Politika  Getxo  Uribe Kosta 2017-11-02 12:20

Etxerat elkartea: "Senide izateagatik, gu ere kondenatu gaituzte"

Iker Rincon Moreno

Euskal preso politikoen senideei laguntzeko Etxerat Lagun kanpaina abiarazi du oraintsu Etxerat elkarteak. Horren inguruan eta beste hainbat kontuei buruz berba egiteko elkarrizketa egin dugu elkarte horretako hainbat kidegaz.

Etxerat elkartea: "Senide izateagatik, gu ere kondenatu gaituzte"
Santi Labeaga, Manu Borrero, Amaia Sinde eta Marga Bravo euskal presoen senideak dira. | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxerat elkarteak Etxerat Lagun kanpaina ipini berri du martxan. Zertan datza kanpaina hori?

Ziklo politiko berrian, euskal gizartearen gehiengo handi batek presorik gabeko gizarte eta benetako bakearen aldeko hautua egiten du, eta bide horretan, ezinbesteko ekarpena egin du EPPK-k barne eztabaida eginez. Guk ere eztabaida horren ondorioak agurtzen ditugu, alegia, espetxeak husteko garaia heldu da. Etxerat elkarteak hausnarketa egin du, gure estatutuek jasotzen duten moduan. Hala, gure senitarteko presoen laguntza juridikoaren eta osasun asistentziaren ardura geure bizkar hartuko dugu zuzenki.

Gura duenak, zelan lagun dezake?

Senideok behar dugun laguntza mota askotarikoa da. Laster hiru hamarkada beteko dira urrunketa politika krudela pairatzen dugunetik. Nahikoa da salbuespeneko politika hau urte batez sufritzea familia oso bat ezegonkortzeko. «Senideei babesa indartzeko unea da» mezudun kanpaina honen helburua ekonomikoa da gehienbat, gure bizkar gainean daramagun zama ekonomikoa itzela da eta laguntza eskatzen dugu zama hori arintzeko. Proposatzen duguna da bakoitzak ahal duen ekarpen ekonomikoa egin dezala, hilean 5 edo 10 euro… horrek asko lagunduko digu zama arintzeko.

Zein da gaur egun Etxerat elkarteak egiten duen lana?

Euskal preso politikoen senitartekoek eta lagunek jasaten dituzten giza eskubideen urraketez informazioa emateko eta urraketa horiek salatzeko lanean ari da Etxerat elkartea. Urruntzearen eragina jasaten duten senitartekoei eta lagunei laguntza eta sostengua eskaintzen diegu. Senideok Etxeraten aurkitzen dugun babesa oso garrantzitsua da, elkarteak errazten digu suertatu zaigun egoera gordina gainditzea. Guk ez dugu aukeratzen senideak izatea, baina ezin da ahaztu gu kondenatu gaituztela euskal preso politikoen senide eta lagunak izateagatik.

Euskal preso politikoen kolektiboak 311 lagun ditu espetxean. Zer-zelako egoera bizi dute gaur egun?

Espetxean urte gehiagoz egoteak ondorio kaltegarriak izan ohi ditu osasun fisikoan eta mentalean, denbora honetan egiaztatu ahal izan denez. Bestalde, guztiz ulertezina eta salagarria da 311 preso politikoetatik bakarrik 2 Euskal Herriko espetxeetan egotea. Beste denak Espainian eta Frantzian daude sakabanatuta. Horrez gainera, Brasilen zein Portugalen beste bi lagun daude espetxeratuta.

Horietatik denetatik, zenbat dira Uribe Kosta eskualdekoak?

Uribe kostan 18 preso politiko dira kolektiboan daudenak, horietako bi frantziar Estatuko espetxeetan daude; gainerako 16ak Espainian. Haiengandik dugun distantzia laburrena 290 kilometrokoa da. Beste 16ak, 560 eta 1.045 kilometro artean daude. Zigor bezala inposatutako bidaia luze hauen gainetik, senideen arteko harremana mantentzen dugu, eta lotura afektiboa eta lagunen arteko erlazioa ere eusten jarraituko dugu.

Kopuru hori apurka-apurka murriztuz doan bitartean, preso gaixo larrien kopurua gora doa. Zer egin beharko litzateke horren aurrean?

Preso gaixoen errealitatea adibide kezkagarriena izan daiteke. Denera, 91 preso dira nolabaiteko gaitza dutenak; horietatik 13k (duela zortzi urte baino bost gehiagok) gaixotasun larriak dituzte. Antzeko baldintzetan beste 8k ez dute nahi beren identitatea jendeak ezagutzea. Aipatu behar dugu denera 19 euskal preso politiko hil direla espetxeetan. Guk legea betetzea baino ez dugu eskatzen kasu hauetan, gure eskubideak zein preso dauden gure senideen eskubideak ez dute kontrapartidarik izan behar.

Presoen dispertsio politikoak ere eraginak ditu senideengan. Duela gutxi, gainera, preso berangoztar baten kideak istripua izan zuen...

Astebururo umeak, adineko senideak, lagun asko errepideetara ateratzen gara inposatutako bidaia egitera eta bidaiak ez dira amaitzen bisita amaitzen denean, etxean bueltan garenean baizik. Astebururo erruleta errusiarra jolastera behartzen gaituzte. Dispertsioaren eraginez 16 senide hil dira errepideetan, eta ehunaka istripu gertatu dira, kalte fisikoak eta materialak tarteko. Guri burura etortzen zaizkigun galderak dira: noiz arte? zergatik? Noren eta zeren mesedetan mantentzen dute mendeku politika hau?

Abenduan presoen dispertsioa salatzeko mobilizazioa deitu dute Parisera. Zer egingo da egun horretan? Zer da horren helburua?

Azaroaren 16tik abenduaren 9ra, Frantziako presondegien itzuli bat antolatu dugu Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek, euskal presoak dauden 20 espetxeetara abiatzeko. Gure asmoa da bertako eragile, hautetsi, prentsa eta hiritarrak interpelatzea, bake prozesua eta presoen egoeraren inguruan. Ondoren, abenduaren 9an Bakegileek mobilizatzeko deialdia egin dute Parisen, «Orain presoak» mezupean. Frantziar Estatuko espetxe politika aldatzea du helburu manifestazioak. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu Hego Euskal Herritik ere inplikatzea, Frantzian presoen askatasunaren alde pausoren bat emanez gero, horrek eragina izango duelako espainiar Estatuan ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa