Elkarrizketak

Erica Liquete: "Txikiek gurasoei euskara irakasteak motibazio-puntua ematen dio proiektuari"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko ots. 25a, 12:00

Erica Liquetek ahotsa ipini die bere ipuinetako pertsonaia denei; modu berean, txirula jo du istorio guztietan. HODEI TORRES

Sorgina Txirulina proiektua hasi berri du Erica Liquete Villamor sopeloztarrak, euskaldunak ez diren gurasoek euskara ikas dezaten, ipuinen eta seme-alaben laguntzaz.

Sortzez algortarra bada ere, Sopelan bizi da Liquete. 32 urtegaz, eskarmentu handia du ipuin-kon­talari eta txirula-jole gisa; publizitate- eta komunikazio-agentzia batean egiten du behar. Sorgina Txirulinaren arropa jantzita egitasmoaren gaineko galderak erantzun ditu, abegikor.

Zer lortu gura du Sorgina Txirulinak?

Sorgina Txirulinaren helburua da euskaldunak ez diren pertsonek euskara ikastea, seme-alaben eta ipuinen laguntzagaz.

Guraso euskaldunek ere erabil ditzakete Sorgina Txirulinaren ipuinak?

Bai, denentzat da. Azken finean, euskarazko ipuinak dira; hortaz, denok erabili eta gozatu ahal ditugu.

Ipuinak zuk asmatutakoak dira, ala jaso egin dituzu?

Nik asmatutakoak dira. Jorratzen ditudan gai denek ematen dute balioren bat transmititzeko bidea. Bestalde, Euskal Herriko kontuak, tradizioak eta pertsonaiak erabiltzen eta ezagutarazten ahalegintzen naiz.

Zeintzuk dira orain arte sortu dituzun ipuinak? Konta egiguzu bateren bat...

Pasa den astekoa izan zen Inauterien gainekoa: Ziripot, Miel Otxin eta Zaldikoren istorioa; baina, beste bertsio bat egin nuen, benetakoaren amaiera apur bat bortitza delako; hala, nik asmatutakoa beste modu batekoa da. Beste bat da Korrikaren gainekoa. Aurreko bat egin nuen Mari Domingiri buruz. Beste ipuin bat sortu dut barazkien kontuak jorratzen dituena, zeintzuk diren sasoi bakoitzeko ortuariak, eta horrelakoak.

Zein bitarteko erabiltzen dituzu ipuinak gurasoei helarazteko?

Sorgina Txirulinaren webgunean ipintzen ditut ipuinak; bertan daude den-denak. Ipuin bakoitzak badauzka zenbait kontu: pdf dokumentua, euskarazko eta erdarazko testuagaz; unitate didaktikoa, bertan agertzen da gurasoek ikasiko duten teoria, hiztegia edo estruktura; eta ipuina entzuteko soinu-fitxategia, amak edo aitak entzun dezake intonazioa nolakoa den eta esaldiak zelan egin behar dituen, eta horregaz konta diezaioke istorioa txikiari, alabari edo semeari; azken atal bat dago: jarduera-proposamenak; horretan, ipuin bakoitzagaz lotuta dagoen zerbait proposatu dugu, nagusiek ikasitako teoria praktikan ipintzeko eta umeak ere parte har dezan ipuin horren inguruan.

Zalantzaren bat izanez gero, zugana jo dezakete gurasoek?

Orain arte inoiz ez zait halakorik gertatu; dena den, baten batek zalantzaren bat badauka, bai, galdetu ahal dit.

Umeen papera ere garrantzitsua da.

Nire iritziz, txikiek gurasoei euskara irakasteak motibazio-puntua ematen dio proiektuari, apur bat harreman hori sortzen lagunduko duelako euskararen inguruan.

Zertan dira bereziak ipuinak?

Ipuinak musikagaz doaz, flautagaz; hori dela eta naiz Sorgina Txirulina.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun