Bizkerrera etorri zinenetik urte bi pasatu dira. Zer iritzi daukazu ibilbide horretaz?
Lagun batengatik etorri nintzen. Koreatik heldu eta gero ez neukan asmorik entrenatzeko, baina futbola odolean daroat eta hau atera zitzaidan; etorri nintzen, poz-pozik gainera. Iaz Jon Elorzagaz egon nintzen, bigarren entrenatzaile, eta oso gustura egon nintzen. Pena izan zen igoera ez lortzea, baina aurten hor gaude, buruan. Zortzi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko; ikusiko dugu zer gertatzen den amaieran, baina pozik nago.
Denboraldiaren heren bi pasatuta lortu duzue lidergoa. Arratiak asko sufriarazi dizue?
Bai, Arratiak eta Tolosak ere bai, biak egon dira buruan. Arratia gu bezala ibili da hamar jardunaldi, denak batera irabazten ibili gara; hori buruarentzat oso zaila da, baina hor gaude. Puntu biko abantaila daukagu bakarrik, baina ikusi egin behar. Arratiak etorri behar du hona jokatzera, aste bi barru.
Arratiaren aurka zer moduko partidua espero duzu?
Zaila izango da, gogorra; lehia handia egongo da. Haiek oso gogorrak dira baloia geldi dagoenean. Gu, agian, hobeak gara baloia oinetan izanda. Partidua gurera bideratzen ahaleginduko gara. 90. minuturaino lehiatu beharko dugu, ez da hamabost edo hogei minutuan erabakiko. Gogorra izango da. Buruan daukadan partidua hori izango da. Saiatuko gara baloia guk edukitzen eta, daukagunean, ea golen bat sartzen dugun!
Sinatuko zenuke joaneko emaitza, berdinketa?
Leioako Emakumeak taldearen aurkakoa irabaziz gero, bai! Baina ikusi behar dugu zelan ailegatuko garen Arratiaren kontrakora. Horrela heltzekotan, guretzat ona litzateke berdinketa; baina, sinatu? Ez. Irten beharra daukagu partidu denetan legez, irabaztera. Partiduak esango du ea irabazi behar dugun ala ez.
Orain arte zuen garaipenen giltzetako bat izan da oso gol gutxi sartu dizuetela. Beren-beregi prestatu duzue hori?
Ez, joan den urtean legez. Iaz hamabost gol sartu zizkiguten, aurten hamalau daroatzagu. Entrenamenduetan alde bietara trantsizio onak egitea lantzen dugu, baina uste dut goian presioa oso ondo egiten dugula. Aurkari gehienak hor daude ipurdia ipinita eta oso zaila da bizkor ateratzea, eta gure trantsizioa ere azkarra denez, ondo jorratzen dugu hori. Badauzkagu pauta batzuk ipinita hori horrela egiteko, baina partiduan norbaitek zer edo zer txarto eginez gero, arerioak horra doaz eta lekuren bat badaukate gola sartzeko, sartuko digute.
Euskal selekzioaren partiduak izan ziren aurrekoan. 16 urtez azpikoan Bizkerreko hiru jokalari izan ziren. Zuen joko onaren erakuslea da hori?
Bai. Hemen asko lantzen da harrobia. Horregaz batera, traba bat daukagu, gogorra: Athleticekoak gara, eta jokalariak hara igotzeak apurtzen gaitu. Normalean, onenak joaten dira Athleticera eta hortik pausotxo bat beherago daudenak igotzen dira lehenengo taldera. Berbarako aurten Sarai, kadete mailakoa, 16 urtekoa, hasi da denboraldi-aurrekoa egiten. Ez genekien geratuko zen ala ez, baina badabil gugaz entrenatzen, hiru egunetik bi, bestean Lezaman egon delako. Harrobia ondo lantzeak fruituak ematen ditu. Talde oso gaztea daukagu, 20-21 urtekoa. Ez da erraza hor egotea egun denetan urte horiek izanda, baina gustura etortzen dira entrenatzera. Gainera, talde denak dabiltza gogoz, ez bakarrik seniorra. Hori garrantzitsua da: futbola gustatzen zaie eta horregatik datoz. Pozik nago neskakaz, egiten duten ahaleginagatik: ia denak etortzen dira egunero entrenatzera.
Denboraldi-amaieran, oraingoan bai igoera?
Ea. Ahaleginduko gara. Bigarren Maila hor dago, pausotxo bat hurbilago gaude, baina neskei eta denei esaten diet, neure buruari ere bai… zortzi jardunaldi geratzen direla, heren bat; aurkari gogorren aurka jokatu behar ditugu jardunaldi hauek… Oxala! Bizkerreren saiakera hori da: Bigarren Maila da topea. Igoz gero, festa egingo dugu, baina oraindino asko geratzen da, Aste Santuaren ostean ikusiko dugu, handik aurrera hiru jardunaldi geratuko direlako. Ea nola helduko garen haraino. Ikusiko dugu.
Lantaldean eta hobetzerik duzue?
Pozik nago neskakaz, egiten duten ahaleginagatik: etortzen dira egun denetan ia guztiak entrenatzera. 22 gara eta normalean 20 edo 21 daude egun denetan. Hori izugarria da. Ez da ohikoa izatea hainbeste jendea entrenatzen. Zelai hobea izan liteke, gustatuko litzaiguke osoa izatea, baina erdia daukagu. Baina orokorrean oso pozik nago.
Korean eta Kuwaiten trebatzaile izandakoa
Orain dela urte bi joan zen Borja Celaya Txapis Koreara, "bat-batean" suertatu zitzaion aukera baliatuta. Cho Wang Rae eskolan jardun zuen, metodologia irakasten. "Ez nuen sekula pentsatu futbolagatik atzerrira joango nintzenik", dio. "Gustura hartu nuen, esperientzia itzela izan zen". Hala, joan den udan Kuwaiten egin zuen lan. "Hobby bat dela esan ohi dugu baina odolean eroaten dugu", azaldu du gorliztarrak.