Herri-kontsultak Uribe Kostan

Eskualdeko 25.000 lagun baino gehiagok burujabetza eskubidaeren inguruko iritzia eman ahalko dute

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 15:18

Joan den zapatuan aurkeztu zuten maiatzaren 7an eskualdeko hainbat herriko egingo duten herri-galdeketaren galdera. Gure Esku Dago herri-ekimenak sortutako Uribe Kostako Ados taldeak ezagutarazi zuen itauna: "Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?". Galdera eskualdeko 32 lagunek osatutako Lan Batzordeak zehaztu du, beste hainbat herritarren eta alderdiren parte-hartzeagaz.

Ados taldeak azaldu duenez, erabakitze eskubidearen alde Uribe Kostako udaletan ordezkaritza duten hainbat alderdik parte hartu dute galdera erabakitzeko lan-taldean, hala nola EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu.

"Lanari heltzeko unean argi izan dugu ariketa demokratikoa antolatzen ari ginela, behetik gora eta esperientziarik gabe antolatu den ariketa demokratikoa, hain zuzen ere", azaldu dute ordezkariek. Kultura demokratiko "berritu" bat bultzatu gura dutela nabarmendu dute, "herriaren partaidetza eta protagonismoa indartuz".

Hala, maiatzaren 7an Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko 16 urtetik gorako 25.185 herritarrek aukera izango dute erabakitze eskubidearen inguruko euren iritzia emateko. "Ez gara bakarrak izango, 2017an zehar Euskal Herriko 520.000 herritar biltzen dituzten 113 herrietan gutxienez erabaki baitute halako herri galdeketak egitea", gehitu dute Ados taldeko kideek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun