Milagarren eguna ospatzen dabil gaur HIRUKA.EUS

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 16a, 23:59

HIRUKA.EUS Uribe Kostako atariak 1.000 egun bete ditu gaur. Izan ere, orain dela ia hiru urte, 2015eko urtarrilaren 22an, aurkeztu genuen digital hau, HIRUKA astekariagaz batera. Daborduko 28.850 albiste, argazki-galeria, bideo, audio eta iritzi plazaratu ditu digitalak, beti ere uribekostarron intereseko gaiak landuz. Bide-zati horretan, ia 125.000 lagunok bat egin duzue HIRUKA.EUS digitalagaz. Zorionak eta mila esker denoi!

HIRUKA.EUS uribekostarrei begirako "euskarazko komunikazio-tresna integral, sendo, indartsu, multimedia eta kalitatezkoa" izango zela agindu zuen Hiruka Kooperatibak orain dela 1.000 egun, eta agindutakoa bete egin dela uste dugu. Dena den, egunero proiektua berritzeko asmoa dugunez, datozen hilabeteotan hainbat hobekuntza ekarriko dugu atari honetara. Hala, gertutasuna eta gizarteratzea oinarri, herritar, elkarte, erakunde zein merkatarien komunikazio-beharrak asetzeko tresna egokiena izaten segitu gura dugu, bertokoa eta hurbila, Uribe Kostako herri bakoitzetik egina eta herri bakoitzera bideratua.

HIRUKA.EUS, Fenix hegaztia legez, UK aldizkariaren webgunearen eta Ukberri.net agerkari digitalaren hautsetatik jaio zen, Justuri irrati-egitasmoak lagunduta, hiru komunikazio-euskarritan oinarritutako proiektu berri baten barruan.

Joan diren hiru urteotan, 124.760 pertsonok ipini duzue zuen konfiantza HIRUKA.EUSengan, noiz edo noiz gaurkotasunaren berri gure pantailari adi egonda, izan ordenagailuan, mugikorrean edo tabletan. Hala, 549.640 orri bisitatu dituzue, batez beste bisita bakoitzean minutu bat eta 57 segundo eman duzuela. Google Analytics zerbitzuaren arabera HIRUKA.EUSen sartzen zareten internauton %54,15 gizonezkoa zarete, eta beste %45,85, emakumezkoa. Adinari begira, %27,5 zarete 18 eta 24 urte bitarteko gazteak; %33,5ek dituzue 25 eta 34 urte bitartean; beste %15,5 zabiltzate 35ak eta 44ak bitartean; 45 eta 54 bitarteko zerrenda estuagoa da, irakurleon %12,5 bakarrik baitaukazue adin hori; azkenik, 55-64ko eta 65 urtez gorako multzo bakoitzean internauton %5,50 zabiltzate.

Hizkuntzak

HIRUKA.EUSera sartzen zareten internauten gehiengoa zabala (%74,74) gaztelaniaz daukazue konfiguratuta nabigatzailea. Halere, gogorarazi beharra dago hainbat gailuk aurretik ezarrita dutela hizkuntza hori nabigatzeko, eta beharrezkoa dela kontsumitzailearen jarrera aktiboa hori aldatzeko. Hori esanda, HIRUKA.EUS da tokiko hedabideen artean internauta kontzientziatuen daukan medioetako bat. Gure irakurleen %12,14k aktibatu du webguneetatik euskaraz nabigatzeko aukera. Zalantzarik baduzu zure nabigatzaileak bilatzen duen hizkuntzaren gainean (ez dauka zertan izan behar zuri berba egiten dizun bera), sar zaitez Lehen Hitza webgunean, eta ikusiko duzu. Bestalde, aipagarria da globalizazio-garai honetan %13,12k beste hizkuntza batzuetan nabigatzen duzuela gurean. Horien artean, berbaera nagusia ingelera da, %8,63gaz; ostean, errusiera (%1,58), frantsesa (%0,37), portugesa (%0,06) eta katalana (%0,06) datoz.

Modu berean, HIRUKA.EUSera mundu osotik sartzen dira irakurleak, eskualdeko informazioaren bila. Askotan, kanpoan zaudeten uribekostarrak zarete, eta beste batzuetan, gurean interesa duten kanpotarrak. Bizkaitik heltzen dira bisiten ia bi heren, %65,25. Euskal Herriko beste herrialdeetatik ere gurera sartzen dira hainbat eta hainbat: %8,77. Herrialde Katalanetatik bisitatzen gaituztenak 7,6% dira. Espainiatik, %6,05, eta beste hainbat herrialdetatik, %12,33, tartean Holanda (%0,19), Errusia (%0,16), Irlanda (%0,13) eta Ingalaterra (%0,13).

