Herri-kontsultak Uribe Kostan

Mas eta Ibarretxeren hitzaldia streaming bidez emango dugu

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 22a, 10:20

Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Urkullu gaur eguneko lehendakariaren ondoan, artxiboko irudian.

Aurreikuspen DENAK gainditu dira: Artur Mas Generalitateko presidente ohiaren eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren gaurko konferentziak jakin-min handia sortu du herritarren artean. Aste bi baino gutxiagoan izen-emateek Kursaaleko auditoriaren gehienezko edukiera gainditu dute (1.800 lagun); hori dela eta, Gure Esku Dagok streaming bidez transmitituko du saioa. HIRUKAn ere zuen esku jarriko dugu bideoa, zuzen-zuzenean, 19:00etatik aurrera.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, erabakitzeko eskubidearen inguruan arituko dira bi gonbidatuak eta Kataluniako prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera emango dute.

"Ohore handiz, Kataluniako Generalitateko presidente ohi eta Partit Demòcrata Català alderdiko presidente Artur Mas izango dugu gurekin. Agintean zela, 2014an Kataluniaren etorkizunaren inguruan prozesu parte hartzaile bati bide eman zion Masek, eta, horregatik, auzibidean da gaur egun", azaldu du GEDk.

Jardunaldira bertaratzen direnei Kataluniako egoera azalduko die presidente ohiak eta gizartearen aldarrikapenei erantzuteko etorkizuneko ikuspegia eskainiko du.

Ibarretxe lehendakari ohia izango du alboan, Agirre Lehendakaria Center ikaskuntzen zentroko zuzendaria. Krisi ekonomikoaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa eskainiko du berak; Euskal Herria bezalako herriek munduan euren lekua aurkitu dezaten kulturak duen garrantziaz eta gure etorkizuna eraikitzeko erabakitzeko eskubideak, printzipio demokratiko gisa, duen garrantziaz ere arituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun