Klubak ez dizu kontratua berritu. Zelan hartu duzu?
Ondo. Denbora asko egon naiz, eta nago, Athleticen. Niretzat pribilegio oso handia eta berezia izan da hori. Aukera izan dut daukadan dena emateko maite dudan klubari, eta ikusita kontuak zelan joan diren, pozik nago. Alde batetik, izan dudan aukeragatik, eta beste aldetik, jendea nitaz zelan kezkatu den ikusita... dena primeran joan da. Beraz, orain arte kristoren esperientzia izan dut. Horrela bizi izan dut.
Ahal izanez gero, gurago zenuen segitzea?
Ez da nahi izatea ala nahi ez izatea. Futbolak bere momentuak eta bere bideak ditu. Ez dut harago inoiz pentsatu. Azkenean, modu onez etortzen dena bide onez hartzeko beharra dago. Aukera berriak ematen ditu bizitzak, beste kontu batzuk egiteko ere. Dagoeneko heldua naiz eta badakit zer den futbolean egin beharrekoa; badakit zelango sasoian nagoen ere. Beraz, horrekin lasai egon naiz beti.
Zer utziko duzu atzean?
Bizitako momentu eta oroitzapen asko, pertsonalak, jendearekikoak, klubarekikoak eta futbolarekikoak ere; baina, batez ere, kideak. Azken finean, kideak dira egunerokotasunean alboan dituzunak, nire eta gure arteko momentuak elkarrekin bizitzen; beti bihotzean eramango ditut.
Zer egingo duzu aurrerantzean?
Kar, kar, kar... Orain, oporrak hartuko ditut. Hori da lehenbizikoa, lasaitasunez, erabakiak familian hartzeko. Familia osatu nuenetik kontuak beste era batera ikusten ditut: erabakiak familiarekin batera hartu behar ditut, ez da ni bakarrik nenbilenean bezala, leku batetik bestera joan nintekeela eta dena errazagoa zela. Orain, beraiekin disfrutatzeko garaia da, eta elkarrekin hartuko ditugu gerora begirako erabakiak.
Datorren denboraldian futbol-zelairen batean ikusten duzu zure burua?
Bai, bai, ikusten dut; horrela adierazi dut orain arte. Sasoian nagoela sentitzen dut, oraindik indarra eta, batez ere, ilusioa badauzkadalako. Azkenean, nahiz eta zaharragoa izan, indarra badaukat, prestatuta bainago lan hori egiteko. Baina, gero, ilusioa da garrantzitsuena, eta nik ilusioa daukat dakidana erakusteko eta aurrera egiteko. Bestalde, esan dudan bezala, jada ez da nik neuk bakarrik hartu beharreko erabaki bat; familian puzzle txiki bat egin beharko dugu, eta ikusiko dugu nola doan dena.
Daborduko eskaintzaren bat jaso duzu?
Ez, oraingoz lasai gaude. Orain garrantzitsuena da oporrak ondo bizitzea, lasai egotea eta hortik aurrera ikusiko dugu. Futbolak ere bere erritmoak dauzka, pauta batzuei jarraitzen die, eta kontu asko azkenengo momentuan egiten direla uste dut. Ni oso modu errazean bizi izan naiz hamar urte hauetan, pribilegio horri esker: beti leku berdinean eta lasai; beste askorekin alderatuz gero. Hori ere kristoren zortea izan da. Bada urtero lan bila ibili behar duen jendea futbolean segitzeko, eta horrek ere estres handia dakar. Nik, ostera, zortea izan dut orain arte. Eta aurrerantzean, beste kontu batzuk egiteko aukera ere badut.
Agur-ekitaldiak egin dizkizute Lezaman, San Mamesen eta Indautxun. Zelan bizi izan dituzu?
Intentsitate eta poztasun handiko momentuak izan dira. Ez ditut inoiz ahaztuko. Adibidez, esango nuke lehenbizikoan, Lezamakoan, nire agerraldian baino urduriago sentitu nintzela. Hitz egin behar nuen, egoera azaldu, jende guztia agurtu... Berez hori zaila da, eta duen karga emotiboarekin, bihotza guztioi samurtzen zaigu; pixka bat zailagoa izan zen. Ondoren, San Mamesekoa kristorena izan zen, poztasun handikoa. Nire alaba nagusiak, Martinak, biziki eta irrikaz bizi izan zuen momentu hori. Pozez dardarka zegoen! Berak ez du ahaztuko, ezta nik ere. Une oso hunkigarria izan zen, nirekin batera dena eman zuten taldekideek eta jendeak. Esan bezala, pribilegio hori izan dut, eta harro sentitzeko momentua izan da. Bestalde, Indautxukoa "petit comité"-an izan zen, baina, aldi berean, oso berezia; Jose Angel Iribar eta Carmelo Cedrún nirekin egotea berezia da beti. Halako bi pertsona alboan izatea... eta, egia esanda, beti izan ditut, beraiekin egon naizenean nire alboan egon direlako, indarra eta aholkuak ematen. Horrek asko eta asko aberastu nau, nire bizitzan oro har. Eta azkenengo momentuan ere, une hunkigarri eta txiki-txiki horietan, haiek ere egotea merezi izan zuen.
"Txopo"-k eta Cedrúnek zugaz egin duten moduan, zeuk ere Arrizabalagari aholkuren bat eman diozu?
