Sakonean

Suizidioa, isilpeko gaitza

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 20a, 11:15

Askotan, sufrimendua behin-behinekoa da, eta suizidioak eragotz daitezke arreta egokia ipiniz gero.

Suizidioa, buru-hiltzea edo buru-hilketa norberak bere burua gurata hiltzearen ekintza da. Urteko 800.000 pertsona inguruk beren buruaz beste egiten dute munduan, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) 2017ko abuztuan emandako datuen arabera: «munduan suizidio bat egoten da 40 segundoan behin». Gainera, bere buruaz beste egiten ahalegintzen direnak «askoz ere gehiago» direla ohartarazi du erakundeak. Modu berean, hilketa horietako asko prebenitu egin daitezkeela uste dute adituek. Hala ere, horretarako, jendea kontzientziatu beharra dago; eta hori lortzeko, lehenengo eta behin, gizarte osoaren gaitza den horren berri ematea beharrezkoa da.

Heriotza ez naturalen lehenengo kausa izan zen suizidioa 2015ean espainiar Estatuan; urte horretan, auto-istripuetan hildakoen bikoitza izan ziren buru-hiltzeak: 3.602. Horrek esan gura du eguneko 10 buru-hilketa egon zirela, datu ofizialen arabera. Urte horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan, beren beregi, 168 pertsonak egin zuten beren buruaz beste: 128 gizonek eta 40 emakumek, Espainiako INE Estatistika Institutuak emandako datuen arabera (2015ekoak dira azken datuak); hau da, «asteko 3 suizidio».

EHUko Soziologia irakasle eta Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteko presidentea da Cristina Blanco Fernandez de Valderrama, eta berak ohartarazi duenez, «ez genuke esajeratuko zenbateko hori % 10 handiagoa izan zela esango bagenu, ezkutuko suizidioak, zenbatu gabeko hilketak eta ‘galdutako’ datuak kontuan hartuko bagenitu». Hala, datuek azaleratzen dutenez, EAEko suizidio-tasaren batezbestekoa 7,7koa da, 100.000 biztanleko. Ostera, adinaren arabera tasa hori aldakorra dela ohartarazi du Blancok: 15 eta 29 urteen arteko gazteen suizidio-tasa 6,9koa da, 100.000 biztanleko; 30 eta 49 urteen artekoena 9,4koa; 70 urtetik gorakoena, 12,3koa.

Suizidioa: osasun publikoaren arazo larria

Suizidioa osasun publikoaren arazo larria dela dio OMEk: «Fenomeno globala da, munduko herrialde denetan ematen dira buru-hilketak, gizarte aberatsetan zein behartsuetan». Hala ere, buru-hiltzeen zati handi bat eragotz daitekeela baieztatzen du erakundeak; baina, erantzuna eraginkorra izan dadin, «prebentzioko alor anitzeko estrategia integrala» beharrezkoa dela uste dute adituek. Blancok akordura ekarri duenez, suizidio asko behin-behineko arazoei amaiera emateko irtenbideak izaten dira.

Pertsona batek bere buruaz beste egiteko zuzeneko arrazoia norberaren sufrimendua izan ohi da, «min izugarria izan behar du norbaitek, sufritzen jarraitu baino, hiltzea gurago duenean». Ezinegon hori askotariko zergatiek eragin dezakete, berbarako arazo sozialek (langabezia, desjabetzeak, abusuak...), arazo familiarrek (dibortzioak, hiltze traumatikoak familian...), osasun mentaleko arazoek edo barne-eraginek.

Hala ere, askotan sufrimendu jasanezin hori behin-behinekoa izaten dela dio Blancok: «Denborak aurrera egin ahala, jasangarriagoa izan daiteke min hori, eta laguntzaz, aurrera egin ahal izango luke pertsona horrek». Hala, EHUko irakasleak uste du besteen laguntza izateak eragotz ditzakeela mota horretako heriotzak; gainera, laguntzeko, askotariko alorretan jardunez egin daitekeela dio, berbarako osasun mentalean, hezkuntzan, sare sozialetan, lehen mailako arretan, larrialdietan eta komunikabideetan.

Isilean dagoen gaitza

Mundu osoko hedabideek suizidioen gaineko informazioa ematea baztertzen dute askotan, dei-efektua edo Werther Efektuaren beldurrez. Ostera, OMEk uste du hedabideen papera «oso garrantzitsua» dela heriotza horietaz informatzeko eta horiei aurre egiten laguntzeko, betiere, informazioa «modu arduratsuan» emanez gero, sentsazionalismo eta morbo barik, suizidioa «normalizatu» barik eta arazo bati aurre egiteko irtenbide bat balitz bezala aurkeztu barik, besteak beste.

Modu berean, gertaeraren berri hutsa hala egunkari-azalean edo telebista-saio baten hasieran ematea baztertzea gomendatzen dute adituek. Horri denari lotuta, Blancok uste du kasu positiboen berri ematea ere gomendagarria izan daitekeela suizidioen gaitzari aurre egiteko: «errealitate positiboen berri emateak efektu Papagenoa eragin dezake. Hau da, bere buruaz beste egin gura izan baina azkenean egin ez duen eta orain pozik bizi den norbaiten berri ematea eredugarria izan liteke suizidatzeko tendentzia duten pertsona askorentzat». Modu horretan, osasun publikoaren kontrako gaitz hori «iluntasunetik» atera eta mahai-gainean ipini ahal izango litzatekeela uste du soziologoak.

Gizartea kontzientziatzeko beharra

Cristina Blancoren ustez, suizidioen gainean pedagogia egin beharra dago; (jende askok uste duena baino gehiago) arazo hori izan badela azaleratuz, askotariko arrazoiek eraginda ematen direla azalduz eta askotan eragotzi egin daitezkeela jakinaraziz. Izan ere, adierazi duenez, «isiltasunak mina areagotu baino ez du egiten; bai bere buruaz beste egiten ahalegindu den pertsonarengan, bai familiarengan ere, gertaera jazo denean».

Dena dela, bizirik dirauten gizon-emakumeak dolu «sakon» batean daudenak bezala hartu behar direla gomendatzen du adituak, «normaltasunera itzultzeko» denbora behar dutela jakinda. «Gainera, errudunik ez dagoela erakustea beharrezkoa da, edonori gerta dakioke hori; baina, ez da isildu behar. Suizidioa gizarte eta osasun publikoaren fenomeno bat da», ebatzi du Blancok. Horretarako, eskoletan erresilientzia indartzeko ikasketak txertatzeko beharra dagoela dio adituak, baita elkarri laguntzekoak eta lagunen artean alerta-zeinuak antzematekoak ere, «ez da errealitatea ezkutatu behar, ezta isildu ere».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun