Hiru eragileren izenean, 30 lagunek egin zuten agerraldia atzo, Xake plazako eskaileretan. Aiala Hernaiz Rodriguez IEAko kideak azaldu zuenez, "jai herrikoiak, parte-hartzaileak eta parekideak izan daitezen gura dugu eta horretarako hainbat pertsonok lan handia egiten dugu. Tamalez, indarkeria heteropatriarkala eta arrazismoa gure jendartean errotuta daude. Sistema heteropatriarkalak emakumeak hiltzen ditu; transexualak, lesbianak, eta homosexualak iraintzen ditu; azalaren koloreagatik, pertsonak baztertzen ditu".
Hernaizek gogorarazi zituen udako jaietan orain arte emandako eraso-zerrenda luzea, tartean Sopelakoa. Horrelakoen aurrean, adierazi zuenez, "ezinbestekoa da indarkeria forma ezberdinak salatzea: irainak, piropoak, jipoiak, baboseoa, sexu-erasoak… Eraso horiekaz beldurtu, zapaldu gura gaituzte, esparru publikoetatik atera. Baina guk argi eta ozen esan nahi dugu ez dutela lortuko. Espazio publikoa gurea ere badela, aldarrikatu eta horren alde borrokan segituko dugu. Ez dugu inolako erasorik onartuko ez Itzubaltzetan ez beste inon ere. Gu eta soilik gu baikara gure gorputzaren jabe bakarrak", gaineratu zuen.
Protokolo eta manifestazioa
Hiru eragileek salatu zutenez, "indarkeria matxista sistema honek erabiltzen duen tresna da; erasotzaileak ez dira zoroak, sistemaren seme sanoak baizik. Justifikaziorik gabeko ekintzen erantzuleak. Horregatik, eta sistema errotik aldatu ahal izateko, erantzukizuna denona da eta behar-beharrezkoa deritzogu guztiok erasoak gogor salatzea, bai eta denok batera erasorik gerta ez dadin lan egitea, bakoitzari dagokion esparrutik".
Hala, Itzubaltzetako beste eragileei eta auzotarrei eskatu zieten edozein jarrera matxista ikustekotan, sala dezatela, "matxismoaren aurkako borroka jendarte osoaren betekizuna baita", gogorarazi zuen Hernaizek. Horretarako, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladaren txosnara hurreratzea gomendatu zuen: "bertan arduradunen telefonoa egongo da, erasoen aurkako protokoloa martxan ipintzeko". Modu berean, autodefentsa feminista aldarrikatu zuen, "emakumeon arteko elkartasuna, elkarlana eta antolakuntza sistema heteropatriarkalaren aurka borrokatzeko ezinbestekoa baita".
Bestalde, IEAk manifestazioa egingo du bihar 23:00etan, txosnetatik hasita, "Jaietan gozatu, erasotzaileak akatu!" goiburupean.