Zelan ikusi zenuen euskal selekzioa Ipuruan, Txekiaren aurkako partidan?
Ondo, alde bietatik ikusita. Kirol-arloan polita izan zen, Txekia arerio indartsua delako: Munduko Txapelketan sailkatzeko lehiatzen dabilen selekzio bat da. Garrantzitsua da horrelako konbinatu baten parean lehiatzea; gainera, haiek ohitura gehiago dute batera jokatzen. Konturatu ginen haiekaz lehiatzeko nor bagarela; azkenean, irabazi genuen, baina beste edozein emaitza gerta zitekeen. Orain badakigu maila horretan gaudela, lehiakorrak garela eta hori ederra da. Beste aldetik, polita izan zen ere partiduak ekarri zuena, Ipuruan jokatzea eta ikusten egon zen jendea. Beti egongo da eztabaidatu gura duena futbol-zelaia beteta ez zegoelako. Zoritxarrez, gure selekzioa ez da ofiziala, ezin du parte hartu lehiaketa ofizialetan. Hortaz, partida lagunartekoa zen eta horrek zaildu zuen jende gehiago erakartzea. Gainera, ez dugu ahaztu behar emakumezkoen futbola dela, ez daukala gizonezkoen futbolak daukan lilura. Izan ere, gizonezkoen futbolak bereganatzen du ia dena; gizonezkoen futbola izan ezik, beste kirol denetan bizirauten dugu ahal dugun moduan. Hori kontuan hartuta, Ipuruan 2.000 lagun baino gehiago izatea oso pertsona-kopuru garrantzitsua da, lagunarteko kirol-ekitaldi bat ikusteko.
Pozik zaude euskal selekzioaren partiduagaz?
Bai, bai. Esperientzia polita izan zen. Selekzioak gainditu zuen, eta nota onagaz, gainera. Egia da denek gehiago gura dugula beti: gustatuko litzaiguke partidua lehiaketa ofizialekoa izan izana; 2.000 beharrean, 8.000 ikusle izatea, Ipuruan sartzen ez direnak; eta abar. Baina argi dagoena da egun eder batez gozatu genuela; nolabait ere, aldarrikatu zen euskal selekzioak lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izan dezan, eta gainera egiaztatu zen hori lortzekotan sasoian dagoela Europako selekzio indartsuenakaz parez pare lehiatzeko.
Zer deritzozu Naiara Beristainen eta Damaris Egurrolaren lanari?
Naiarak partidu osoa jokatu zuen, eta aukera izan zuen minuturik onenak gozatzeko, horrelako partidutan errazenak direnak. Izan ere, halakoetan hasieran irteten den hamaikakoak arauak askoz argiago izaten ditu, baina gero jende askok jokatzen du lagunartekoetan. Aldaketa asko egiten direnean, taldea desegonkortzen da. Gerora sartu ziren jokalarientzat zailagoa izan zen joko-dinamikan sartzea eta kontuak hasieran bezain erraz ateratzea. Biek ekarpen oso handia egin zioten partiduari. Damarisi gehiago egokitu zitzaion zelaiaren gune askotatik pasatzea, aldaketengatik egin genituen bariazioengatik, baina oso ondo ibili zen. Gaztea izan arren eskarmentua hartzen dabil eta apurka-apurka frogatzen dabil daukan kalitatea. Gainera, euskarri bilakatu da jokatzen duen posizioan, ibili den ia edozein taldean.
Uribe Kostako beste izar bat da Garazi Murua. Zelan ikusten duzu bere ibilbidea Athleticen?
Deialdian zegoen, baina ezin izan zen etorri, sukarragaz zebilelako. Pena izan zen, merezi duelako. Damaris eta Garazi Athleticen izan nituen, han entrenatzaile nintzenean. Azken urteotan izan duten eboluzioa oso handia da. Biak egon ziren nigaz Athleticeko B taldean; eta orain lehenengo taldeko titular ukaezin ikusten ditudanean, balio dutena erakusten, harrotasun apur bat sentitzen dut. Badakit parte hartu dudala futbolari gisa izan duten eboluzio eta hazkunde horretan. Izugarri pozten naiz hor daudelako eta hazten segitzen dutelako.
Aintzane Encinas eta Iraia Iturregi teknikoak ere zure aspaldiko ezagunak dira.
Hautatzaile izateko aukera azaldu zidatenean biak izan nituen gogoan, biakaz harreman oso ona dudalako eta maila profesionalean ondo prestatuta daudelako lan horretarako. Gainera, batak lotura handia dauka Realagaz eta besteak Athleticegaz. Hala, ia jokalari denak klub horietakoak izango zirela jakinda, selekzioa osatzeko momentuan garrantzitsua zen harreman zuzena izatea. Ez zen nahikoa nik kanpotik ikusiko nuena, partidatan ikus nezakeen horretan gera nintekeelako, baizik eta jakin beharra genuen jokalariak zein sasoian zeuden. Edozein jokalariren gainean zalantzaren bat izanez gero, Encinasek eta Iturregik bazuten ekarpenak egiteko ahalmena. Hala, jokalari ohi, euskal futbolaren erreferente handi eta profesional legez, erabat prest daude hor egoteko, nire ustez. Gainera, klub bi horietaz dituzten ezagupenengatik are gehiago. Azkenean, egin duten ekarpena izugarria izan da.
Zelan heldu zitzaizun berriro entrenatzeko aukera?
Zuzenean, euskal federazioaren presidenteak deitu egin ninduen. Proposamena egin zidan, azaroan partida izango zela eta ea euskal selekzioaren hautatzailea izatea interesatzen zitzaidan.
Zenbat denbora izan zenuen norgehiagoka antolatzeko?
Hilabete eta erdi, gutxi gorabehera. Erraz samarra izan da, klub baten dinamikagaz alderatuz gero, astez aste lan egin beharra konplexuagoa baita. Selekzioan, hilabete eta erdi izan nuen arerioaren partiduak lokalizatu eta ikusteko. Jokalarien aukeraketa ez zen hain zaila izan; berez egin nuen jokalarien segimendua, emakumezkoen futbola gustatzen zait eta ezagutzen ditut. Konplexutasun handiagoa izan zuen jokoa ikusteak. Izan ere, egun bakarra izan nuen haiekaz egoteko eta entrenatzeko, partiduaren aurretik. Zaila izan zen informazio garrantzitsu dena denbora gutxian transmititzea pasatu barik, ez bainuen gura izan haiek deskolokatzea. Hobe da esatea: honako hauek hautatuta zaudete eta honako hauek jokatuko duzue. Ahalegindu ginen jokatzen euren klubetan ohituta daudenaren antzera eta lau jarraibide besterik ez nizkien eman. Hor lan handia egin genuen: Txekiaren sei partidu genituen eta zazpi edo zortzi minutuko bideo batean laburtu genituen. Saiatu ginen asmatzen zer zen haiek arerioaz ikusi behar zutena, jakin zezaten txekiarrek zelan jokatzen duten, zeintzuk diren euren jokalariak, eta euren jokoaren aurrean guk zelan erantzungo genuen. Oso era laburtuan egin genuen, ez genuelako astirik izan. Beste kontu bat izango zen aste bat izan bagenu. Ondo atera zen egun bategaz, baina bestelakorik ere gerta zitekeen.
Pozik gelditu zara egindako beharragaz?
Bai, lan oso zorrotza egin genuen, eta maitasun handiz, gainera. Asmoa zen prestaketara heltzea behar genuen informazioagaz, ondo lehiatu ahal izateko. Jokalariek jakin zezaten gure ustean jakin behar zutena. Guk askoz informazio gehiago geneukan, jokalarien zerrenda eta taktika-marrazkia argiago planteatu ahal izateko, baina ahaztu barik futbola xake-partida bat bezalakoa dela: ez dago formula zehatz bat asmatzeko. Alternatiba ezberdinak erabiltzen ditugu eta bakoitzak aldeko eta kontrako kontuak dauzka. Hala, ditugun jokalariak kontuan hartuta begiratu diogu alternatiba bakoitzari zelan egokitu zitekeen. Azkenean, zuzenena dirudiena aukeratzen da; askotan asmatzen da, baina beste batzuetan lehia hasi eta bost minutura buruan hatz egiten hastea tokatu zait, "uste dut ederra egin dudala" pentsatuta. Txekiaren egunean, ondo atera zen.
