Maite Arraiza: "Duatloia prestatzeko, korrikan sei saio egiten ditut astean"

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 16a, 17:13
Maite Arraiza bizikletaren gainean, artxiboko irudian. © BAXURDE TXIKI TRIATLOI-TALDEA

Sopelako Duatloia egingo du Hirubi Triatloi Sopela taldeak, zapatu honetan. Kirolariek 7,9 kilometro bete beharko dituzte korrikan eta beste 20 bizikletaz. Halako proba bat zelan prestatzen den azaldu du Maite Arraiza atletak.

Zapatu honetan ehunka atleta lehiatuko dira Sopelako Duatloia irabazteko. Irteera, helmuga eta trantsizio-gunea edo boxak Sopelako udaletxe aurrean egongo dira, Antonio Aretxabaleta plazan. Duatloia 16:15ean hasiko da handik, emakumezkoen saioagaz; ordu laurden bat beranduago aterako dira gizonezkoak. Proba esprint kategoriakoa denez, batzuek zein besteek, denera 260 atletak, korrikan 5,2 kilometro bete beharko dituzte; ondoren, hogei kilometroan bizikletaz jardungo dute; eta, amaitzeko, helmugako marrara heldu aurretik, azken 2,5 kilometroko lasterketari oinez aurre egin beharko diote.

Maite Arraiza atleta getxoztarrak (Donostia, 1987) Sopelako Duatloia irabazi zuen 2016an. Aurten, ordea, Arraiza ez da Sopelan izango, Espainiako txapelketetarako sailkatze-proba bategaz bat egingo duelako bertokoak. Halere, Arraizak zapatukoa bezalako esprint-duatloi bat prestatzeko hainbat aholku erabilgarri eman dizkie HIRUKAko irakurle kirolzaleei. Izan ere, Euskal Herrian egiten diren "gehienak esprint distantziakoak izaten dira", gogorarazi du atletak.

Berez, hainbat espezialitatetako kirolarik parte hartzen dute, azaldu du getxoztarrak: "Triatloian dabiltzan kirolarietako askok duatloiak egiten dituzte neguan; duatloia bakarrik egiten duen jende askorik ez dago. Aparte daude atletismotik datozenak; ni atletismotik nator, eta bizikleta ere egiten dut. Triatloian, ez naiz hain trebea". Igeriketagaz osatzen dira triatloiak, txirrindularitza eta korrikagaz batera.

Duatloia entrenatzeko, bizikleta- eta korrika-saioak "aparte eta batzuetan batera ere" egitea gomendatu du Arraizak. Horrelakoetan, "lehenengo bizikleta-saioa egiten dut eta segidan ateratzen naiz korrika egitera", azaldu du. Entrenamendu larregi egiteagaz kontuz ibiltzeko aholkatu du: "Triatloi-munduan badelako gehiegi entrenatzen duenik ere, ematen du bi edo hiru kirol direnez, bikoitza entrenatu behar dutela, eta berez ez da horrela". Hala, "nik, jende normalak legez, korrikan sei saio egiten ditut astean", egun bat libre utzita. Entrenatzen dituen egunetan, Arraizak "ordu bira, baina lan kontuengatik bizikleta saio bat egin ahal badut kalean, orduan luzatzen naiz eta lau ordura hel naiteke. Halere, neguan lanean gaudenok agian ez dugu izaten aukera bizikletaz kalera ateratzeko. Izan ere, gutxienez ordu bi behar ditut bizikletaren gainean. Halakoetan arrabolean egiten dut saioa, ordubetekoa". Edozein kasutan, duatloi-entrenamendu batean "ordu bi gutxienez egin beharrekoa da", nabarmendu du.

Sopelakoa, denboraldiko lehenengo duatloia

Denboraldia hurreratzean, "neguan, denboraldi-aurrekoan, korrika egiteko nahiko lasterketa izaten dela aprobetxatzen dut. Gero bizikletan gehiago ibiltzen joaten naiz eta konbinatu egiten ditut", azaldu du Arraizak. Duatloi baten aurreko astea, baina, berezia da: "Aurreko aste-akabuan egiten dut kalitatezko azken entrenamendu luzea, eta Sopelako kasuan, zapatuan izanik, martitzenera edo eguaztenera arte kalitatezko beste entrenamendu labur bat egingo nuke, korrikan eta bizikletan. Eguenean atsedena hartuko nuke eta barikuan apur bat besterik ez: korrikan 30 minutu edo bizikletan ordubete, gorputza aktibatzeko".

Egunean bertan ere, ezberdina da prestaketa. "Sopelako duatloia arrastian da, ordu oso onean, 16:00etan. Niri gustatzen zait goizean hogei minutuz korrika ibiltzea gorputza mugitzeko, ordu horietan oraindino apur bat lo zaudelako". Bestalde, bazkariaren eta probaren artean tarte zabala gomendatu du getxoztarrak: "Proba 16:00etan izanda, 12:00etan bazkaldu beharko nuke. Apur bat lehenago gosaldu, nire hogei minutuko entrenamendua egin eta eguerdian arroza edo horrelako zer edo zer jango nuke".

Larregi ez entrenatzea gomendatu duen legez, Arraizak ohartarazi du lehiaketa-mailako lasterketak egitea ez dela komenigarria aurretik prestaketa bat egin ez duen jendearentzat: "Badira beste proba batzuk, herrikoiagoak eta motzagoak, jendea hasi ahal izateko. Hortik abiatzea hobe da. Hasiberri batek ez du zertan helburu gisa ipini lasterketa bat. Helburuak epe luzean jartzea gomendatzen dut".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun