Olga Cruz ile-apaintzaileagaz eta Ainhoa Eskisabel makillatzaileagaz batera, Gorka Aguirreri eman zioten makillaje eta ile-apainketa onenaren Goya saria, "Handia" filmean egindako lanagatik. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filmak hamar "buruhandi" eskuratu zituen. Efektu berezien makillajeari dagokionez, garaikurra bere neska-laguna eta lankidea den Agar Martínez de la Hidalga gorliztarrarena ere badela aldarrikatu du algortarrak, hasiera-hasieratik. Izan ere, Itzubaltzeta/Romon daukaten tailerrean, ez du batak besteak baino behar handiagoa egiten; erdibana egiten dute dena.
Zer sentitu zenuten irabazlea Handia zela entzuterakoan?
AGAR MARTÍNEZ DE LA HIDALGA GÓMEZ: Nik ezusteko ederra hartu nuen; hunkitu egin nintzen.
GORKA AGUIRRE SERRANO: Egia esan, hamar kategoriatan entzun ahal izan genuen aukeratutako lau pelikulen artean "Handia" zela irabazlea. Sekulako zirrara sortu zuen horrek pelikulako lankideen artean. Makillaje onenaren saria banatu zutenean, ikaragarria izan zen. Momentu horretan, Goya saria jasotzeko eskailerak jaisten egon arren, benetakoa ez dela uste duzu, bertan egongo ez bazina sentitzen zarelako. Oso urduri nengoen.
Ibilbide luzean egindako esfortzuaren saritzat har daiteke garaikurra jasotzea?
G.A.: Bai, zelan ez. Hala ere, gure ibilbide profesionala ez da Goya ematen dizutenean amaitzen. Are gehiago; egun horretatik aurrera egin beharko dituzun esfortzua eta ahaleginak handiagoak dira. Izan ere, nire ustez, efektu berezien makillatzaile baten ibilbide profesionala hiltzen denean amaitzen da. Bizirik zauden bitartean, uneoro egoten zara erronka berriak zure gain hartzen; ezin duzu esan "Goya irabazi dut, gorenera iritsi naiz". Zeure burua beti dago erronka berrien bila; gure kasuan, behintzat, horrela da.
Goya saria irabaztea ez da gutxi. Nazioarte-mailan ere garaikurrak irabazi gura zenituzkete?
A.M.: Bai noski!
G.A.: Egiten duzun lanaz pozik egotea da bizitzan irabaz dezakezun saririk handiena, baina sariak beti dira ondo hartuak.
Gorka, sarirako hautagaia zu izan arren, errodajean Agarrek egin zuen lanik handiena, ezta?
G.A.: Nik arantza txiki bat neukan gai horrekin. Arazoa da horrelako sarietako hautagaitzat pertsona bakarra aukeratzen dutela, nahiz eta lantokian bi izan eta beharra erdibana egin. Aurtengo galan zinemagintzan emakumeek leku gehiago izan behar duela aldarrikatu dute; hala ere, guri dagokigunez, elkarrizketetan baztertu egin dute Agar, besteak beste. Emakumeen afera alde batera utzita, Mariano Garcíari gauza bera gertatu zitzaion.
A.M.: Bai. Drama FX enpresan lan egiten du Jon Serranogaz.
G.A.: Jon ipini zuten hautagai eta Mariano ez zuten aipatu ere egin, enpresa biena izan eta bakoitzak lanaren erdia egin arren. David Herasegaz batera, Serranok irabazi zuen efektu berezien saria, Handia pelikulagatik.
Emakumea baztertua izaten da zineman?
A.M.: Neurri batean horrela da; gure lan-esparruari dagokionez, efektu bereziak gizonek egiten duten zerbait dela pentsatzen dute askok.
G.A.: Badirudi emakumeak zinemagintzaren piramidearen mailarik altuenetan egon beharko liratekeela bakarrik: esaterako, filmen zuzendari-lanetan. Nik ez dut hori baztertzen; baina teknikoagoak diren lanetan ere emakumeek lekua daukatela aldarrikatu beharko lukete. Inork ez ditu aipatzen andre elektrikariak edo efektu berezietan lan egiten dutenak. Eta ez dira gutxi.
A.M.: Gainera, lan bikaina egiten dute.
G.A.: Horren garrantzitsuak ez ei diren arlo horiez ez dute ezer esaten; Goya sarien gala, gehienbat, aktoreentzat eta zuzendarientzat da.
Makillajeko efektu bereziek euren Goya saria izan beharko luketela uste duzue?
G.A.: Bai. Makillajetik eta ile-apainketatik harago doazen lanak egiten ditugu guk; makinak eta moldeak erabiltzen ditugu gure tailerrean.
A.M.: Berez, Eduardo Casanovaren "Pieles" zen gure lehiakide nagusia, Goya sarietan. Ileordeak eta garaiko makillajea erabili zituzten haiek; guk bestelako gauzak egiten ditugu.
Zelan lortu zenuten Eneko Sagardoy 2,42 metroko erraldoi bihurtzea?
G.A.: Batetik, belarriak eta hortzak banantzeko eta masaila handiago egiteko protesiak egin genituen. Horrez gainera, gorputzaren morfologia osoa aldatzen duen jantzia ipini genion: ukondoek, belaunek eta gorputzeko adarrek handiagoak ziruditen. Azkenik, besoetarako luzagailuak eta akuilu-makuiluak ipini genizkion.
Odola eta erraiak dira zuen lanaren beste atal bat. Nondik datorkizue horrekiko zaletasuna?
G.A.: Beldurrezko filmak ikusten zaletzen hasi nintzen: 70eko, 80ko eta 90eko Italiako splatter zinema-estiloko pelikulak gustuko nituen; heavy metala eta odola nagusi ziren horietan. Efektu berezietako teknikariek fikzioaren magoak ziruditen: odola eta erraiak prestatzen zituzten, eta kamera trukatuz benetakoak bailiran agertzen ziren pantailetan.
A.M.: Egia esan behar badizut, niri betidanik gustatu izan zaizkit zauriak eta odola; txikitatik datorkidan gauza da. Jolasten geundela, etxean hartzen genituen kolpeak; urraduraren bat egitea edo azazkalen bat puskatzea eguneroko ogia ziren. Ebakuntza bat edo beste ere egin diete etxekoei.
Odolak eta erraiek baino beldur handiagoa ematen dizue Goya sarien galak?
G.A.: Kar, kar. Trajea janzteak, sariaren bila jaitsi behar izateak eta jende guztiaren aurrean berba egiteak edozein pelikulak baino beldur handiagoa ematen dit, bai. Oso urduri nengoen garaikurra hartzera joan nintzenean. Hala ere, atrilaren aurrera heldu eta eskerrak nori eman behar nizkion oso argi ikusi nuen: Handia filmeko kideei, Agarri eta nire amari.
Zelan ikasi duzue gaur egun zuen ogibidea dena?
G.A.: Gaztea nintzenean ez zegoen gaur egiten dakiguna ikasteko lekurik, ezta ikastarorik ere; Internetik ere ez geneukan. "Fangoria" aldizkariagaz hasi nintzen efektu bereziak zelakoak ziren ikusten. Argazkien bidez, arlo horretako teknikariek egiten zuten lana ikus zitekeen: esaterako, argizarizko beso bat zelan urtzen zuten, bero-kanoia eta tutuak sartuz. Filma ikusten zenuenean, besoa benetan urtu egiten zela ematen zuen.
Teknologia berriek baztertu egin dituzte horrelako lanak?
A.M.: Neurri batean galdu egin dira, baina teknikak uztartu ere egiten dira.
G.A.: Adibidez, Handia pelikulan buruan emandako tiro bat irudikatu genuen: odola botatzen duen blood tubing izeneko bat edo zulodun buru faltsu bat egin beharrean, berdez pintatu genuen eta, efektu digitalen sailean, mapatu egin zuten eta zegokion kolorea ipini zioten.
Agar, zuk zelan ikasi zenuen?
A.M.: Gorka izan nuen irakasle; Gernika filmean elkarrekin lan egiteko deitu zidan, eta ordutik, batera gaude. Bikotekideak izateaz gain, lankideak gara.
G.A.: Hala ere, makillaje-ikasketak egin zenituen.
A.M.: Egia da. Bilboko operan ere lan egin nuen.
Gorka, zer iritzi zeukaten gurasoek odolarekiko zure zaletasunaz?
G.A.: Algortako Sarrikobaso kalean bizi nintzenean, oso ezaguna nintzen auzoan; zauri faltsuak ipini eta kalera irteten nintzen, jendearengan zer eragin zeukaten ikusteko asmoz, izan ere ondo eginda zeuden. Gurasoek burutik jota nengoela uste zuten; berriketaldia ere eman zidaten. Garai hartan ez ziren makillajeko efektu bereziak ondo ezagutzen eta... Eraztunen jauna eta halako pelikulak oso baliagarriak izan dira guk egiten dugun lana ezagutzera emateko.
Zer aholku emango zeniokete lan honetan jardun gura duen gazte bati?
A.M.: Lan egiteari ez uztea oso garrantzitsua da. G.A.: Horrela da, beti dago egiteko zer edo zer. Denbora handia eskaini behar zaion ogibidea da hau.
A.M.: Gainera, egunero ikasten da zer edo zer berria.
G.A.: Azkenik, lan hau gustukoa izatea funtsezkoa da.