Berdintasunerako Emakunde Saria jaso du Marta Macho irakasleak

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 6a, 13:45

Marta Macho atzoko ekitaldian. © EHU

Marta Macho Stadler EHUko irakasle eta matematikako doktoreak jaso zuen atzo Berdintasunerako Emakunde Saria, matematika eta zientzien ezagutza emakumeengana hurbiltzera bideratutako ibilbide zientifikoarengatik. Saria Iñigo Urkullu lehendakariak eman zion eta Marta Macho Stadlerri eskertu zion irakaskuntzan eta unibertsitatean, zientzian eta gizartean berdintasunaren arloan aurrera egiteko egindako ahalegina.

Ekitaldia Gasteizen egin zen, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan. Bertan, egin den ekitaldian Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria ere izan zen. Sari-emanaldia bihurtu zen emakumeak zientziaren eta teknologiaren munduan ikustarazteko eta aitortzeko aldarrikapena.

Emakunde sariko epaimahaiak matematiken hezkuntzan genero ikuspegia txertatu izana eta unibertsitatearen barruan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten batzorde zientifiko eta akademikoetan parte hartu izana baloratu zuen Marta Macho Stadlerri saria ematerakoan; eta horrekin batera, azpimarratu zuen "Mujeres con ciencia" blogaren arduradun legez emakume zientifikoen lana ikustarazteko egindako ekarpena. Blog hau Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatzen du eta generoa eta zientzia gaia lantzen ditu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun