Leioako Ikasle Mugimendua: "Ikasleen autogestioa sustatzeko okupatu dugu Gurutze Gorriaren eraikina"

Argia.eus 2017ko abe. 15a, 15:38

Leioako Ikasle Mugimenduko hainbat kide campuseko Gurutze Gorriaren eraikinean sartu dira aste honetan. Autogestioa eta burujabetza ardatz izango duen gune bat lortu nahi dute, ikasleen beharrei erantzuteko. "Ez dugu EHUren eskaintzen menpe egon nahi", azaldu dio ARGIAri kide batek. EHUk ateak parez pare itxi dizkietela azpimarratu du, negoziaketei uko eginez. Bideoa: Topatu gazte-proiektu komunikatiboa.

Ikasturte hasieratik ari dira lantzen Gurutze Gorriaren eraikina lortzearen ideia, oinarrizko beharrei erantzuteko. Besteak beste, autogestioaren bidez funtzionatuko duen kopia-denda bat jartzea dute xede: "Jendeak izugarrizko dirutza ordaintzen du fotokopiengatik eta ikasi ahal izateko behar-beharrezkoa den materiala da". Campusak eskaintzen dituen aukera komertzialei ere uko egiten diete eta desjabetzean oinarritutako merkatu batek ikasleen beharrei erantzungo lieketela diote. "'Super ez merkatua'-ren ideia landu nahi dugu: merkatuaren logiketatik kanpo eta desjabetzean bidez produktuak elkarbanatzeko aukera eskainiko dugu". Ideia nagusia, halaber, ikasleen gaitasunetan sinesten duen borroka komunitatea eratzea da, jakintza kolektiboa ardatz hartuta.

EHUren erantzuna argia izan da: ez du ikasleen esku beste eremu bat utziko, "daudenak daude". Ikasle Mugimenduak jakinarazi duenez, EHUk segurtasun eza argudiatzen du Gurutze Gorriaren eraikina gazteen esku ez uzteko. Alternatibak, ordea, jada mahai gainean daudela nabarmendu dute: "Lehen unetik esan diegu gure gain hartzen dugula erantzukizun guztia, beraiei erabateko ardura kenduz. Baina erantzuna beti ezezkoa izan da. Bide orri bat egiten ari gara eraikina konpontzeko: lantaldea osatua dugu eta obra egiteko prest gaude".

Segurtasun indarrekin gatazkak

EHUk ez du negoziatu nahi, ez duelako negoziaketarako arrazoirik ikusten. Hala ere, ura moztu diete eraikinaren barruan eta gertuen dagoen farola "bapatean" itzali dela esan dute gazteek. Eraikinera sartu zirenean liskarrak izan zituzten segurtasun indarrekin, batez ere, materiala sartzea eragotzi zienean. "Lo zakuak eta garbitzeko gauzak sartzea eragotzi ziguten. Oldarkor ere jarri ziren baina azkenean adostasunera iritsi ginen". Ertzaintza ere hurbildu da egunotan eta hainbat gazte identifikatu du. Ikasleek salatu dutenez, "Berria egunkaritik elkarrizketatu nahi gintuzten eta kazetariari identifikatuak izango ez ginela hitz eman bazioten ere, eraikinetik atera bezain laster identifikatu gintuzten". Dena dela, borrokan jarraituko dutela argi utzi nahi izan dute.

Albiste hau Argia.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun