Izan ere, oraindino egitaraua zehazten dabiltza festetako antolatzaileak. Alain Beraza jai-batzordeko kide eta Guda Dantza musika-taldeko partaideak azaldu duenez, jai-batzorde berria osatu dute Santimamiko eta Leioako zenbait gaztek. Euren lehenengo urtean, azterketak bukatu ondoren esku bete lan dabiltza, baina norabidea argi dute: “gure helburua auzoko jaiei ikuspegi berria ematea da. Betidanik egin diren ekintzak mantenduz, egitarau berria sortuko dugu, gazteriarentzat zenbait ekintza prestatuz”. Hala, musikari garrantzi handiagoa emango diote, kontzertuak eta DJ-saioak antolatuta.
Iaz desagertzear egon ziren Santimamiko jaiak, orain dela 16 urte eratutako jai-batzordetik geratzen zen azken kideak festak antolatzeari utzi zionean, lan-kontuengatik. “Pena handia” ematen ziola aitortu zuen auzotarrak. Azkenean auzokideek eta udalek aurrera atera zituzten iazko jaiak, eta erreleboa heldu da.