Hainbat urte zeneraman entrenatu barik.
Badira hamar urte lehenengo taldea entrenatu barik, baina uztailean hiru urte beteko dira Athletic utzi nuenetik. Garai hartan, emakumezkoen taldeetako koordinatzailea izateaz gainera, bigarren taldea entrenatzen nenbilen. Hala, buelta ez da hainbesterakoa izan, nahiko mekanizatuta daukat dena. Astez asteko dinamika izan balitz, agian erritmoa hartu beharko nuen, baina hautatzaile-rola betetzeko ondo baliatu dut daukadan mekanika. Nahiko erraza izan da ia hilabete bi izanda. Zailagoa izan zen dena egun batean laburtzea eta itsu-itsuan joatearen sentsazioa, edozein kontu atera zitekeelako partiduan. Ondo atera zen, baina kontrakoa izan zitekeen.
Zure harremana euskal selekzioagaz amaitu da?
Nik dakidala, ez da amaitu. Baina ez dugu gehiago berba egin. Partida hori jokatzeko aukera egon zen eta beste bat egonez gero, jakinaraziko digute. Gurea ez da lehiaketa ofizialetan dagoen selekzio bat. Hala, partiduren bat jokatzeko aukera balego, bai euskal selekzioaren interesagatik, bai beste selekzioren batek eskatuta, esango ligukete. Momentuz ez da jokatuko ezer, epe laburrean.
Zu prest zeundeke?
Momentuz, bertan nago. Ez daukat beste proiekturik epe laburrean, egongo ez naizela pentsatzeko.
Bizkerren 1987an hasi zinenetik, zelan ikusi duzu emakumezkoen futbolak izan duen bilakaera?
Izugarria izan da. Asko daukazunean, hobetzeko aukera oso txikia da, sasoian zaudenean bezala. Baina inoiz ezer izan ez duzunean hobetzeko aukerak itzelak dira. Emakumezkoen futbolean gauza bera gertatzen da. Ni sartu nintzenean, gogoan daukat, Fadurako klub batera heldu nintzen, eta ahal zuten lekuan entrenatzen zuten. Egun batzuetan, areto-futboleko zelaietan, orain padel-pistak dauden lekuan; beste egun batzuetan, frontoien atzean dagoen zelaian, orain belar artifizialekoa dena, baina orduan lurrezkoa zena; eta batzuetan, Fadurako lorategietan. Baldintza horietan ziren entrenamenduak. Taldera egun batzuetan 10 jokalari agertzen ziren, beste batzuetan 12, ez zegoen lan-dinamika egiteko aukerarik, egunez egun 18 edo 20 jokalariakaz. Dinamika jokalarien ikasketen eta lanaren araberakoa zen. Zaila zen. Lehiaketa bakarra zen Bizkaian, zortzi talde seniorrek jokatzen zutena. Ez zegoen emakumezkoen futbol-talde gehiagorik herrialdean. Ez zegoen gazte-mailarik, kadeterik, haurrik... Gaur egun emakumezkoen futbolean Bizkaian dagoen egitura sortzeke zegoen. Bakarrik ziren zortzi talde haietan parte hartzen zuten emakumeak. Emakume gehiagorik ez zegoen futbolean jolasteko. Orain, ostera, jokalari profesionalak daude, Athleticen legez, eta hainbat talde bigarren mailan eta lurralde-, gazte-, kadete-, ume- eta kimu-kategorietan. Bizkaiko hainbat klub garrantzitsuk dute eskola-egitura, Bizkerrek legez; entrenatzen duten instalazioek ez dute zerikusirik antzinakoakaz; emakume piloa dago entrenamenduetan; baliabideak dituzte; teknikariak prestatuta eta kualifikatuta daude... Dena aldatu da.
Zelan sartu zinen emakumezkoen futbolean?
Ni sartu nintzen nire arreba laguntzeko; ez Tzibi, geroago Athleticen jokatu zuena, beste bat baizik. Kontua da ez zeukatela entrenatzailerik eta hasi nintzen hara joaten laguntzera, 19 urte nituela. Orduan ez neukan titulurik eta egiten nuen nire entrenatzaileek nigaz egiten zutena, garai hartan nik ere jokatzen bainuen. Kopiatu eta moldatu egiten nuen, baina inolako oinarririk izan barik. Apurka-apurka sartu nintzen historia hartan eta gustua hartu nion. Bitartean, nire burua formatzeari ekin nion eta hobetzeko bidea hartu nuen. Nire kirol-bizitza hazi da emakumezkoen futbolagaz, paraleloan. Hasieran, ez nengoen batere jantzia eta gaur egun, jakina, askoz prestatuago nago. Inoiz ezin da nahiko prestatua zaudela esan, gero eta gehiago jakin, orduan eta zabalagoa baita ez dakizunaren tamaina. Bizkerren nengoela, beheak eta goiak irentsi behar nituen dena nekiela uste nuelako eta orain, ia 50 urtegaz, konturatu naiz ezagutu beharra amaigabea dela. Horrek aukera ematen du talde baten aurrean azaltzeko zeintzuk diren nire ustean kontu garrantzitsuak, jokalariak hazi ahal izateko, azkenean hori baita garrantzitsuena. Tituluak irabazi dituzunean ematen du garrantzi gutxiago dutela, daborduko badituzulako. Aldiz, kirol-esperientzia baten ekarpenik handiena da zugaz egon diren pertsonek zu aintzat hartzea, transmititzen ahalegindu zaren balioak aitortzea edo hazi direna zugaz partekatzea. Titulu bat edo bi irabaztea polita da, momentuan gozatzen duzu, baina hor geratzen da. Aldiz, askoz gehiago gozatu dut pertsonaren batek aitortu didanean bere entrenatzaile izatea eskertu duela eta niri esker hainbat kontu ikasi duela. Niretzat hori da egon daitekeen ohorerik handiena.
Zelan dator etorkizuna?
Emakumezkoen futbolaren alde apustu egitea apustu ziurra da. Arlo osoa hazten dabil: gero eta jarraipen handiagoa egiten zaio, jokalariek gero eta baldintza hobeak dituzte eta espero dut dinamika horretan segitzea. Emakumezkoen futbola gustatzen zaigunoi, tren horretara igo garenekoei, gustatu litzaiguke azkarrago ibiltzea, baina trenak aurrera egiten duela ikusten dugun bitartean ez gara hainbeste kezkatuko abiaduragatik. Halere, ahaleginduko gara bultzatzen, arinago joateko. Uste dut nabaria dela gero eta hobeto daudela; ea hemendik urte batzuetara gogoratzen dugun garai hau antzinako baldintzak balira moduan. Horregaz ez dut esaten gizonezkoen kirolaren pare ipini beharra dagoenik. Izan ere, alde batetik konparatu egin beharra dago, ezberdintasuna islatzeko, eta jendeak apustu egin dezan garrantzitsua irizten diogun emakumezkoen arlo horregatik, baina beste aldetik ez dauka zentzurik gizonezkoen futbola heldu den egoeraraino ailegatzea.
Zergatik diozu hori?
Gehiegizkoak iruditzen zaizkidalako hainbat jokalariengatik ordaintzen diren diru-kopuruak; merkatua da, dagoen moduan dago eta horrela dabil kontu hori. Baina, aukera hori dutenek baino ez dute gozatuko; nire ustean, lekuz kanpo dago. Gizarte batean gaude non pertsona batek ez dakit zenbat milioi euro urteko irabaz dezakeena. Zantarkeria deritzot. Emakumezkoen futbolean ere ez dut gura. Helduko bada, hel dadila, baina... Bai gustatuko litzaidakeena da jokalari profesionalek horretaz bizi ahal izatea, eta ez nabil egunean bizitzeaz eta kirol-etapa amaitzeaz bizitza beste nonbaiten bilatu behar izateaz, baizik eta kirolaz bizi ahal izateaz. Jakina, horregaz batera gura dut emakumezko futbolaren egitura denak gero eta indar handiagoa izatea, gero eta hobeto lan egitea, bitarteko gehiagogaz, eta gizonezkoen futbolera hurreratzea. Emakume futbolariek merezi dute.