Kultura  Barrika  Uribe Kosta 2017-10-10 13:28

Neandertalen ibilia, Barrikako Aranbaltza aztarnategian barrena

Iker Rincon Moreno

Azkenengo neandertalen bizitza eta ibilbidea ezagutzeko egundoko aukera dago Uribe Kosta eskualdean, berton aurkitutako aztarnak ugariak dira eta.

Neandertalen ibilia, Barrikako Aranbaltza aztarnategian barrena
Aranbaltza aztarnategian aurkitutako harri-erreminta bat. © JOSEBA RIOS | Ikusi handiago | Argazki originala

Uribe Kostako historiaurreko aztarnategiak ezagutu guran, Barrikara hurreratu zen joan den ekainean William Fitzhugh antropologo estatubatuarra, Iñaki Libano arkeologian aditu barrikoztarra gidari-lagun zuela. AEBetako Smithsonian Institutuko Historia Naturaleko Museo Nazionalaren Artikoko Ikerketa Zentroaren zuzendaria da Fitzhugh; bere esanetan, Uribe Kosta «oso interesgarria» da, «garrantzi handiko guneak» dituelako. Horrez gainera, jakinarazi zuenez bertoko aztarnategiek neandertalen eta Homo Sapiensen arteko «talka» ezagutzeko aukera eskaintzen dute, «kultur eta genetika-nahasketa eman zen ala ez iker daiteke hemen».

Horri lotuta, Cenieh Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko arkeologoa den Joseba Rios Garaizar algortarrak argi dauka: «Uribe Kosta aztarnategi erraldoia da». Azaldu duenez, historiaurreko askotariko garaien aztarnak aurki daitezke eskualdean, Behe Paleolitotik aurrera. Riosek gogorarazi duenez, neandertalak nagusi izan ziren Europan garai horretan, Erdi Paleolitoaren akabuan desagertu eta gizaki modernoa (Homo Sapiens) nagusitu zitzaienera arte.

Behe Paleolitoa gizakiaren garairik zaharrena da, eta bertan aurki daitezke Acheulear kulturako aztarnak, besteak beste. Hala ere, Euskal Herrian, horren adibide gutxi dagoela ohartarazi du adituak, «arrasto isolatuak daude, Getxoko Zientoetxe eta Leioako Kurkudi aztarnategietan, adibidez». Garai horretako aztarnak Burgoseko Atapuerca zein Iruñeko inguruan dauden aztarnategietan aurki daitezke gaur egun, baina, Euskal Herrian ez, «hutsune bat dago hemen». Ostera, Erdi Paleolitoa oso aberatsa da gurean, Neandertalgo gizakiaren garaia, hain zuzen ere. Horien aztarna ugari dago inguruotan, haitzuloetan zein aire zabalean, Mousteriar kulturakoak. Hala ere, Goi Paleolitoko aztarnak dira nagusi Euskal Herrian, lehenengo gizaki modernoarenak, esaterako Aurignac eta Gravettiar kulturakoak. Azken horren harira, Joseba Rios arkeologoak dio aldi horretan hainbat azpi-kultura egon zirela, eta, baliteke, horretako bat Euskal Herrian sortu izana, «arrastoak aztertzen ari gara hori egia den ala ez zehazteko».

Châtelperrondar kulturaren gakoa

Paleolitoaren ingurukoak ikertzen hasi zirenean, neandertalei Mousteriar kultura egozten zioten bakarrik, Erdi Paleolitoaren garaian. Ostean, horren eta Aurignac kulturaren artean zegoen Châtelperrondarra aurkitu zuten, Frantziako Châtelperrongo la Grotte des Fées leizean. Kultura hori oso garatuta zegoen eta Goi Paleolitoan sartu zuten adituek, Homo Sapiensari lotuta zegoelakoan. Hala ere, 70eko hamarkadan neandertalen arrastoakaz batera agertu ziren Châtelperrondar kulturako aztarnak, Frantziako beste hainbat aztarnategitan. «Une hartan hasi zen eztabaida, pieza horiek Neandertalgo gizakiak egin zituen edo ez jakiteko», azaldu du Riosek. Oraindino ez dago argi zein den erantzuna, eta teoria asko dago horren inguruan. Batzuek diote gizaki modernoak irakatsitako teknikak direla; beste batzuek uste dute garapen propioa izan zela, eta badira espezie bien arteko kontaktua egon zela uste dutenak ere, «eta horren ondorioz imitazioa egon zela», arkeologo algortarrak azaldu duenaren arabera.

Garairako oso garatuta zegoen kultura da Châtelperrondarra. Mousteriar aldian lauza karratuak osatzen zituzten neandertalek, «beren mugekin». Châtelperrondar garaian, berriz, beste moduko xaflak egiten zituzten, «estilizatuak, luzeak eta oso ondo egindakoak». Gainera, kultura bietan puntak egiten zituzten arren, châtelperron-punta da esanguratsuena: «biak alderatuz gero, bigarrena askoz garatuagoa da. Teknikak eraberritu egin ziren, eta bien arteko aldea izugarria da». Eta hori dena zuzenean ikusteko aukera dago Barrikako Aranbaltza aztarnategian, «kultura bietako aztarnak aurki daitezke hemen», azaldu du Joseba Riosek.

Aranbaltza, historiaren erakuslekua

Historiaurreko 65 aztarnategitik gora daude katalogatuta Uribe Kostan, eta horietan Behe Paleolitotik erromatarren garaira arteko aztarnak aurki daitezke. Hala ere, horien denen artean nabarmentzekoa da Barrikako Aranbaltzakoa. 2013an hasi ziren indusketa-lanak inguru horretan, Rios zela beharren buru. Châtelperrondarren zantzuak aurkitu dira bertan, azkenengo neandertalen eta lehenengo gizaki modernoen arteko trantsizio-frogak izan daitezkeenak. Riosek azaldu duenez, Châtelperrondar aldiko aztarnak leize bitan bakarrik agertu dira Hego Euskal Herrian; «Ipar Euskal Herrian aire zabaleko bestelako aztarnategiak ere badaude, baina Iberiar penintsulan, bertokoak eta Kantabriako Morin koba dago, besterik ez». Horrez, gainera, Aranbaltzan aurkitutakoa nabarmendu du, «daukagun erregistroa oso aberatsa da Barrikan». Modu berean, neandertalen okupazio bat berreskuratu da bertan, aire zabaleko kanpamentu bat dirudiena. «Horrelakoak oso gutxitan aurkitu dira. Eurak nola bizi ziren ikusteko aukera ematen digu horrek, nola antolatzen ziren eta zelan bizi ziren haitzuloetan ez zeudenean. Etxolak egiteko ahalmena zuten», adierarzi du arkeologoak.

Châtelperrondar aldiko aztarnez gainera, beste zenbait garaitako zantzuak ere aurkitu dituzte Barrikan. Aranbaltza III izeneko aztarnategian ibili dira aurten lanean, eta adituaren arabera, han aurkitu dituzte bertako elementurik zaharrenak, 100.000 urte ingurukoak. «Zorte handia izan dugu. Bertan baldintza paregabeak daude kontserbaziorako eta egur fosila zein bestelako material organikoa aurkitu dugu». Modu horretan, garai hartako pertsonek zer jaten zuten edo inguruko klima eta natura zelakoa zen jakiteko aukera dagoela argitu du arkeologoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa