Zelan eta zein helburugaz osatu duzue Aidatu Euskal Suizidiologiaren Elkartea?
Buru-hilketei aurre egiteko beharra genuen zenbait pertsona elkartu ginen, suizidioen heriotzak eragotz daitezkeela konbentzituta. Hasiera batean hiru pertsona batu ginen; hirurek zelanbaiteko lotura geneukan arazo horrekiko. Ostean, psikiatra bat nigaz kontaktuan ipini zen suizidioen gaineko berbaldi bat emateko, perspektiba bikoitzetik berba egiteko: soziologiaren ikuspegitik eta bizirik dirauen senidearenetik. Ondoren, buru-hilketen gaineko jardunaldi batzuk egitea pentsatu genuen, eta hala egin genuen hilaren 3an eta 4an. Ideia epe luzerako lana egitea zen; hala, Aidatu osatu genuen.
Zein izango da elkarte horren zeregina?
Batetik, suizidioa gizarte-fenomenoa eta osasun publikoaren arazo bezala ikertzea, horiek etorkizunean prebenitzeko; bestetik, fenomenoa ikusarazi, bere estigmatizazioa murrizte aldera; eta suizidioen prebentziorako eta interbentziorako programen alde lan egitea.
Zelan galaraz daiteke buru-hilketa bat?
Gure helburua da sufrimendu sakon baten eraginez beren buruaz beste egin gura duen jendearengan eragitea. Izan ere, askotan, sufrimendu hori behin-behinekoa da, eta arazo horiei aurre egin dakieke. Hala, arreta espezializatu batez suizidio horiek eragotz daitezke sarritan.
Jendeak pentsatu ohi du suizidio-kasu oso gutxi egon ohi direla, eta egoera pertsonalek eragindakoak direla...
Ez bata, ez bestea. Ideia hori nagusitu da ez delako horretaz berba egiten, eta hori ulergaitza da. Pedagogia egin beharra dago, isiltasunak beren buruaz beste egin gura duten pertsonen eta egin dutenen familien sufrimendua areagotu baino ez duelako egiten. Datuak hor daude, munduan pertsona batek bere buruaz beste egiten du 40 segundoan behin. Bestalde, suizidioa oso pertsonala dela? Ezezkoan nago, kontrakoa dela esango nuke, askotariko zergatiek eraman dezaketelako erabaki hori hartzera. Dena den, suizidioaren benetako zergatia zein den jakin beharra dago; zerk eragiten dion pertsona bati horrenbesteko mina eta sufrimendua bere bizitza kentzera eraman arte. Aurreiritziak daude, baina, ez dago daturik. Gaixotasun bat duten pertsonentzako laguntza badago, zergatik ez zaie suizidatzeko tendentzia duten gizon-emakumeei laguntzen, ahal den heinean?