Bestearen lekuan jartzen saiatu naiz beti; eta, nik besteengandik jaso dudan bezalaxe, gustatuko litzaidake pentsatzea neuk ere besteekin berdin jokatu dudala. Beraz, hala jokatu dudala uste dut. Armando, adibidez, edo Toni Jiménez, Espanyolen nengoenean, nirekin egon ziren, erakusten, bakoitzak bere modura eta bere izaerarekin. Nolabait haien lekukoa hartu dut... Kokospekoa egitearena ez, e! Bizitzeko uneak horrelakoak dira eta horrela doa bizitza ere. Nagusitzen zarenean kontu ezberdinak egin behar dituzu, umeekin, alabekin... Horrela hartu dut nik. Beti esan dudan bezala, Kepak eta Remirok, eta Iagok, eta guztiek oso harrera ona egin didate. Eta zaila da une horietan, norbait hurbiltzea kontuak esatera, aholkuak ematera; baina, haiek oso jarrera ona izan dute beti, ohorea izan da haiekin lan egitea. Haien indarra eman didate; beraz, uste dut behintzat saiatu naizela ondare pixka bat beraiei uzten. Espero dut hala egin izana.
Zurekin batera, Athleticetik aterako dira Ibarra, Iturregi eta Murua. Zelan ikusi duzu haien ibilbidea?
Ibilbide oso-oso luzea eta bikaina egin dute. Kontuan hartu nolakoa zen emakumeen futbola hastapenetan, beraiek hasi zirenean, eta nolakoa den orain, beraiek ere egindako lanari esker. Hori lortu dute; horretaz oso harro egon behar dute. Era berean, Athleticek beraiei ere esker ona adierazi die. Eta momentu hunkigarriak ere bizi izan dituzte, ni horien lekuko izan naiz, haien agurrean. Seguru nago ni bezala gelditu direla, alboan izan duten jende guztiarekin, taldekideekin... hori da edukiko duten altxorrik handiena.
Aukeratu beharko bazenu zuk egindako geldiketa garrantzitsuen arteko bat, zein hautatuko zenuke?
Bat ere ez, kar, kar, kar... Urte asko dira eta ezin dut bat-batean atzeraka egin. Geldiketa asko egin ditut, baita akatsak ere, bizitzak denetarik du. Dena batzen dut, bere osotasunean ikusita. Harro sentitzen naiz hoberena egiten saiatu naizelako, den-dena ematen, jendea laguntzen; hori da garrantzitsuena.
Txantreako klubak hezi zintuen. Txikitako garai hartako zertaz oroitzen zara?
Pozik bizi izan nituen garaiak dira, ez nuen arazoetan pentsatu beharrik; lagunekin egon... futbolean jolastu... ikasketak, pixka bat... Ez nintzen oso ikasle ona, eta etxean errietak egiten zizkidaten, guztioi bezala, txarto portatzen nintzenean ikastolan... Orain futbola modu profesionalean bizi dut; baina, garai hartan hobbya zen, jolasa, lagunekin denbora pasatzea.... Horiek dira bizitzako unerik onenak: gaztea nintzela, kalean nindoanean, dena berria zenean...
Zer esango zenieke neska-mutil futbolzaleei?
Goza dezatela! Nik asko gozatu dut futbolean jolasten, gaztea nintzela batez ere. Ondo pasatu dut lagunekin; futbolak eman dizkit eskarmentu handia eta bizipen asko, bizitzarako baliagarriak. Futbolak bizitzak ematen dituen kontu berak ematen ditu, baina kontzentratuta. Hamar urtean, ti-ta-ti-ta, dena dator bat-batean, eta aurrera egiteko beharra dago. Irakaspen handia izan da. Neska-mutilei esango nieke, jolasteko indarra badute, egin dezatela; une txarrak izango dituztela, baina aurrera egingo dutela, eskarmentu handiarekin. Futbola maite badute, eta jolasten gozatzen badute, berdin du zein mailatan egitea. Garrantzitsuena da norbera pozik egotea egiten duen horrekin, eta horrela jokatzea beti, bihotz-bihotzez.
Hamar urte, Athleticen
Gorka Iraizoz Moreno (Iruñea, 1981) Athleticen partida gehien jokatu duen hirugarren atezaina da; hau da, Jose Anjel Iribar (614) eta Carmelo Cedrúnen (402) ostean, Iraizozek dauka markarik handiena (392). Izan ere, 2007ko abuztuaren 26an jokatu zuen lehenengoz San Mamesen, Ibaiganek Espanyoli ordaindu eta jokalari-truke bat egin ondoren. Nafarrak ez zuen hasiera erraza izan Bilbon: lesio bik erizaindegira eroan zuten denboraldi osorako.
Osatuta eta Armando Ribeiro sopeloztarrarengandik lekukoa jasota, Iraizozek eraginkortasuna eta segurtasuna ezarri zituen atean. Espainiako Ligan ez ezik, Errege Kopan, Superkopan eta Txapeldunen Ligan ere erakutsi zuen balio handikoa dena.
Atezain izanda, gol bat sartu izanaz ere harro egon daiteke Iraizoz. Malagan izan zen, La Rosaleda futbol-zelaian, 2014ko abuztuaren 23an. Athletic 1-0 galtzen zihoan 94. minutuan, eta atezainak ez zuen zalantzarik izan berak ere erasora jotzeko. Buruz sartu zuen pilota Malagaren atean; baina, epaileak jokoz kanpokotzat jo eta gola baliogabetu zuen, nahiz eta Iraizoz arauaren araberako posizioan egon.
Carlos Gurpegi erretiratu zenean, Iraizozek jaso zuen taldeko kapitaina izateko ohorea, 2016an.