Ados taldeak azaldu duenez, erabakitze eskubidearen alde Uribe Kostako udaletan ordezkaritza duten hainbat alderdik parte hartu dute galdera erabakitzeko lan-taldean, hala nola EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu.
"Lanari heltzeko unean argi izan dugu ariketa demokratikoa antolatzen ari ginela, behetik gora eta esperientziarik gabe antolatu den ariketa demokratikoa, hain zuzen ere", azaldu dute ordezkariek. Kultura demokratiko "berritu" bat bultzatu gura dutela nabarmendu dute, "herriaren partaidetza eta protagonismoa indartuz".
Hala, maiatzaren 7an Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko 16 urtetik gorako 25.185 herritarrek aukera izango dute erabakitze eskubidearen inguruko euren iritzia emateko. "Ez gara bakarrak izango, 2017an zehar Euskal Herriko 520.000 herritar biltzen dituzten 113 herrietan gutxienez erabaki baitute halako herri galdeketak egitea", gehitu dute Ados taldeko kideek.