Erabiltzen dituzuen nabigatzaileei dagokienez, irakurle gehienok (%52,64) Chrome gurago duzue. Firefox nabigatzaile askea erabiltzen duzue %18,41ek eta Safari, %12,98k. Android nabigatzaileek %9,21eko kuota dute, Internet Explorer oraindino erabiltzen duzue %5,09k eta Edge eta Opera, hurrenez hurren %0,49k eta %0,33k gurago duzuenok zarete. Beste aukera batzuk baliatzen dituzue ia ehun irakurleetatik batek.

Sistema eragileei dagokienez, Androidek irabazten dio pultsua Windowsi gurera sartzen zareten internauton artean. %38,39 zarete sakelako sistema erabiltzen dutenak eta %36,45 Bill Gatesena hobesten duzuenok. Urrun daude Appleren sistema biak: %11,03 erabiltzen duzue ordenagailuetarako Mac Os eta %10,77k mugikorretarako iOS. Linux, Chrome OS eta Windows Phone oso atzean daude, %2,37, %0,55 eta %0,29gaz, hurrenez hurren.

Albiste faboritoak

Azken urtean gehien bisitatu diren orrien artean, Sopelako bat da gehien irakurritakoa: “Gabonetako kolonietan izena eman daiteke Sopelan”. 3.063 bisita izan ditu albiste horrek. Bigarrena, Etxerat elkarteko Araitz Hidalgori egindako elkarrizketa da: "Araitz Hidalgo: 'Aita hilean behin ikusteko aukera du Aiurrek'”. Elkarrizketa horrek 1.938 aldiz irakurri dute internautek. Hirugarren albisterik ikusiena, Korrika 19 eskualdetik pasatu zeneko argazki-galeria izan da. 2015eko informazio hori 1.721 irakurleen arreta isiotu du azken urtean.

Komunitatea

Halere, erredakzioan sortutako edukiez gainera, asko eta asko irakurleok osatu duzuen Komunitate ataletik datoz. Gaur egun, 67 kolektibo eta 179 herritarrak dabiltza bertan parte hartzen, nahiz eta gehienek aldiro-aldiro egin. Hala, Komunitatean 23.120 eduki daude. Ukberri.net-en hemeroteka kenduz gero ere, nabarmena da parte-hartzea 1.307 artikulu, bideo, argazki-galeria eta abar argitaratu baitute Uribe Kostako herritarrek. Oraindino ez baduzu egin oraintxe bertan zabal dezakezu zure profila. Goiko eskumako aldean ikus dezakezun "sartu botoia" sakatu eta Komunitateko kide egiteko modu bi topatuko dituzu. Facebook edo Twitter bidez egitea errazagoa da. Facebook edo Twitter kontuagaz sartu gura duzula aukeratu eta, “Saioa hasi” aukeratu ostean, zuzenean kide izango zara. Posta elektronikoaren bidez aukeratuz gero, "Erabiltzaile berria naiz eta izena eman nahi dut" botoiari sakatu beharko diozu. Erabiltzaile izena aukeratu eta zure e-posta kontua sartu beharko duzu, gura duzun pasahitzagaz. Adi! Ez
du zertan emailaren berdina izan behar. Azkenik, zure erabiltzaile-izena eta pasahitza sartu eta
komunitateko kide izango zara. Edozein arazo balitz, telefonoz deitu edo posta elektronikoren bat bidali eta zalantza argitzen ahaleginduko gara.

Sostengua eman eta sariak jaso

Bestalde, jakin badakizu HIRUKA komunikazio-proiektua ez dela bestelakoak bezala. Diru-asmo bako askotariko kooperatiba plurala da HIRUKA, Uribe Kostako herritarrek eta euskalgintzako eta elkartegintzako taldeek osatua. Zuk ere parte har edo lagun dezakezu, gure eskualdean bertoko herri-kazetaritza euskalduna babestu eta indartzeko. Interesa edo zalantzarik baduzu idatzi lasai posta elektroniko honetara: administrazioa@hiruka.eus. Gainera, sari potoloak zozkatuko ditugu gaur bazkide egingo zaretenon artean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun