Ireki begiak, ireki burua eta burmuin iragazkorra; eta gozatu!

Urteko album bakarra izango da hori. Horrez gainera, zer beste kontu gehiago ekarriko dituzue?

Aspaldi konturatu ginen euskarazko material asko, nahiz eta egon –egia da euskarazko komiki gutxi argitaratzen dela–, gutxi hori ere askotan ez zegoela. Ez zirelako joaten argitaletxe horiek, askotan argitaletxe txikiak direlako, eta Durangora joaten dira baina, agian, Getxora ez, ez daukatelako astirik, ez dagoelako haien planetan, edo dena delakoagatik. Gabezia hori ikusten genuen: jendea etortzen zitzaigun galdezka, ea besterik zegoen, eta guk ezetz. Hortaz, aspalditik saiatzen gabiltza dauden euskarazko komiki berri gehienak gure saltokira ekartzen. Beraz, gure materialaz gain, "Xabiroi" aldizkariak eta "Xabiroi"-ko albumak, denetarik egongo da: Zaldieroaren "De rerum natura"; Mattin-en "Zarrakamalda"; Txalapartak argitaratutako "Habiak" eta "Munduko bandarik txarrena"; Astiberrik euskaraz argitaratu dituen komikiak, "Pilula urdinak", "Etxea"... hainbat. Saiatzen gara euskarazko dena, edo gehiena behintzat, gure saltokian erakusten eta saltzen. Gainera, iaz Euskal Herrian argitaletxe berri bat sortu zen, Harriet Ediciones; Gregorio Muro Harriet egileak darama. Aurten material gehiago dauka eta elkarrekin jarriko gara. Beraiek haien saltokia eta guk gurea, baina erdiko pareta kenduko dugu, eta Harriet Edicionesen material guztia ere gure ondoan egongo da. Hainbat egile eta euskarazko material partekatuko ditugu.

Zer iruditu zaizu aurtengo egitaraua?

Badakit erakusketak zeintzuk diren. Gainera aurtengoak bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit: David Aja, Ibarrola, Harkaitz eta Iñakirena zein Horacio Altunarena iruditzen zaizkit aukerarik onenak.

Bada erakusketa gehiago, tartean Algortako Torrene aretoan Mikel Begoña sopeloztarraren eta zure lanak batzen dituen "Zure komikia maite dugu".

Bai, José Carlos Torrek ["RumblE!!" fanzinearen koordinatzaile leioaztarrak] prestatutakoa. Iaz ere egin zen, Bizkaian ere bai. Komikia sustatzen ibili direnen inguruko erakusketa da. José Carlosekin egon nintzen, eman nion materiala; baina, ez dut ikusteko aukerarik izan.

"Xabiroi"-ra bueltatuz, 11 urte pasa dira jaio zenetik. Zein da egiten duzun balorazioa?

Miraria dela; kar, kar, kar. Hasieratik. Argitalpen-mundua zaila da; bada komikiarena... ez dut esango; eta euskarazko komikiarena... beldurgarria da. Baina aukera suertatu zen "Xabiroi" sortzeko, Ikastolen Elkarteak egin zigun proposamena, eta zenbakiz zenbaki opari bat da, mirari bat. Urteak joan, urteak etorri, ohitu egin naiz, normaltzat hartu dut; baina, egia da, patxadaz aztertzen baduzu, mirari hutsa dela "Xabiroi" mantendu izana, eta "Xabiroi"-k hor jarraitzea. Garai txarrak pasatu ditugu, diru aldetik, zalantzak, egiten jarraitu ala ez jarraitu, beti gabiltzan moduan; baina, jada proiektua oso egonkor edo sendo ikusten dut. Harrokeria puntu batekin esango dut: "Xabiroi"-k garai bat markatu du. Agian gehiegi esatea da, baina, egia da, "Xabiroi" sortu zenean ez zegoela ezer edo ia ezer. Esango nuke "Xabiroi"-k komikigintzari egin dion ekarpenik esanguratsuena izan dela, existitzeaz aparte eta argitaratu duen materialaz aparte, egile-sare bat bere inguruan egonkortzea. Lehen, "Xabiroi"-ren aurretik, egile horiek guztiak sakabanatuta geunden, ez genuen elkarren berri, hor geunden, gure etxean, proiektu indibidualetan. Eta "Xabiroi"-k zer egin du? Ez dakit zenbatean behin, aldizkarian, Getxon, Anguleman, edo ez dakit non, batzen gara, egoten gara "kar, kar, kar", eta horrek egonkortu du horrelako egile-sarea, fruituak ematen dituena. Ez dakit zenbat komiki-egitasmo "Xabiroi"-ri esker egin direnik ez dut esango, baina bai sortu direla sinergia batzuk, gero emankorrak izan direnak. Seguru aski, "Xabiroi"-n egon ez balira, euren artean kolaboratu duten egileek ez zuketen inoiz elkar ezagutuko. Interesgarriena hori izan da: orain oso aktibo eta parte-hartzailea den sarea.

Aldizkariaren irakurle gehienak nerabeak dira, baina zuek nagusientzako komikiak egitea erabaki zenuten lehenengo momentutik.

Bai. Nerabeentzat zerbait egitea oso arriskutsua da. Klabea da ezin ditugula tontotzat hartu. Beraientzat zerbait diseinatzen badugu, kale. Kale egiten ari gara sorreratik. Sortu behar dugu guretzat. Gure nerabezaroa gogoan hartuta, ez genituen nahi nerabeentzako gauzak. Nik irakurtzen nituen [Milo] Manara eta "1984" aldizkaria, adibidez; helduentzako komikiak, literatura eta zinema. Merkatu frankofonoan oso ondo definituta dago hori: "ado/adulte" (nerabezaroa/heldu-aroa) deitzen dute beraiek; adoleszente batek, hasteko esfortzu bat eginda, gustura irakur dezakeen zerbait eta nagusi batek gustura irakur dezakeen zerbait da. Guk ez daukagu lerro editorialik, egileok nahiko libre jokatzen dugu. "Xabiroi"-n egileari proposatzen zaio zerbait egiteko, baina berak erabakitzen du zer egingo duen. Hortaz, ez daukagu nerabeentzako produktua izateko fama.

"H28" aldizkari digitalean ere bazaude. Orain, paperean ateratzea proposatu duzue.

Bai. Iaz eman genuen jauzi hori; urtekari bat egin genuen, Durangorako. Komikigile gehienok paperaren jonkiak gara eta komikiak usaindu egiten ditugu. Orduan, iaz pentsatu genuen urtekaria ateratzea, oso gustura geratu ginen emaitzarekin, saldu genuen gure irakurleen artean, eta aurten berdin. Iaz izan zen "Urtikaria"; aurten izango da "Urdekaria".

Beraz, urteko album bakarragaz segituko duzue?

Bai. Bilduma bat izango da, urtean zehar aldizkari digitalean ateratakoen hautaketa bat. Iazkoa baino potoloagoa izango da, 100 orrialdeetara joan baikara, crowdfunding-kanpaina baten bidez finantzatuta.

Amaitzeko, komikigintzan interesa duten neska-mutilei zer esango zenieke?

Mundiala dela. Askatasun handiagoa ematen duela, irudiarekin lan egiten duten beste adierazpen-medioek baino. Egiteko merkea delako;  zinemak eta telebistak ez duten askatasun hori duelako: egin dezakezu kortsarioen historia bat edo erromatarrena, eta ez duzu lokalizaziorik, jantzirik edo estrarik behar. Mugarik ez duen adierazpen artistikoa eta literarioa dela, eta hori baliatu beharrekoa dela, gozamena dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun