Agate Deuna koplak eta makila-kolpeak entzunbide

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 3a, 12:00

Kale eta plazetara irten dira Euskal Herri osoan ehunka emakume eta gizon, domeka honetan, otsailaren 4an. Eta Uribe Kosta ez da salbuespena izan. Asko izan dira baserritarrez jantzita eta egurrezko makila eskuan kantari ibili direnak.

Ahots finak eta lirainak izan dira batzuk; ez hain gozoak besteak. Baina denak ibili dira lurra iratzarri guran, Agate Deunaren bezperan. Kontuak hala, lehiaketari edo hitzartutako dietari jarraituz abestu dute hainbat herritan, berbarako Sopelan, Getxon eta Leioan. Gainerako herrietan abestaldeak euren kasa ibili dira kalez kale.

Hainbat hitzordu

Barrika

Udaletxeko plazatik abiatu dira 09:00etan abestaldeak.

Erandio

Astrabuduko kaleetan abestu dute Trabudu Dantzari Taldeko kideek, 18:00etatik aurrera; Mendibaiarte abesbatza 19:30ean izan da, Altzagan.

Getxo

Helduen abesbatzak eta talde mistoak (helduak eta umeak) 11:00etatik 15:00etara arte jardun dira. Ohikoa den legez, bi gunetan abestu dute (Getxo-Algorta eta Itzubaltzeta/Romo-Areeta) eta, 14:00etan, batera jardun dute Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan. 

Gorliz

Egun osoan, Agate Deunari kantari ibili da Lirain abesbatza.

Leioa

Besteak beste, bost jarduketa gune jarri dituzte: Lamiako, Pinueta-Ibaiondo, erdigunea, San Bartolome-Artatzagana eta Kandelazubieta-Udondo. Umeen taldeek 13:00etan abestu dute, Ikea Barri plazan; eta helduen taldeek, 14:00etan, Euskal Etxeen plazan.

Plentzia

Guraso Elkarteak eta herritarrek antolatuta, Ontziola plazatik abiatu dira, 17:30ean.

Sopela

Sopelako Udalak ere kalez kale kantuan ibiltzera deitu ditu herri­tarrak ohitura zahar hori gal ez dadin. Aurten, bigarrenez, lehiaketa izan da. Taldeek halabeharrez agertu beharko dute ondoko lekuetan: Urgitxieta pla­za, 12:00etan; udaletxeko plaza, 18:00etan; eta ondorengo tabernetan: Laiak, La Kala, Urbaso, Setien, Zeñe, eta Irubide.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun